Euskal Herriko kultura musikala begi bistan dago, beste gauza askoren artean, kontuan hartzen badugu historia luzeko orkestra bat dugula, Bilbao Orkestra SInfonikoa hain zuzen ere. 1922an eman zuen bere lehen kontzertua, Arriaga Antzokian, eta ordutik gaur arte munduan barrena aritu da, zuzendari ospetsuen batutapean eta punta-puntako bakarlariekin: Arthur Rubinstein piano jotzaile legendazkotik hasita, Mstislav Rostropovitx, Ivo Pogorelitx, Alfredo Kraus, Luciano Pavarotti… izar guztiak pasa dira BOSen iragazkitik. Urtez urte egitarau interesgarri eta ongi pentsatuak eskaintzen dizkigu, eta aurtengoa ez da salbuespena izango: 17 proposamen aurkituko ditugu, batzuk estandarrak, beste batzuk ausartagoak, bai eskaintzen den programarengatik, bai aukeratutako bakarlariengatik ere.
Errepaso txiki bat emanez, pianozaleok gozatu egingo dugu piano eta orkestrarako hainbat obrarekin: Rachmaninov-en Paganiniren gai baten gaineko Rapsodia, hain erromantiko eta zinematografikoa; Ravelen Sol maiorreko piano eta orkestrarako kontzertua, elektrizatzailea; Beethovenen 3. Kontzertua, Mozart ukitua duena, edo Liszten 1. Kontzertua, sutsua; denak ere, behin eta berriro entzuten diren obra horietakoak. Lan sinfoniko garrantzitsuak ere entzun ahal izango ditugu: lehenengo saioan Mahlerren Titan izeneko 1. Sinfonia handia baldin badugu, hurrengo kontzertuetan, besteak beste, honakoak entzuteko aukera izango dugu: Brahmsen 1. Sinfonia, do minorrekoa, op. 68, Txaikovskiren Biolin eta orkestrarako kontzertua, liluragarria, edo Schumannen 2. Sinfonia, do maiorrekoa.
Baina BOSek ahalegina egiten du hain “errazak” ez diren lanak eskaintzeko ere. Estreinaldiak izango ditugu, hala nola M.E. Luc-en Hu; baita azken belaunaldiko konpositoreen lanak ere; honen adibidea da Huang Ruo gazte txinatarraren Announcement; mundu klasikotik aterako gara jazz giroetan sartzeko Jazz gaua izeneko saioan, Kurt Elling abeslariarekin, eta miniziklo tematiko batek, Enigmak eta legendak izenekoak, fantasiazko mundura eramango gaitu, Guridi, Elgar, Grieg edo Richard Strauss-en partiturekin. Beraz, kalitatea eta imajinazioa publikoa erakartzeko. Ez dugu galduko.
Alokairuen bidezko espekulazioa oztopatzeko neurria azaroaren 25etik goiti izanen da indarrean Ipar Euskal Herrian. Momentuko, tentsiopean diren Lapurdiko 24 herriei eraginen die: Ahetze, Angelu, Arbona, Arrangoitze, Azkaine, Basusarri, Baiona, Biarritz, Bidarte, Biriatu,... [+]