Euskal Herrian kale borroka ekintza bat dagoen bakoitzean, horrek sor dezakeen biolentzia politikoa berehalakoan eta irmo kondenatzen dute politikari, gobernu eta euren terminal mediatikoek. Gertatu bezain laster, denak lehiatzen dira ea zeinek irmoago eta gogorrago salatzen edo kondenatzen duen. Halako biolentziak baino ez baleude moduan. Politikari, gobernu eta terminal mediatiko horiek berek ahazten dute –edo ezkutatzen dute– beste mota bateko biolentzia ekonomiko, sozial eta laborala jasaten duela biztanleriaren zati handi batek.
Isildu egiten dira kapitalismoaren aurrean, zeina etorkizunean miseria eta pobrezia baizik izango ez duten milaka gazteei eragiten dien langabeziaren erantzule den. Isiltzen dira milaka herritarrek kobratzen duten pentsio txatxuak (350-400 euro hilean) ikusita. Eta lan istripuekin ere mutu geratzen dira, urtero Euskal Herrian ehun langile baino gehiago hiltzen diren arren. Ez dute ezer esaten amiantoaren erabilerak sortutako egoera larriaz; aurten 14 heriotza eragin ditu eta 2008tik 120 dira haren ondorioz hil direnak. Enpresen eta multinazionalen deslokalizazioak ehunka langile kalean utzi ditu, baina isilik segitzen dute. Iruzurgile fiskal handiei txintik ez diete esaten, eta jakina, paradisu fiskalak ezabatzeko ez dute ezer egiten. Ez diegu ezertxo ere entzun bankuek kredituaren iturria itxita dutela salatzeko; alderantziz, gure poltsikoetako dirua erabili dute banku horiek salbatzeko. Etxegabetzeen aurrean isilik daude, suizidioak eragiten dituela jakinda ere. Eta langileen kontrako lege antisozialak bedeinkatzen dituzte.
Ordua da halako hipokresia politikoa albo batera utzi eta biolentzia horien guztien kontra gogor eta berehalakoan ekiteko, baita haien atzean dagoen sistema kapitalistaren kontra ekiteko ere, jendartearen zati handi bat larri baitago.
Na miña condición de profesor da UPV / EHU, moitas veces recibín unha invitación para impartir as conferencias. A miúdo por musutruk ou remuneracións baixas. Por ser profesor supuxeron que tiña un salario digno e estable. Ninguén me preguntou pola situación laboral. Eu... [+]