ESTORMONTEKO AKORDIOAK –edo Ostiral Santukoak– garrantzi handia eman zion presoen gaiari Ipar Irlandako bake prozesuan. Akordioa 1998ko apirilean sinatu zen eta 2001eko uztailerako 500 presok kalean egon behar zuela zehazten zuen. Ez zen amnistiarik izan, alabaina, eta presoen egoera banan-banan aztertuko zuen Batzorde Independente bat sortu zen prozesu hau gidatzeko. Brian Currin izeneko hegoafrikar abokatu bat izendatu zuten batzorde horretako buru. 1999ko urtarrilerako 250 preso kalean ziren baldintzapeko askatasunean. 1998 eta 2000 artean 433 preso kalean ziren, horietatik 229 IRAkoak.
Presoen askatzea eta biktimen gaia biziki sentibera izan zen Irlandan ere, baina alde guztiek ulertu zuten kosta ahala kosta egin beharreko ibilbidea zela. Oro har, baldintza batzuk zituzten presoek, baina garrantzitsuena zera zen, haien erakunde armatuak jarduera armatura itzultzen baziren, kartzelara itzuliko zirela. 2012an Gara-ri eskainitako elkarrizketan, Pat Sheelan IRAko preso ohiak –gaur egun Sinn Féin-eko parlamentaria– garrantzi berezia duten bi puntu azpimarratu zituen. Lehena oso ezaguna da edozein bake prozesutan, baina giltzarri eta, zailtasunak zailtasun, inoiz ahaztea komeni ez dena: “Presoen irteera ezinbestekoa da prozesua egonkortzeko”. Bigarrenak, aldiz, presoek eman beharreko mugimenduei egiten die erreferentzia, presoak eta haien erakunde armatu edo mugimendu politikoarekiko harremanei, eta horri buruz gutxiago hitz egiten da hemen, behintzat publikoki: “Esparru honi buruzko erabakia mugimendu politikoak hartu behar du, eta ez presoek”, zioen Sheelanek elkarrizketan.
2003ko otsailean bukatutzat eman zen bake prozesuan presoen askatasunari lotutako atala. 2005era arte IRAk ez zuen eman bere jarduera armatuaren bukaeraren berri. 2005ean, halaber, Harold Good eta Alec Reid, apaiz protestante eta katolikoak IRA desmobilizatua zegoela baieztatu zuten.
LEKUTAN da Euskal Herriko bake prozesua, baina lehenago edo geroago antzeko neurriak eman beharko dira. Akordiotik hamabost urtera, bizikidetza prozesu bat gauzatzen ari da Ipar Irlandan. Ez da zalantzarik leku bakoitzak bere ezaugarriak dituela bakea eta elkarbizitza negoziatzeko, baina denetan dira oinarrizko amankomuneko puntu batzuk: funtsean bakea gauzatzeko borondatea eta elkarbizitza berrirako akordio batzuk. Madrileko larunbateko biktimen manifestazioak aldarrikatu zuenaren guztiz aurkakoa: irabazle eta galtzaileen elkarbizitzak nekez du etorkizunik, are gutxiago mendekuan oinarritzen bada.
Eta batek ez daki noiz ekingo dion Madrilgo gobernuak biktimen ziabogari eta pentsatu nahi dut Parot doktrinak ematen duela horretarako aukerarik. Baina biktimen erakundeek duten indarra eta bazka nola ematen zaien ikusita, agian logikoena da pentsatzea PPren gobernuekin jai dagoela eta akaso PSOEren bati itxaron beharko zaiola euskal auziari irtenbideren bat emateko.
Beti daude unean uneko egoeraren hainbat neurgailu eta oraingo egokiena Parot doktrinaren biharamunekoa da; funtsean, doktrinak eragindako presoak noiz eta nola kaleratuko dituzten. Ez du zentzurik pentsatzea Espainiako Auzitegi Nazionalak ostiralero doktrinaren eraginpean dagoen preso baten egoera aztertu eta askatuko duela. Ez luke zentzurik, ez pragmatismoaren ikuspegitik ezta juridikotik ere, horregatik pentsatzekoa da lehen zirimola honen ondoren, doktrinak eragindako presoen askatzea zentzuzko denbora batean egingo dela. Baina, bestetik, PPren jarrera orain arte ez da zentzuzkoa izan elkarbizitza eta akordioarekiko, eta horrek ezkortasuna ematen dio ikuspegi baikorrenari ere. Askotan bada pentsatzerik PP, egiazki, ETAren itzulera ari dela probokatzen eta hori ezinezkoa denez, erakunde armatuan edo ezker abertzalean zatiketa motaren bat amesten duela.
PP ezik, euskal gizarteko gainerako aktore guztiak zentzuzko jarrerak erakusten ari dira Estrasburgoko ebazpenaren ondoren, eta bereziki ezker abertzalea: epaia ospatzeko mila arrazoi eta behar izan arren, ospakizun publikoei begira zentzuz eta arduraz jokatzeko gai dela erakusten ari da. Hobe guztia ezkutuko gidoi batekiko jarrera arduratsua balitz, ezta?
Pensei si os nenos palestinos tamén teñen esta pregunta na cabeza co noso libro. Cantos duelos faltan para terminar o xenocidio. Cantos nenos debe matar Israel coa complicidade dos estados do mundo.
Van expor estas preguntas ás súas nais? Ou non terán que facelo porque... [+]