Malasiako palma-olio ekoizle erraldoiak Afrika ekialdean lurrak erosten. Wall Streeteko banku-buruak Brasilgo etxaldeetan sartuta. Saudi Arabiako printzeak Filipinetan alor zabalak berenganatzen. Suitzarrak, Txinako oligarkak... Kalkulatu da Asia, Afrika eta Amerikan 10 milioi hektarea lur berenganatu dutela kanpoko kapitalistek.
Espainia, Frantzia, Alemania, Britainia Handia eta Italia... denen zabalera batu eta horixe da hamar urte laburretan munduko aberatsek berenganatu duten lur azalera. Bertan bizi zirenei kenduta, noski.
Hektarea kopuruak izugarriak dira. Konparazioa egin duena Fred Pearce kazetaria da, The Land Grabbers (“Lurren harrapatzaileak” esango genuke edo “Lur lapurrak”) liburuaren egilea. Lerroburu nagusiaren azpian, txikiagoek diote: “Munduaren jabe egiteko borroka berria. Nola ari diren pilatzen lurrak Wall Street, aberats txinatarrak, petrolioaren jekeak eta agro-industriak, gosez eta jendez gainezka dagoen munduan”.
Iazko maiatzean elkarrizketatu zuen The Guardian egunkariak Pearce. “Eskola zaharreko kazetaria naiz” aitortu zuen. Maite duela gertakizunak bertatik kontatzea. Lur ebasketaz behin eta berriro aditzen zuenez, dozena bat herrialdetara joan zen lapurreta hurbiletik ikustera, nola berenganatzen dituzten milioidunek Brasilgo sabana, Indonesiako oihanak edo Malin Niger ibaiak sortutako padurak.
Ugazaba berrien zama edozertan nabaritzen omen da haietan, Pearcek kontatu duenez. “Zu bazoaz Tanzaniako paraje batetik eta sakelako telefonoak esango dizu ‘ongi etorria Arabiar Emirerrien Batasunera’. Estatu honetako jeneral batek erosi ditu Tanzaniako parke nazional baten 400.000 hektareetan ehizan aritzeko eskubide guztiak. Bertakoek esaten dute gauez argi handiak piztuta ibiltzen direla, bazterrak sutu eta ihesi doazen leopardoak AK47ekin akabatzen. Bitartean Tanzaniako Gobernuaren eliteko paramilitarrek Masai jendea handik urrun daukatela”.
Amerikan baina batez ere Afrikan, edonon aurkituko duzu jendea batetik bestera mugimenduan, beren betiko lurretatik kanporatu dituztelako. Ez da begirunerik inoren eskubide ez historiko eta ez kulturazkorentzako. Lurren arpilatzaileek eremu handiak nahi dituzte, 50.000 hektarea edo handiagokoak, eta ezin da horrelakorik eskuratu baldin eta ez bada antzinatik bertan ehizan edo abeltzaintzan aritzeko usadioa dutenak fueratuta.
Munduko oligarken kirol berria bilakatu da ingelesez Land Grabbing eta frantsesez Accaparement des terres deitua. XXI. mendean gatazka, matxinada eta gerra ugariren ama izango denaz zerbait ikasi nahi baduzu, GRAIN gunera jo behar duzu tarteka.
GRAIN webgunea baino gehiago da, irabazi asmorik gabeko nazioarteko erakunde txiki bat da, munduko laborariei bezala mugimendu sozialei lagundu nahi diena lekuko komunitateek kontrolatutako eta bioaniztasunean oinarritutako elikadura sistemak atxiki edo garatzen.
Bi euskaldun bederen badira GRAINen: Paul Nicholson da presidentea eta Aitor Urkiolak dauzka administrazio eta finantzen ardurak. Berrikitan GRAINek plazaratu du -ingeles, gaztelania eta frantsesez- agiri txit baliosa munduko lurjabe berriak zeintzuk diren ezagutzeko: “Nortzuk daude lur lapurretaren atzean?”. Izen, abizen, diru, botere eta tragediaz beterik dago.
Afrikara edo Hego Amerikara alor zabalak erosi edo alokatzera hurbiltzen den dirudunaren irrika laburbildu du Susan Paynek: “Haurra goxoki denda batean bezala. Izugarrizko oportunitateak dauzkazu eta arriskuak jendeak uste duena baino askoz txikiagoak dira”. Payne buru daukan Emergent Asset Management inbertsio konpainia kanadarrak Afrikan lur kopuru handiak bereganatu ditu.
