Bultzaden balada
Xutik
Mukaki Produkzioak, 2013
Xutik taldea berriz ere zutik da. Bultzaden balada bigarren diskoa jadanik kalean dute. Baina, egia esan, taldea zutik mantendu da beti, taldekideak elkarrekin jotzen hasi zirenetik ez baitira sekula makurtu, ezta eseri eta etzan ere.
Jaia eta aldarria, martxa eta borroka dira Xutik taldearen ardatz nagusiak. Kantu alaiak eta dantzagarriak jotzen dituzte, hainbat musika estilo nahastuz (ska, reggae, rap, pop, rock, latinoa), eta hitzetan zuzen mintzo dira, ahoan bilorik gabe. Euskal Herria aske izateko desioa eta itxaropena azaltzen dute, eta hori lortzeko borrokatu egin behar dela argi dute.
Hona hemen kantuetan esaten dituzten esaldi batzuk: “Irriarekin ehizatuko dugu mamu zaharra” (Sudur gorrien iraultza), “Behin lurrean izanez gero, guri datorkigu xutitzea berriro” (Erortzen), “Ahaztu zure lotsak, ez gorde barneko urratsak” (Dantza dantza), “Euskararen geroa guk dugu mihian, erdaraz mintzatzean bihar datza hobian” (Geroa mihian), “Eskatzen duguna: demokrazia! Nahi duguna: presoak etxera! Lortuko duguna: independentzia!” (Lortuko duguna), “Gure lema argi dago: bizi gireno ez gira geldituko” (Xutik), “Erlojua aurrera doa, ez dugu emanen atzera pausoa” (Stockholm sindromerik ez), “Betiko betiko! Libre senditzeko esperantzaren aldarri. Betiko betiko! Izanen ixildutako oihuen euskarri” (Memoriaren pareta), “Ez gorde negar malkoak, izanen dira zorionezkoak, burua ez makurtu” (Flekz), “Mihi gainean daukagu askatasunaren giltza. Herrira! Herrira! Kalean izanen dira!” (Herrira).
Kolore ugari dituen diskoa osatu dute, hamaika musika tresna erabiliz, eta doinu indartsua gauzatu dute. Grabazioa 2012ko irailean egin zuten Paxkal Etxepareren estudioan, Bardozen (Lapurdi). Masterizazioa, berriz, Pierre Chalbosek egin zuen Pariseko La Source Mastering estudioan.
Diskoko kanta bakoitzak bere izaera badu ere, kanta guztiek diskoari osotasuna ematen diote. “Abesti bakoitzak gai bat lantzen badu ere, guztiak balada baten osagai dira”, taldekideen hitzetan.
Herrira abestia Herrira plataformak Baionan deitu zuen presoen aldeko manifestaziorako sortu zuten. Presoena bereziki gertuko gaia dute: «Gaur egungo egoeran, eta bereziki egunero iristen zaizkigun albisteak kontuan hartuz, presoen aldeko aldarria sekula baino garrantzitsuagoa da».
Diskoko abestiak euskaraz idatziak dira, eta zati batzuk frantsesez eta katalanez. Euskal Herritik kanpoko errealitatea ere kontuan hartzea baita beren asmoa, euskal kultura ez ezik mundu zabalean milaka eta milaka kultura badirela islatzea. Horretarako, ezinbestekotzat jo dute hainbat kolaboratzaileren lana. Haien artean, Carles Belda musikari katalanak Xutik kantan abestu eta trikitixa jotzen du, eta Saïdou, MAP eta ZEN taldeetako rap kantaria, Lortuko duguna abestian aritu da.
Taldekideek beste hainbat musikariren eta artistaren laguntza ere izan zuten grabazio saioetan: Lekittoko Banda; Uritze Laka; Itziarren Semeak taldeko Ibon eta Manex Altuna; Pirritx, Porrotx eta Marimotots; Sébastien Zamora; eta Jean-Ro Unhassobiscay.
Maitena Beheran (ahotsa), Peio Iziaga (ahotsa), Ortzi Hegoas (bateria eta ahotsa), Amaiur Koxkarat (baxua eta ahotsa), Sébastien Sedes (gitarra), Pier Balacey (gitarra eta ahotsa), Patxi Bidart (saxoa, gaita eta ahotsa) eta Mizel Zamora (tronpeta eta eskusoinua) dira Xutik taldeko partaideak. Patxi Bidart baxenafarra da, eta gainerakoak lapurtarrak.
Xutik taldea 2008an sortu zuten. Aurretik, Zpeiz Mukaki elektrotxaranga eta dantza taldeko kideak ziren, eta gerora Xutik taldea osatu zuten. Xutik taldeak bi disko dauzka kalean: Mukaki Zpirit (Baga-Biga, 2011) eta Bultzaden balada. Halaber, aurten ospatu den 30. Herri Urrats jaiaren abestia Xutik taldeak berak sortu du.
Urteotan beren musikak bilakaera bat izan du, baina taldearen filosofiak eta aniztasunaren aldeko apustuak bere horretan iraun dute. Taldeak zutik jarraitzen du, makurtu gabe.
Ander Magallon, Mikel Irure eta Xabier Jauregi Metropoli Forala saioan egon dira maskulinitate berrien inguruan mintzatzen.
Hai quen, sendo un cerebro brillante, con definicións de "pouco detalle", son expertos en transformar e transformar o mesmo, dito doutro xeito. Era súa e foi un proxecto in eternum que se repetiu durante décadas. Esta era unha das principais razóns para deixar de ser... [+]