ETA-k iragan asteburuan atera duen agiriak berriz jarri du bake prozesua euskal politikaren agendaren lehen lerroetan eta, funtsean, berak berau elikatzeko egindako urratsen berri eman dio euskal gizarteari. Non zegoen prozesu hori iritzi publikoari begira? ETAk otsailean egin zuen armen indargabetzeari buruzko taularatzea. Sinbolikoki urrats handia izan zen, baina prozesuaren izaera aldebakarrekoa inoiz baino argiago azaleratu zen: armak entregatu nahi eta Estatuari bost axola. Estatuaren aparatuek eta haien alderdiek ETAren desegitea besterik ez zutela espero adierazi zuten hamaikagarrenez, orain egin duten gisan. EAJk amaiera ordenatuaren alde egiteko bere konpromisoa jarri zuen mahai gainean, baina gehiago espero zuela garbi adierazi zuen. Ezker abertzaleak ETAren borondate argiaren agerle jarri zuen ekimen hura.
Bost hilabete geroago ETAk beste bi urrats txiki-handi –nondik eta nola begiratzen den arabera– eman ditu, borroka armaturako prestatutako egitura logistikoa eta operatiboa desegin dituela iragarriz. Armen zigilatzea oraindik heldugabe dagoela iradokitzen du aldi berean, horretarako “egitura tekniko-logistikoa osatzen” ari dela iragartzen baitu.
ETAren agiria heldu aurreko egunetan, halaber, Jonathan Powell eta Martin McGuinness izan dira Euskal Herrian, prozesuari bultzada berria emanez eta, seguruenik, agiriaren agerpenari sendotasuna eman nahian. Hori lortu dutela ez dago zalantzarik, gatazkaren gaia berriz agertu baita agenda politikoaren lehen lerroetan. Eta, aldi berean, bake prozesuan diren hainbat gora-behera ere azaleratu dira, agerikoena EAJren zereginari dagokiona. Otsailean EAJ eta Urkullu lehendakaria desarmearen bultzadan lehen lerroan egon baziren, oraingoan ez da halakorik gertatu eta lehendakariak hartu ere ez ditu egin Powell eta McGuinness. Zer gertatu da?
EAJren lerroetatik adierazi da otsaileko armen argazkiaren ondoren, armak desegiteko prozesuan urrats handiagoak espero zituela. Engainatuak sentitu zirela iradoki da eta horregatik Urkullu ez dela bildu Powell-McGuinness ordezkaritzarekin.
Batek daki prozesuan hariak mugitzen dituztenen arteko harremanez, baina edozein modutan, halakoetan ika-mikak ohikoak badira ere, ezinbestekoa da prozesuaren amaiera ordenatuan sinesten dutenen artean harreman horiek ahalik eta sendoenak izatea. Prozesuaren alde teknikoak bultzatzea bezain garrantzitsua da gizartean bake prozesuaren garra ondo piztuta mantentzea, eta horretarako giltzarri dira bultzagileen arteko harreman ona eta bakearen sinboloak ondo gizarteratzea. Alde horretatik, Powellen eta McGuinnessen bisitaldian ez da behar beste baliatu bikotearen irudi sinbolikoa eta gehiegi azpimarratu da Urkullu haiekin ez bildu izana. McGuinness eta Powell bakea egin duten etsaien sinbolo dira, batak gobernu britainiarra ordezkatzen du eta besteak IRA eta mugimendu errepublikar osoa. Horrek bazuen nahiko karga sinboliko haien irudia beste era batera gizarteratzeko eta bakegintzaren garra hobeto elikatzeko.
Euskal gizarteak argi eta garbi egin du ETAren amaiera ordenatuaren alde, baina nahi hori behar bezala elikatzen ez bada, oso zuzenean inplikatuak ez dauden herritarrek gaiarekiko interesa gal dezakete, bereziki prozesu hau hain luzea denean. Batzuei akaso hori interesatuko zaie, baina amaiera ordenatuaren aldekoei ez. Diskrezioa ezinbestekoa da halako prozesuetan, baina are gehiago gizartearen parte-hartzea eta bultzada; eta zalantza handiak daude berau behar bezala aktibatzen ari den. Argi esateko, lehen urrats batean EAJ eta ezker abertzalearen arteko konfiantza eta harreman ona klabea da zeregin horretarako, eta bigarren batean PSOErena ere bai. PPren harresiaz hitz egiteak luzeago joko luke, bakarrik Espainiara begira dagoelako eta ez Euskal Herrira.
Gizartearen inplikazioa nahi bada, alde guztietatik hitz egin behar zaio argiago. ETAk ere bai, azken agirian zalantza asko barreiatu baititu. Behin borroka armatua utziz gero, ez da desagertzen eta listo? Zer izan nahi du etorkizunean? Ez al da logikoena desegitea? Present egon nahi badu, zertarako eta nola? Eta noiz arte? Azken agiriak, alde horretatik galdera ugari utzi ditu airean.