Gerorako erretretan pentsio publikorik izango al dugu? Galdera honen erantzunak bi erpin ditu. Ekonomiaren gaitasunari erreparatzen baldin badiogu, erantzuna, baiezkoa da. Baina politikari so egiten baldin badiogu, ezetz borobila, berau interes ekonomikoen menpeko baita.
Euskaldunon pentsioak, gure estatus politikoa aldatzen ez den bitartean, Espainiakoen menpe egongo dira. Orduan, epe labur-ertaineko azterketa Espainiako pentsio sistemaren arabera egin beharrean gaude.
Orain arte pentsio kopurua finkatzeko aldaketa ugari egon dira, azkenekoa duela bi urte; baina aldiro pentsionisten kaltetan. Hala ere, aldaketa nabarmenena azken hau izango da. Izan ere, orain arte Kontsumoko Prezio Indizearen arabera egokitzen ziren pentsioak, baina hemendik aurrera, pentsio fondoen iraunkortasunaren arabera doituko dira.
Pentsio kopuruak finkatzeko aholkua “jakitun” interesatu batzuei eskatu zitzaien, ez edonori gainera. “Jakitun” horiek, inola ere, ez ziren neutralak, baizik interes finantzario zehatz batzuen defendatzaileak, nahiz eta hamabi kideetatik bat UGTko ordezkaria izan, nahiko kritikoa berau, eta bigarrena CCOOekoa. Azken honek bat egin zuen finantza mundukoen ordezkariekin.
“Jakitun” hauen kalkuluak oso epe luzeko populazioaren bilakaeran oinarritu dira. Izan ere, 2050ean Espainiako Estatuak izango duen populazioa hartu dute kontuan eta ez da auzitan ipini zenbatespen hori. Badakigu zer-nolako aurreikuspenak egiten diren, gehienetan bi-hiru hilabeteren buruan zaharkituta geratzen baitira; baina nola jakingo dugu hemendik 37 urtera zer gertatuko den populazioarekin? Aldagai bat baino gehiago egonda: etorkinak, jaiotzak sustatzeko politika publikoak eta abar. Beraz, kalkulu zehatzak egiteko oinarri ahulak dira “jakitunek” erabili dituztenak. Hala ere, ondorio nabarmenetara iritsi dira: pentsioen murrizketak.
Ez al dago, bada, beste irteerarik? Jakina baietz. Pentsioek ibilbide luzea daukate Espainiako Estatuan Europako Batasuneko (EB) mailara heltzeko, Barne Produktu gordinaren %10 bakarrik baita hemen eta %13,5 EBn. Beraz, gutxienez 3,5 puntu igo daitezke Espainiako Estatuan.
Nola? Gizarte Asegurantzaren kotizazio oinarria eguneratuz eta kotizazio tasa aurrerakorragoa aplikatuz. Orain, soldata garaiak edo apalak izan tasa bera, portzentaje finkoa, aplikatzen da; berdin dio Botinen soldata erraldoia izan edo peoi xume batena. Horrez gain, kontua da aurrekontu orokorretatik pentsioen funtsera transferitzea da. Horretarako borondate politikoa behar da eta Espainiako agintariek garbi frogatu dute bankuei dirua emateko edozer gauza egiteko prest daudela, Konstituzio “aldagaitza” bi astetan emendatzea barne; baina besta gauza bat da herritarren aldeko neurriak hartzea.
Gaitasun ekonomikoa egon, badago. 1970ean nekazaritzako populazio aktiboa %18 zen Espainiako hiritar oro elikatzeko; gaur egun populazio aktibo horren %2k nahikoa ekoizten du hiritar guztiak elikatzeko. Beraz, nola ez da gaitasunik egongo populazio aktibo urriagoak pentsiodunei nahiko diru ziurtatzeko, 1971tik 2011ra produktibitatea urtero %2,5 hazi bazen?
Borondatea (politikoa) dagoenean, mendiak erraz mugitu omen daitezke, are errazago erretreta pentsio duin batzuk. Hor planteatu behar da gatazka.
Que pensar dá o pequeno rastro das denuncias realizadas o 28 de abril e que a súa única sucesión sexa a cadea continua de accidentes e mortes de traballadores. En Azkoitia, unha vez máis na construción, un traballador de 62 anos morre nun accidente moi común e por tanto... [+]
Cando os avós eran novos, a xubilación representábase como un momento para gozar da vida. Período de recollida dos froitos do traballo realizado durante estes anos. Que satisfacción! É unha pena que os mozos de hoxe en día non sexan capaces de sentirse nunca. Pódese... [+]