XIX. mendearen erdialdean udalerri independente zen Deustu, baina, arrazoiren batengatik –orduko kronikagileek ere esplikatu ezin zutena–, jaietako egun nagusian, San Pedrokoan zehatzagoak izateko, Bilboko alkatea joaten zitzaien agintari nagusiaren plantak egitera. Ez zuten hori gustuko deustuarrek, eta egun hartan ospatzeko askorik ez zegoela erabakita, San Pedro osteko lehen domekara eroan zuten euren jai nagusia. Eguerdiko ekitaldi garrantzitsua zortzikoa zen, baina ezohikoa, emakumeek dantatzen zuten eta. Aurreskua, hau da, lehen tokia, herriko emakumezko dantzari onenarentzat zen.
Galdutako ohituraren berri eduki zuen Iñaki Irigoien historialari eta folklorean adituak, Revista pintoresca de las provincias Bascongadas aldizkariko 1846ko ale batean ikusita, eta Deustuko Bihotz Alai dantza taldeari proposatu zion ohitura hura berreskuratzeko. Baita egin ere. 1999tik, Deustuko Andreen Aurreskua egiten da urtero, aspaldi Bilboko auzo izatera behartutako herrian. Jai nagusiak Sanpedroetan egiteko ohitura ere galduta dago Deustun. San Jose da orain aitzakiatzat jartzen den santua; aurreko Jaurlaritzak lanegun buruzuri izendatu zuenetik martxoaren 19a, egun horren aurreko igandea hautatu dute deustuar andrazkoek plaza bereganatzeko. Joan den igandean ikusitakoaren kronika ere baduzu hau, hortaz.
Aurreskua 1999an itzuli zela esan dugu, baina aurretik, bi urtez, berreskuratze lan handia egin behar izan zen. Edo hobe birsortze esatea. XIX. mendeko dantza hartaz Revista pintoresca-ko aipua baino ez zutenez, Bihotz Alai taldekoek eta zeregin horretan lagundu zietenek zerbait erabat berri asmatu behar izan zuten. Asmatu edo... Jakin bazekiten behintzat emakumeek behar zutela protagonista; Deustun, ia inon ez bezala, andreei dagokie desafioa eta zortzikoa egitea, eta haiek ateratzen dituzte gizonak dantzara Kontrapasak dirauen bitartean, eta ez alderantziz. Gero, esku-aldatzekoan, neskak dantzatzen du mutilaren aurrean, eta neskak oparitzen dio txokolatezko gozoki bat mutilari, denek elkarrekin fandangoa eta arin-arina dantzatu eta gero. Koreografia asmatua da, eta urratsak zein doinuak tradizioaren tegi zabaletik aukeratuak. Oraingo urratsak eta XIX. mendekoak ez dira berdinak, noski, baina urtez urte gorde izan diren tradizioen kasuan ere hala izaten da, pentsa...
Dantza talderik ez zegoen Deustun XIX. mendean. Gaur egun bi daude, baina ohitura hau, orduan legez, herri osoarena izan dadin gura izan dute. Horregatik edozein andrazkok dantzatzeko atea ireki dute. Urtero, Bihotz Alaik hiru asteburuko ikastarotxoa eskaintzen du dantzan bereziki trebatuta ez daudenentzat, eta gainerakoa hurreratzen diren emakumeen esku –eta batez ere, oin– geratzen da. Baita jantzia ere, “tradizional” adjektiboa merezi izateko baldintzak betetzekotan. Hobeto ulertzen da goiko argazkiei begiratuta.
A idea que moitas veces repetimos os que traballamos no mundo da danza é que a danza é efémera. O dicionario Elhuyar dá como contrapartida a "efémero" español: efémero, destrutivo, perecedoiro, efémero, efémero, perecedoiro, perecedoiro, ilaun. Non lembro a quen lle lin... [+]
MOOR KRAD
Por: Compañía Ertza.
Cando: 3 de outubro.
Onde: Na sala Muxikebarri de Getxo.
---------------------------------------------
Dous anos despois coñecín a obra Moor Krad, na que os membros da compañía Ertza crearon e estrearon a peza. Entón, en 2022, tentei... [+]
Transmisioa eta dantza taldeetako erreleboa aztertu nahi izan dugu Dantzan Ikasi topaketetan, eta gazte belaunaldiek lan egiteko ereduak ezagutu nahi izan ditugu “Gazteen parte-hartzea euskal dantzan” mahai inguruan: Eder Niño Barakaldoko... [+]