Konfeti koloreko hamabi abesti aurkeztu dizkigu Emon taldeak disko berri honetan. 2007ko udaberrian sortu zen taldeak urtaro bera aukeratu du azken lana aurkezteko, udaberriarekin berpizten diren koloreekin bustitako kantak aireratzeko. Bergarako taldeak zenbait estilo eta doinutan ondutako dozena bat abesti bildu ditu, zein baino zein eranskorragoa.
Ska, raggae-ska, rumba, cumbia, salsa, tex-mex, rocka, pop-rocka eta mundu latinoko musikak astinduz, erritmo anitzetan murgildu dira abestiz abesti, estilo batetik bestera jauzteko duten erraztasuna agerian utziz. Taldekideek jasotako eraginak –La pegatina, Manu Chao, Joxe Ripiau, Esne Beltza– abestien estiloen aukeraketan ezagun dira.
Bigarren diskoa kaleratzea erronka handia izan ohi da talde askorentzat eta Emon talderentzat ere egundoko apustua izan da, proiektu berri honekin taldeak 360 gradutako bira eman eta sustraiak atzean utzi nahi izan dituelako. Estilo jakin batean geratzeko asmorik ez dutela argi utzi digute eta putzura salto eginez, erritmo latindarrekin edota rumba doinuarekin probatzera ausartu dira. Melodia itsaskorrak dira oso, dantzarazteko gogoz sortutako erritmo beroak, edozein unetan erraz entzun daitekeen musika alaia. Gazteak dira Emoneko kideak eta konpas bakoitzean igarri da gaztetasunak duen berezko freskotasuna eta ilusioa.
Arreta berezia jarri dute sorkuntza lanean, abesti bakoitza mimo handiz hartu baitute, detaile guztiak ahalik eta hobekien zainduz. Grabaketa prozesuari eskainitako denbora ere kontuan izan dute, azken emaitzaren eragile garrantzitsuenari ezinbesteko ardura jarri zaion seinale.
Laguntzaile ugari izan ditu taldeak Konfeti Kolore diskoa garatzeko orduan, musika atalean zein hitzetan. Esaterako, La Pegatina taldeko Adriak eta Rubenek ahotsak sartu dituzte (katalanez) Kukutzari eskainitako Amett Fabrika abestian. Oier Ponza Joxpa pianoan izan da Larrosa gorri-gorria, Cantándole una rumba eta Dagokizuna abestietan. Oihane Sarasolak ere egin du bere ekarpena, zenbait abestitan ahotsa jarriz. Axular Arizmendik, perkusioa jotzeaz gain, programazio lanak egin ditu. Itsaso Paia, Maialen Arzallus, Iratxe Ibarra, Jokin Uranga eta Iñaki Gurrutxaga bertsolariak aurkituko ditugu testuen egileen artean. Testu biziak eta konprometituak dira, bizi dugun egungo egoera aintzat hartzen dutenak. Egungo gazteek bizi dituzten beldurrak, desioak, ilusioak eta ametsak baikortasunez kutsatu eta mezu positiboak azaleratzen saiatu dira.
Ongi pasatzea zuen helburu nagusia taldeak, 2007an sortu zenean. Kantu propiorik gabe, bertsioak egiten zituzten, 2010ean abesti berriak sortzeari ekin zioten arte. Piztu herria lehen diskoan bildu zituzten kantuei esker ezagunak egiten hasi ziren, eta zuzeneko emanaldi kopuruen igoerak horretan lagundu zien. 2011n Londres eta Italia bisitatu ondoren, taldean bigarren diskoa kaleratzeko ideia garatzen hasi ziren. Sasoi hartan, Oihane Sarasola abeslariak taldea utzi zuen une berean, birplanteiamendurako garaia iritsi zen. Eneko Longarte durangarra izan da ordutik Emon taldeko ahots nagusia eta Andoni Larraza tronpeta jotzailea. Hausnarketa garai horretan taldeak nondik nora jo nahi zuen ondo aztertu zuen eta aniztasuna eta nahasketaren alde eginez ekin zioten bide berriari.
Atsegin dut aukeratu duten ibilbidea, abestiak egiteko hartu duten jarrera irekia. Baloratzekoa da iturri ezberdinetatik jasotako zukua aurreiritzien filtrorik gabe islatu izana eta gustukoa dut oso osagai desberdinak nahastu ondorengo Konfeti kolore-ko koktel bitxia. Tarteka zurrupada bat emango diot. Sentitzeko hobe, konfeti kolore.