Bai, laneko prekarietateak, gainean dugun kapitalismo basatiaren bultzadaz, hil egiten du. Euskal errealitateak beste behin erakutsi digu hori. Abuztuko azkeneko eta iraileko aurreneko lehen egunetan bost langilek galdu dute bizia, hiruk eraikuntzan. Urtean zehar 30 dira hildako langileak. Hori da sinetsarazi nahi diguten berreskuratze ekonomikoa, langileen eta beren familien sufrimenduan eta heriotzan oinarritua. Administrazioak dio hildakoak asko murriztu direla. Baina ezkutatzen dutena hauxe da: egiatan murriztu dena aktibitate ekonomikoa dela eta ondorioz lan istripu gutxiago dagoela. Hildakoak tarteko adineko pertsonak izan ohi dira, immigranteak eta beste enpresa batek azpikontratatuak.
Joan den astean Euskal Herriko sindikatu eta eragileen protestak egin dituzte. Lan prekarietatea salatu dute, azpikontratatzeak, hildakoak eragiten dituzten murrizketa sozialak, segurtasunean nahikoa inbertitzen ez duen Patronalaren jarrera, administrazioen pasibotasun konplizea, eta abar. Hori guztia ondo dago. Baina bi gai nabarmendu behar dira: Sindikatuek eta enpresa batzordeek ez lukete mugatu behar lan istripua gertatzen den bakoitzean hura salatu eta mobilizatzera. Adi egon behar lukete azpikontratatzeak, lan esplotazioa, ordu estrak eta segurtasun falta daudela susmatzen duten enpresetan. Batzordeak dauden tokietan, hori zaintzea erraza da. Baina zaintza hori batzorderik eta sindikaturik ez duten enpresetara zabaldu beharko litzateke, hor baitute lan istripuak izateko arrisku gehien. Eta badaude baliabideak egiteko. Azkenik, fiskaltzak bere kabuz ekin beharko lioke istripuak ikertzeari, salaketa egon ala ez. Ez al da ba nahikoa lanean hildako bat egotea?