Uraren dentsitatea airearena baino 830 aldiz handiagoa izanik, haize-errotak baino askoz ere txikiagoak diren turbinak aski dira energia kantitate bera itsasoan lortzeko. Halaz ere, azken 50 urteotan ez du sobera aurrera egin itsasoko energiaren alorrak. Orain, teknologiak aukera berriak zabaldu ditu.
80ko hamarkadan, artean munduan zegoen itsas zentral bakarrenetakoa ikusteko aukera izan nuen. Bretainiako La Rance ibaiak itsasoratzeko duen badia aldetik aldera itxi zuten eta betelan horretan errepidea egiteaz gain, itsasoa eta badia komunikatzeko 24 turbina eta hauetatik energia elektrikoa lortzeko tresneria eraiki zituzten.
Zentrala eraikitzeko lanak 1961. urtean hasi zituen Louis Arretchek, eta 1966ko azaroaren 26an inauguratu zuen artean Frantziako presidentea zen Charles de Gaullek.
La Ranceko badiak 22 km2 du eta egindako barrak 750m-ko luzera. 2012ko datuen arabera, Bretainiak behar zuen energiaren %3,5 eskaini zuen zentralak. Funtzionamenduari dagokionez, oso sinplea da, bai mareagoran, baita mareabeheran ere, turbinetako palek biratu egiten dute, norantza batean zein bestean, eta energia elektrikoa sortzen dute.
45 urtetan itsas marea bidezko zentral handiena izan da La Rancekoa, 2011n Hego Koreako Sihwa Lake-ko zentralak lehen postua kendu zion arte.
Bretainiako mareak oso indartsuak dira, mareagoraren eta mareabeheraren arteko aldea 10 m-tik gorakoa izatera ailegatzen baita, eta mareen mugimendua etenik gabekoa denez, mota honetako zentral batek urtean sortuko duen energia-kantitatea zehatz-mehatz kalkula daiteke; kalkulu horixe bera ezinezkoa da, adibidez, energia eolikoan, jotzen duen haizearen menpe baitago energia gehiago edo gutxiago sortzea.
Historikoki arrazoi asko izan da itsasotiko energia bazter uzteko. Ondoko lerroetan datoz batzuk.
Itsaso jakin batek izan dezakeen energia ahalmenaren neurgailua urak duen mugimendua da. Mareen mugimendua txikia bada, edo olaturik nahiz korronterik ez badago, interes txikikoa da energiaren ikuspuntutik. Aldiz mareak, olatuak eta ur-korronteak nabarmenak baldin badira, merezi du energia iturri hori aztertzea.
Europan baldintza egokienak dituen ura Atlantikoaren iparraldean dago, eta beraz, Frantziak eta Erresuma Batuak dituzte nagusiki, itsasoko energia ustiatzeko aukera onenak. Baina ikus dezagun hitz gutxitan, itsasoan tresnak ezartzeak dakartzan arazoak. Azpimarra dezagun lehenik eta behin ur- korronte handiak dauden lekuetan egin behar dela lan, eta beraz, baldintza horietan turbinak itsas hondoan finkatzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.
Bestalde, turbinetako mugimendua energia elektriko bihurtzeko tresneriak astuna behar du ezinbestean, eta hau ere itsasoan kokatzea are zailagoa da. Ez da ahantzi behar modu horretan sortutako energia elektrikoa lurreko sare elektrikora konektatu behar dela, eta azkenik, tresneria ikaragarri higatzen dela itsasoko ur gaziaren, algen eta bestelako elementuen ondorioz.
Arazo horiek oztopo izan dira itsasoko energiaren ustiaketa orokortzeko. Une honetan egiten diren aurreikuspenen arabera 2015. urte bitartean itsasotik energia lortzeko kostua, energia kantitate hori bera haize-errotetatik lortzeko kostuaren laukoitza izango da.
Itsasoko energia aipatzean, zenbait motatako sistema teknologikoez ari gara. Batetik itsasoetako mareen edo ur-korronteen mugimendua dago, bestetik olatuen joan-etorria baliatzen duten sistemena, eta, azkenik, itsasoaren gainazalean, haizeen indarra baliatuz, kokatzen diren haize-errotena.
Azkena dugu hiruretan garatuena. Izan ere, haize-errotez baliatzen diren sistemak oso aurreratuta daude lehorrean. Itsasoan finkatzearen abantaila nagusia itsasoko haizeen konstantzia da, hau da, lehorrean baino sarriago aurreikus daiteke haizea izango dela, eta ondorioz, urtean sortuko den energia zenbatekoa izan daitekeen ere bai. Lehorrean zailagoa da hori aurreikustea, haizeteek ez baitute konstantziarik.
Egun munduan dagoen instalazio handiena, mota honi dagokionez bederen, Erresuma Batuan dago, Tamesis ibaiaren ekialdean, eta London Array du izena. David Cameron-ek, lehen ministro britainiarrak, joan den uztailaren 4an inauguratu zuen. Han dauden 175 turbinek 639 MWeko potentzia eskaintzen dute.
