Geuk daramagu natura muturrera, akaberara. Nekazaritza industrializatua dugu, aspaldi, eta irtenbiderik gabeko otso zulo batera daramagu. Eta garamatza. Sistema eta teknika aurrerapenen izenean gero eta bide makurragoetan barrena goaz. Bagoazela! Nora ordea? Negozioaren izenean milaka urtetan ondutako aberastasuna suntsitzera, geure buruaz besteren bat egitera. Negozioa da, bai orain nekazaritza. Nekazari bizi nahi duenak beharko du, berriz ere, psikologo edo zer edo zer.
Etekinaren usainean landare aldaera edo klase berriak sortzea eragiten da. Negozioaren helburuetarako baldintzetara ondoen egokitzen diren barietateak hautatzerakoan landare horien beste ezaugarriak bide bazterrean gelditzen dira. Lehengoan nioena, adibidez. Kiwi gozo-gozo baten atzetik 23 urtez ikertu, eta lortu, baina gaitzei aurre egiteko gaitasuna galdu du bidean. Hura ekoizteko inbertsioak egin dituzten fruituzainak hankaz gora. Hankaz gora buruz behera baitoaz, bere burua botata... Psikologoetara iritsi behar izan da kiwizalea. Ikusi nahi dituenarentzat alarmak argiak dira. Nekazaritzaren negozioaren adibide asko dago. Behi esnea sortzen duten ukuilu industrialak, adibidez, gero eta gehiago bertako jatenak uzten eta kanpotik ekartzen dituztenak.
Jakina da haziekin gertatzen ari dena. Transgeniko kaltegarriez gain, enpresa handiek patenteen bidez hazien erabilera bereganatzen ari dira. Politikariak enpresa horien manjateretan bazkatzen direnez, laster hazi naturalik egiteko eskubiderik ere ez dugu izango...
Hazirik gabeko fruituak ere gero eta maizago ikusten dira. Udareak adibidez. Lehendik bananek, pikoek eta abarrek haziak hazteari utzi diote, alferrikako lana. Geuk ugaltzen ditugu txertoz edo aldaxkaz klonatuz eta ez dute ugalketan pentsatu ere egin beharrik. Laster fruiturik ere ez dute emango...
Kiwi horiaren gaitzak bezala, jo eta denak akabatzeko joera duen arazoren bat sortzen ez den artean ezikusiarena egiten dugu, baina orduan ito beharrean jartzen gara. Alarma guztiak pizten ditugu. Bitarte horretan ikaragarriak eta bi egin dira, eta guri bost. Alarma horrek edozer astakeria ametitzeko giroa sortzen du: sagarrondo guztiak galtzerainoko gaitasuna omen zuen su-gorrina tratatzeko antibiotikoak erabili ziren, lehen aldiz.
Kiwiekin amaitzeko, 90 espezie baino gehiago ezagutzen dira, baina Actinidia arguta, koktel kiwia da azken puntakoa. Modan jarri dugun azkena. Horrek ere izango du ipurdian zuloa.
192 milioi sagar 2024. urtean. Segundoero sei sagarretik gora saltzen du Britainia Handiko Tesco supermerkatu kate han ezagunak; ia 27.000 tona. Zenbaki ikusgarriak dira baina are harrigarrigoak dira bertokoak, Ingalaterrako sagarrak direla jakinda.
Lagun baten gomendioa dela medio, Nafarroako Gobernuaren altzoko INTIA nekazaritza institutuko Laborantzen Babeserako atalean dagoen jakinarazpengunetik Fruta-arbolen osasun kudeaketa zuzena egiteko kontuan izan behar dituzun gomendioak dokumentua eskuratu dut, eta baita amaren... [+]