Liburu bitxi honen izenburutik bertatik igartzen da hitzekin jolasteko gogoa. Hizkimilikiliklik! dugu liburu honen izenburua, eta hizkiekin eginiko 28 jolas ageri zaizkigu orrietan barna. Horrela, irakurleak, “b” letraz hasitako hitzez osatu den istorioa aurki dezake (“Behin batean… Beñat Bengoa Bergaretxe basozaina bazihoan bakar-bakarrik basoan barrena…”), izen-abizenak letra berberekin dituzten pertsonaiak poema batean (Luzia Azilu, Garazi Garzia, Itziar Arizti…) edo “a” bokala, eta besterik ez, erabiliz egindako ipuina (“Amama zaharrak laranja atalak, banana azalak, patata kaskarrak, sagar garratzak… danak nahas-mahas, askara daramatza. Antzara aldra bat…”).
Irakurleak atal bakoitzean jolas bana topatuko du, batzuetan irakurlearen konplizitatea edo inplikazioa bilatzen duena (desagertutakoa bilatzeko, esaterako), eta beste batzuetan harridura edota irribarrea.
Liburu bitxia Iñaki Arranzen hau, bitxia eta landua, irakurlearengan hizkuntzarekin jolasteko gonbitea eragiten duena; idazleak sorturikoen parekoak bururatuko al zaizkio!, edo nondik aterako zaigu hurrengo atalean?. Eta, egia esan, 28 letra direnez alfabetoan (alfabetoa azaltzeko ere bada kapitulu edo atal bat), 28 dira liburua osatzen duten atalak. Batzuk nahiko laburrak, hasierako poematxoa bezala, baina beste batzuetan proposaturiko jolasak istorio baterako baino, bost istoriotarako ematen du; “Denok zer edo zer faltan” kasuan bezala. Honetan ipuin berbera kontatzen zaigu baina bost bider, eta bakoitzean bokal bat falta delarik kontakizunean, horrela lehenengoan “u” letra gabe kontatzen zaigu neskatxa gazte baten istorioa askara bidean desagertu zena kontatzailearen ondotik pasa eta gero; segidan “o” letra gabe, “i”, “e” eta azkenik “a” gabe kontatuko zaigu neskatxaren desagerpena, horretarako idazleak aldaketa txiki batzuk egin behar baditu ere.
Hizkimilikiliklik! liburu guztiz berezia dugu euskal letretan eta narratibatik duen bezala poesiatik ere badu; are gehiago, nik uste kontakizunak bata bestearen ondoren irakurri beharrean pikatzen, pintxoak bezala, apurka irentsi edo irakurri behar ditugula, bakoitzaren jolasarekin, egileak proposatzen duen jolas horretan partaide izanez.
Arlo gastronomikora ekarriz, 28 gozokiz osaturiko lana dela esan genezake, eta alde horretatik, gozokiak bezala, hauek ere banan-banan, disfrutatuz, hartu beharreko atalak direla. Amaieran irakurleak berak gozoki berri batzuk sortzeko nahiko “errezeta” izango dituelakoan… edo, gutxienez, gozokhizkiak!