Olatuen mugimendua baliatzen duten sistemak ere aztergai dira zenbait tokitan. Olatuek ur-mailaren igoera eta jaitsiera eragiten dute periodikotasun handiz, eta ur-mailaren aldaketa hori da energia lortzeko baliatzen dutena. Munduko hainbat lekutan daude gune esperimentalak, baina mundu mailako lehen instalazio komertziala Mutrikun inauguratu zuten 2011ko uztailaren 8an. Oraingoz instalazio txikiak dira gehienak, eta horren adibide dugu Mutrikuko plantako potentzia: 296 KWekoa da, alegia, London Arraykoa baino 3.000 aldiz txikiagoa.
Nagusiki Frantziak, Erresuma Batuak, Herbehereek eta Norvegiak bultzatuta, Europan energia iturri gisa gehien indartzen ari diren teknologia mareena edo itsasoetako ur-korronteena da. La Rancekoa sortu zenetik ia 50 urte igaro dira, eta kasu honetan badia oso bat itxi behar izan zen; orain aldiz, turbinak itsaso zabalean kokatzea da helburua, eta azken bi hamarkada hauetan aurrerapen handiak egin dira ildo horretan, ur-korronte handitan hobeto lan egitea lortu baita, eta herdoiltzea ekiditeko bidean, material ugari sortu baita.
2020. urtera begira, Frantzia genuke buruan, munduko gainerako estatuekin alderatuta, epe horretarako 1.000 MWeko instalazioak eraikitzea planifikatu baitu, eta 2030. urterako, alor horretan 10.000 lanpostutik gora sortzea ere bai. Beste era batera esanda, Frantziak energia sistemen alorrean buru izaten jarraitu nahi du; joan den mendean eta gaudenekoaren hasieran energia nuklearrean munduko buru izan den bezala, mende honen erdialdean, energia nuklearra neurri batean ordezkatuko duten itsasoko energiatan buru izan nahi du.
Mundu mailan egun egiten diren merkatu aurreikuspenak oso bestelakoak dira, orain bost urte egiten zirenekin alderatuta. Alor honek indar handia hartuko duela dirudi, Europan behintzat. Munduan berriz, 2050. urterako 350GW-eko potentzia instalatuko dela aurreikusten da (300 zentral nuklearrena), eta itsas energiaren eraginak milioi bat lanpostu berri sortuko dituela.
Euskal Herrian, teknologia aldetik tropelaren buruan gaudela esan liteke, batez ere energia eolikoaren inguruan metatutako esperientziari esker. Hainbat enpresa ditugu eremu eolikoan lanean, eta aurten erabakitakoaren arabera, 2020rako 50 MWeko potentzia duten instalazioak eraiki nahi dira kostaldean.
Kasurako, Nautilus proiektua dela eta, Armintzako itsasertzean 100 milioi euroko inbertsioa egingo da. 2018rako, plataforma erdi murgildu batean 130 metroko diametroa duen errotorea kokatzea da helburua. Honen potentzia 5 MWekoa izango da eta Europan interesa duten eragileen aurrean erakusgarria izan nahi du. Proiektu honetan Tecnalia ikerketa-zentroarekin batera Euskal Herriko hainbat enpresa ari dira lanean, eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza izango dute.
Beraz, Euskal Herrian esportaziorako bide garrantzitsua izan daiteke itsasoko energien eremua, teknologiaren eta tresnerien ikuspuntutik, baina etorkizun energetiko jasangarriari begira ere, esanguratsua izango da, gure kostaldea aproposa baita sakonerari eta ur-korronteei dagokienez. Gaur dugun teknologiaren arabera, gure itsasoko ur-korronteen abiadura ez da nahikoa itsas hondoan turbinak finkatu eta elektrizitatea prezio errentagarrian lortzeko, baina teknologiak aurrera egin ahala errazagoa izango zaigu bide horri ekitea.
Inork pentsatzen badu itsasoetatik lortuko dugun energia kantitatea energi iturri fosiletakoa edo nuklearra ordezkatzeko nahikoa izango dela, errealitatetik oso urrun dago. Energia berriztagarrien hazkundea, krisiak krisi, aurrera doa, eta orain hamarkada bat aurreikusi baino azkarrago gainera. Hala ere, 2050. urtean munduko behar energetikoen %25 energia berriztagarrien bidez asetzeko aurreikuspena ez dirudi amets handiegia denik, izan ere, teknologiaren aurrerakadak sorpresa pozgarriak emango dizkigulakoan nago.
Itsasotik, beraz, energia beharren %3 edo %5 besterik ezin espero mende honen erdirako. Batek baino gehiagok galde lezake ea zentzuzkoak diren itsasoarena bezalako energi iturri berriztagarrien inguruko inbertsioak, lortuko diren emaitzak ikusita.