GRAINek lursailen espekulatzaileen eredutzat hautatu dituen 15etatik batzuk munduaren Ipar eta Mendebaldekoak dira, baina badira Hego eta Ekialdean suspertzen ari diren herrialdeetakoak ere, Indiakoak, Txinakoak... Hego Afrikakoa da Theo de Jagger, bere sozioekin inbertsioak egin dituena Kongon: “Munduko lur eta uren %45 gutxi probesten dira. Guk ez baditugu baliatzen oportunitateak, beste norbaitek eginen du”.
Txinako telekomunikazio konpainia handiena den ZTEren presidente Hou Weigui muturra sartzen hasi berria da Kongon eta Sudanen, baina aurretik Laosen 100.000 hektarea, beste milaka batzuk Indonesian.
Afrikan besteren artean bi indiarren izenak egin dira famatu: Siva Sivasankaran eta Sai Ramakrishna Karuturi. Honen deitura hartu du Karuturi Global Ltd. konpainiak. Ikusi eskuratu dituen eremuen neurriok: 311.700 hektarea Etiopian, Tanzanian negoziatzen ari da 370.000, granja erraldoi gehiago Kongon, Sudanen, Mozambiken eta Ghanan.
Karuturiren operazioen berri asko entzun da Afrikan, batez ere Gambela eskualdeako gatazkagatik. Human Rights Watch erakundeak 2012an salatu du Etiopiako Gobernuak indarrez lekualdatu dituela hango 70.000 biztanle, belaunaldiz belaunaldi bertan bizi zirenak, txabolategi berrietan haiek pilatzeko. Anuak etniako jendeei alorretan zeuzkan landare eta zuhaitzak erauzi dizkiete jabe berriek.
Etiopian 2002ko abuztuan hil zen arte lehen ministro izandako Meles Zenawiren izena ere jarri du GRAINek bere liburu berdean. Lekuko politikarien elkarlana funtsezkoa baita atzerriko oligarkek lurra berenganatu dezaten. Zenawik Etiopiako hegoaldean lau milioi hektarea jarri zituen alokagai; 2011rako 800.000 emanak zeuden. XXI. mendeko kolonizatzaileak heldu aurretik armada etiopiarrak indarrez atera zituen bertako milaka biztanle, eta azpiegitura berriak urratzeko oztopo egiten zuten oihanak suntsitu.
Eduardo Elsztain oligarka argentinarrak honela laburbildu du diruak lurrotan zer bilatzen duen: “Aktibo errealak [lurrak] babeslekua dira inbertsiogileentzako. Urrea eta laborantzarako lurrak dira gaur eskaini daitezkeen aktibo onenak, eta gu ahalik eta ondoen ari gara horretan”.
Oligarkia zaharberrituaren abanikoa osatzeko, herrialde txiroen balizko laguntzaile instituzionalak ezin falta: Munduko Bankua. Afrikan eta Amerikan baserritarrak beren etxaldeetatik kanporatu eta hiri handietako txabolategietara bidaliz astakeriak egin direla entzun dute Munduko Bankuan, baina garapenari ordaindu behar zaio bere prezioa. Hala zuritu du Munduko Bankuaren lana lurrarekiko negozioen ataleko buru John Lambek: “Kalifornian [XIX. mendean] urrearen beroaldiarekin bezala gertatzen da orain. Lehenbizi iristen diren inbertsiogileak ez dira munduko itxurazkoenak”. Alegia, lapurreta handia hasi besterik ez dela egin.
Recentemente tiven a oportunidade de ver o último traballo de Pierre Carles, un autor de documentais comprometido. Baixo o nome de Guérilla deas FARC, l'avenir a une histoire (guerrilla das FARC, o futuro ten historia), propón un relato renovado do conflito armado que durou... [+]
En 2011 estalou o poderoso movemento do 15-M, que puxo en aprietos ao Govern catalán. Entre outras cousas, naquela ocasión a Policía abalanzouse sobre a indignada acampada da praza Cataluña de Barcelona e asediou o Parlament o día en que os activistas debían aprobar os... [+]