AEB-ek 2003an inbaditu zuten bigarrengoz Irak beste hainbat herrialderen laguntzarekin –batez ere Erresuma Batua–, baina NBEren oniritzi barik. Hau da, nazioarteko legediaren adierazpen gorenari muzin eginez. Beste modu batera esanda, nazioarteko legediaren aurka, beste hainbat alditan moduan. 2011ko Dorre Bikien erasoaren ondoren, George Bush lehendakariak gidatutako AEBek, munduko jihadismo islamiarraren aurkako gurutzadaren une gorenari ekin zion. Aitzakia nagusia: Sadam Husseinenen erregimenak suntsipen handiko arma kimikoak izatea eta terrorismo islamiarra sostengatzea.
2008an, Bushen agintaldiaren amaieran, AEBetako lehendakari txarrenen artean kokatzen zuen bere herritarren iritziak. Ekonomi krisiaren hasiera eta AEBak Irakeko gerra zingiratsuan sartu izanaren ondorioak ziren. Gerrari ekin eta bost urte geroago, 2008ko abenduan, ABC News kateari emandako elkarrizketa batean, Bushek onartu zuen Sadam Husseinek ez zuela suntsipen handiko armarik, AEBetako informazio zerbitzuen txostenak okerrak zirela eta akatsa izan zela haiek sinestea. Milaka heriotzen erantzulea bai, baina inolako ondoriorik ez harentzat. Munduko nagusia izatearen abantailak.
Irakeko gerrak aurrera jarraitu zuen eta hurrengo lehendakari Barak Obama izan zen 2013aren amaieran AEBetako indar militarrak Iraketik erretiratu zituena. Hamarkada bateko gerraren ondoren, lehen begiradako ondoriorik larrienak honakoak dira: ez dago garbi zenbat hildako eragin dituen gerrak, baina ehunka mila izan daitezke (horietatik ia 5.000 soldadu estatubatuar) eta Irak goitik behera txikitua geratu da. AEBen gastuari buruzko datuak ere gorabeheratsuak dira, baina 2 bilioi euro inguru lirateke (2 milioi milioi euro). Bi alde ditu gastuaren txanponak: suntsipena irakiarrentzat, zoriona AEBetako industria militarra eta berau kontrolatzen duten enpresentzat.
Orain berriz erabaki da Irak nazioarteko agendaren lehen lerrora ekartzea. ISIS (Irakeko eta Sortaldeko Estatu Islamikoa) muturreko gerrilla islamista sunita indartsua Bagdaderantz doa hainbat hiri eta eskualde garrantzitsu hartu ondoren, besteak beste Mosul, Irakeko bigarren hiria. Erantzun gisa, Nuri Al Maliki lehen ministro xiitak gerra santura deitu ditu herritarrak eta, hortaz, berriz ere sunita eta xiiten arteko gerra zibilaren areagotzea da begien aurrean. Azken finean, oraingoz behintzat, badirudi Irak hiru zatitan banatuta gera daitekeela mugimenduon ondorioz: kurduen iparraldeko esparrua, sunitak mendebaldean eta ekialdean xiitak.
Nazioarteko ordenari begira galdera nagusia zera da: Zertarako balio izan zuen AEBen Irakeko inbasioak? Eta erantzuna garbia da edozein angelutik begiratuta ere: ezertarako ere ez. AEBek, alabaina, etekin ugari atera diote egoerari. Batetik, petrolioaren kontrola. Irakeko gobernuak kontrolatzen ditu ustiaketa gehienak, baina berauek bideragarri egiteko funtsezkoak dira mendebaleko petrolio konpainiak. Horrez gain, ekoizpenaren kontrola bere menpeko gobernu batek du, eta horrek, lasaitasunaz gain, negozio aukera ugari irekitzen dizkio. AEBetako enpresa eta multinazionalak, halaber, giltzarri dira Irakeko berreraikuntzan. Eta lobby militarrak AEBetako aurrekontu militarra bikoiztea lortu zuen 2003tik 20011ra. Horren ondorioak ideologikoki ere handiak izan dira AEBetako gizartearentzat, gastu publikoa murrizteko aitzakiarekin, AEBen politika ekonomikoek klase ertainen ahultze handia lagundu dutelako.
Irakeko biztanleriaren egoera oso larria da 1990eko Golkoko lehen gerraz geroztik, eta etorkizuna agian bakarrik baretuko da bere desagerpena eta hiru estatu berrien sorrerarekin, baina hori ere gehiegi aurreratzea izan liteke gaur egun. Argi dagoena zera da, AEBen eta mendebaldeko indarren parte-hartze militarrak, bideratu baino egoera okertu besterik ez dute egiten. Ezer gutxi esatea da, baina edozelako konponbideren hasiera, AEBen erabateko erretiratzea eta NBEren egiazko bake parte-hartzearekin hasten da.
O lector sabe que sigo de cerca a cuestión dos terribles atentados do 2015 en París, grazas aos medios de prensa que teño á miña disposición. Salah Abdeslam foi a única sobrevivente dos comandos que provocaron a morte de 130 cidadáns e a súa principal carga de facer... [+]
Urtarrilaren 20an Siriako Ipar eta Ekialdeko Autoadministrazioaren menpe dagoen Hasake hiriko espetxeari eraso diote auto suizidekin, milaka islamista askatzeko. YPGk kontrola berreskuratu arren, tiroketek jarraitzen dute, Daex-eko zenbait kide ezkutatu baita.
Jose Manuel Villarejo espainiar polizia ohiak adierazi ostean Espainiako inteligentzia zerbitzuek 2017ko atentatuak gerta zitezen utzi zutela, Kataluniako Gobernuak zer gertatu zen ikertzeko exijituko dio Espainiako Gobernuari. Halakorik egin ezean, auzia nazioarteko... [+]