Eguzkia, itsasoa, haizea, biomasa eta ur-jauziak dira oraingoz energia berriztagarrien iturri nagusiak. Guztien artean gaur egungo behar energetikoen %5 ere ez dute asetzen, baina gure atmosfera eta ekosistemak babesteko bide bakarrak dira oraingoz. Joan den mendean energia bide errazak aurkitu genituen eta horiekin gotorleku erraldoi bat eraiki genuen. Orain, gutxi batzuren esku dagoen gotorleku hori apurtu eta ordeztu egin beharko dugu pitaka, jabe gehiagoren esku izango den eremu energetiko naturalagoa baliatuz.
Itsas hondoan finkatuta dauden zutabeetan turbina bat edo gehiago ezartzen dira (batzuetan turbina bera finkatzen da itsas hondoan).
Ur-korronteek turbinetako palak biratzen dituzte eta mugimendu hori elektrizitate bihurtzen da sorgailu elektrikoetan (batzuetan zutabeen barnean daude, eta beste batzuetan gainazalean kokatzen dira). Azkenik, sortutako elektrizitatea itsasazpiko kable bidez garraiatzen da lehorrera.
Zentrala eraiki zenetik 45 urte igaro direnean, erabat aldatu da La Ranceko badia eta hango ekosistema. Espezie txikiak izan dira batez ere normal xamar bizi izan direnak.
Barrak badia itxi zuenean izugarri nabaritu zen itsasoko arrainen joan-etorriaren etena, baina pixkanaka, platuxek, lupiek, txipiroiek eta beste zenbait arrainek turbinen palen artetik pasatzen ikasi zuten. Hamarkada batzuk igaro ondoren doradak, arraiak eta mugilidoak ere gero eta gehiago ikusi izan dira, eta azkenik, bi animalia handi besterik ez dira ikusi izan badian: foka bat eta izurde bat.
Lurrean historikoki izan diren sarraskietan gertatu izan denaren antzekoa errepikatu da La Rancen. Alegia, animalia txikienak izan direla egoera berrira hobekien moldatu direnak, eta zenbat eta handiagoa izan, orduan eta zailtasun handiagoak izango dituztela egokitzeko. Foka eta izurde bana bertan ikustea anekdotatzat jo beharko litzateke, badian beste fokarik edo izurderik ikusiko ez balitz, betiere.
Landareen, algen eta itsas hondoen egoera bestelakoa da. Badia itxi izanak bertako ur betetze eta hustean maila aldaketak eragiteaz gain, ibaiek garraiatzen dituzten hondakinak bertan gelditzea ekarri du, itsasora atera ezin dutenez; bi faktore horiek eragiten ari diren aldaketa ez da behar beste aztertu oraindik.
Munduko beste azpiegitura erraldoiekin alderatuz, La Rancekoaren eragina txikia da, eta hedaduraz, itsasoko energia baliatzen duten zentral ororena, gutxi baitaude. Zentral horien ugaritzeak arrantza alorrean sor ditzake arazo handienak. Egun, itsasoko energiaren inguruan dauden proiektuetan arrantzaleak bihurtu dira aurkari nagusiak. Itsas hondoan turbinak ezartzearekin batera aldaketa ekologikoak gertatuko direla jakina da. Turbinek ateratzen duten zarata edo euren palek itsas faunari egingo dioten oztopoa larriak dira, baina, konparatzen hasita, are larriagoak izan daitezke beste azpiegiturek eragin dezaketen kaltea.
A organización Centre Tricontinental describiu a resistencia histórica dos congoleses no dossier The Congolese Fight for Their Own Wealth (o pobo congoleño loita pola súa riqueza) (xullo de 2024, núm. 77). Durante o colonialismo, o pánico entre os campesiños por parte do... [+]
A actualización do Plan Enerxético de Navarra pasa desapercibida. O Goberno de Navarra fíxoo público e, finalizado o prazo de presentación de alegacións, ningún responsable do Goberno explicounos en que consisten as súas propostas á cidadanía.
Na lectura da... [+]
O activista ecoloxista Mikel Álvarez elaborou un exhaustivo informe crítico sobre a macro-centrais eólicas que Repsol e Endesa pretenden construír nas proximidades de Arano e Hernani da comarca. Ao seu xuízo, trátase da " maior infraestrutura deste tipo que se expón en... [+]
Ultimamente traballáronnos outros argumentos para convencernos da necesidade dos macroproyectos nos arredores de Euskal Herria. Pareceume un exemplo diso o artigo publicado na web da EHNE de Bizkaia a un dos participantes da iniciativa Salto Ecosocial: "Polas renovables a... [+]
O pasado 3 de setembro publicouse no Boletín Oficial de Navarra o anuncio polo que o Goberno de Navarra fai pública a actualización do Plan Enerxético de Navarra. Isto debería ser un paso importante para o futuro da nosa comunidade, tendo en conta a importancia da enerxía... [+]
Xa non sei si estamos golpeados polas ondas de calor, si é unha hipocrisía de sempre ou unha lóxica sistémica, pero a brecha entre o que sabemos, o que dicimos e o que facemos, máis aló da preocupación, sorpréndeme, sobre todo nun ambiente estival. Noticias,... [+]