Euskal Herrian inoiz ikusi den enpresa itxiera handienaren aurrean gaude, odolustea. Gure herrian izandako birmoldaketa industrialek enpresa publiko handiei eragin zien eta milaka lanpostu deuseztatu zituzten. Baina langileen gehiengoa euren etorkizunaz lasai zegoen, aurre-jubilazioa bermatu zietelako (Babcock & Wilcox-en 45 urtekoak ere bai) edo inolako zailtasunik gabe gaixotasun profesionalak edo ezintasunak onartu zitzaizkielako baja hartzeko. Gaur, aldiz, egoera erabat ezberdina da. Enpresen itxiera eta odolustea sektore guztiei ari da eragiten, baina batez ere enpresa txiki eta ertainei. Milaka dira galdutako enpleguak.
Hedabideek hizpide dituzte eguneroko mobilizazioak: grebak, itxialdiak, manifestazioak, ibilaldiak… Enpresa handi eta ertainetako langileak dira horien protagonista, mobilizatzeko eta antolatzeko gaitasuna dutelako, sindikatuak eta enpresa batzordeak dituztelako. Badago beste errealitate bat, enpresa txikiena, pertsona bakarrak, bostek edo hogeik lan egiten dutenena, sindikatu eta batzorde gabe isolatuta daudenena. Enpresa horiek tantaka ixten ari dira, baina bertako langileak eta euren familiak baino ez dira horretaz jabetzen. Tokiko merkataritzan zabaldu den alerta gorria da egoera horren erakusgarri.
Odoluste horren atzean kudeaketa eskasa eta kontsumorik eza egon daitezke. Baina arrazoi nagusiena bankuekin eta finantza entitateekin loturik dago, kredituaren iturria itxita baitaukate eta negozio horiek itotzen dituzte. Administrazio publikoek industria eta denda txikien desegitea eragozteko plan bat jarri beharko lukete martxan berehala, biztanleria txirotzen ari baita. Plan horrek aurreikusi beharko lituzke, alde batetik onura fiskalak izateko neurriak, eta bestetik Kutxabank, Laboral-Kutxa, CAN, BBVA eta beste bankuen konpromisoa kreditua errazteko. Krisiaren aurretik enpresa horien kontura “loditu” ziren. Orain kredituaren ordua da.