2015ean abiatuko du plana Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eta 2019ra arte iraungo du. Helburu nagusia euskal herritarrei zerbitzu elebiduna eskaintzea da. Xedea lortzeko hainbat neurri aurreikusi ditu Segurtasun Sailak: euskalduntzeko urteko aurrekontua handiagotzea (2015ean bikoiztea nahi du); euskara ikasten arituko diren ertzainak urtean 80-100 bat izatea (gaur egun 25 dira) eta plan zehatz bat sortzea agenteak lana euskaraz egiteko gai izan daitezen.
Lehentasuna izango duten polizia unitateak eta ertzain-etxeak bi irizpideren arabera aukeratuko dituzte: batetik, herritarrekin duten harreman mailaren arabera, eta bestetik, inguru soziolinguistikoaren arabera.
Gaur egun 2.652 ertzainek PL1 maila dute (Europako C1 maila) eta 171 ertzainek PL2 (Europako C1).
Segurtasun Sailak adierazi duenez, “orain dela gutxira arte eta urte askoz, Ertzaintzaren oinarrizko lehentasuna euskal biztanleen bizitza, eskubideak eta oinarrizko askatasunak zaintzea izan da. Orain, etorkizuneko Ertzaintzak hurbileko polizia-zerbitzua eskaini behar du”.