Zine Ikusezinaren 6. edizioa egingo da irailean, Bilbon, Kultura, Komunikazioa eta Garapena gobernuz kanpoko erakundearen eskutik. Izenak berak dioen bezala, ohiko zine aretoetan ikusten ez diren film eta dokumentalak erakustea du helburu. Garapen bidean eta ohiko begiradetatik urrun dauden herrialdeei buruzko dokumentalak izaten dira, askotan emakumeek egindakoak. Herrialde hauen kultura eta komunikazioa bultzatzeko beharrezkoak direla uste dute antolatzaileek. Horregatik, urtero, Bizkaiko hiriburuko zenbait aretotan, tartean Golem zinemak eta zenbait ikastetxe, eduki sozialeko film hauek erakusten dira irailean.
Jaialdiaren atariko gisa, Ageriko Begiradak dokumentalaren euskarazko bertsioa ikusi ahal izan genuen aurreko astean Kafe Antzokiko Zine txokoan. Gogora ekar dezagun lan honek emakume batek eginiko film onenaren saria jaso zuela jaialdi honetako 2010eko edizioan. Alba Sotorra kataluniarra du egilea eta Bosnia, Iran, Afganistan, Pakistan eta Turkiako bost emakume musulmanen istorioak ditu ardatz. Emakume hauen bizipenek osatzen dute dokumentalaren muina, baina, sortzaileak ere badirenez, barruko mundu batetik ageriko mundura egin duten jauzia azaltzen du.
Emakume hauek epaitzetik urrun, Sotorrak, mundu islamdarra eta, batez ere, kultura horretan bizi diren emakumeen gaineko estereotipoak apurtzeko saioa egin du. “Pentsatzea galarazten diegu, berdintasuna eta askatasuna zer den esanez”, adierazi zuen zuzendari kataluniarrak. Dokumentala egiteko, 13 hilabete eman zituen Balkanetan eta Ekialde Hurbilean barrena bidaiatzen, askotan autostop eginez. Bidean aurkitzen zituen pertsonen etxeetan hartzen zuen ostatu, sarritan. Horrela ezagutu zituen Alma Suljevic, Sarajevon (Bosnia); Eren Keskin, Istanbulen (Turkia); Rakhshan Barni-Etemad, Teheranen (Iran); Moshgan Saadat, Heraten (Afganistan); eta Nihid Siddiqui, Lahoren (Pakistan). Performantza, musika, zinemagintza, literatura eta dantza dira emakume hauek lantzen dituzten arloak, askotan debekatuak euren jatorrizko herrialdeetan, eta hain zuzen horregatik, erbesteratuak, jazarriak eta kartzelaratuak izan dira.
Dokumentalaren istorioa Sarajevon hasten da. Alma Suljevicek, Bosniako zelaietan gerra ostean geratu diren minak desaktibatzea du lanbide. Nekeza baina askatzailea egiten zaion zeregin hau oinarritzat hartuta, munduko hainbat herritan egona da Alma, eta performantzak egiten ditu mina zelaietan hartutako lurrarekin. Eren Keskin Istanbulen bizi bada ere, emakume kurdua dugu. Eskubide zibilak defendatzen dituen abokatua da, eta Turkiako kartzeletan bortxatuak diren emakumeak defendatzen ditu. Abeslaria ere bada. Rakhshan Barni-Etemad Teheraneko telebista kazetaria bazen ere, egun zinemagilea da, Iranen debekatuta dauden hainbat gai lantzen ditu, hala nola, prostituzioa eta drogamenpekotasuna. Moshgan Saadat, dokumental honetan ageri den emakumerik gazteena da, idazlea da, Afganistan talibanen menpe zegoela, mutil itxura hartu behar izan zuen, gauza guztien gainetik maite duen poesia idazten jarraitzeko. Azkenik, Nihid Saddiqui Pakistango dantza tradizionaleko dantzaria dugu, erbesteratua izan zen garai batean, “dantzan egitea galarazi zidaten, eta hori heriotza zigorra baino larriagoa da niretzat”, dio dokumentalean. Dagoeneko bere herrira itzuli da eta bertan kathak –Pakistango dantza tradizionala– eskolak ematen ditu”.
Desde a lingüística ou a glotofobia e, por suposto, desde o odio contra o eúscaro, vimos moitas veces o noso eúscaro convertido no odre de todos os paus. O último, o presidente de Kutxabank, Anton Arriola, foi o encargado de makilakar e axitar a nosa lingua.O presidente de... [+]
Que non busquen este enlace desde Ezkio nin desde Altsasu, e moito menos atravesando o río Ebro por Castejón. A conexión, ou mellor dito, as conexións entre a E vasca e o TAV navarro, xa son unha realidade. Eses vínculos en plural son os que deberían preocuparnos e os que... [+]
Non saias con ruído, non te confrontes, non che victimices... e obedezas. Como suxeitos oprimidos, neste caso como vascos, falamos, en cantas ocasións tivemos que escoitar? Ironicamente, hai dous anos, no Encontro Euskaltzale Independentiston Topaketak, Amets Arzallus dixo:... [+]