Traducido automaticamente do vasco, a tradución pode conter erros. Máis información aquí. Elhuyarren itzultzaile automatikoaren logoa

"Umorea, gatza bezala, kontserbagarri ona da"

  • Angel Erro: poeta zonbi eta Volgako batelaria.

Dani Blanco

34 urte, 35 maiatzean.

Eta oraindik ez daukat e-book-ik. Esaten dut badaezpada ere norbait ari bada pentsatzen zer oparitu nire urtebetetzerako… Nik uste dut inork ez didala oparitzen mundu guztiak pentsatzen duelako aspaldidanik badudala. Horregatik aprobetxatzen dut elkarrizketetan eta toki publiko guztietan eskatzeko.

Horietako bat nahi zenuke?

Bai. Bestalde, oraindik inguruan dauzkadan paperezko liburu guztiak irakurtzeko bi bizialdi beharko nituzke. Ez litzaidake inportako, hala ere, bizitza gehiago eskatu behar izatea horretarako.

Ez zaizu arraro edo deseroso egiten euskarri elektroniko horretan irakurtzea?

Paperezko liburuek badute guk ezagutzen dugun geografia bat eta, alde horretatik, eroso ibil gaitezke. Bide ezaguna da eta aurrera eta atzera egin dezakegu ohituta gaudelako. Dena den, espazio berrien beldur ez da izan behar. Duela gutxi Umberto Ecori horretaz galdetu zioten, aurreko elkarrizketa batean esana zuelako Internetek eta liburu elektronikoek kulturaren gainbehera ekarriko zutela. (Gauza berari buruz galdetu zioten, normalean elkarrizketatzaileek nahi izaten baitute aurreko elkarrizketetan esandakoak errepika ditzala elkarrizketatuak) Eta orduan Umberto Ecok deklarazio hura zuzendu behar izan zuen esanez egiatan ez dela hainbesterako, eta abar. Norbaitek, akaso, oparituko zion e-book bat, ez niri bezala. Kontuz ibili behar dugu kulturaren gainbeheraz hitz egiten dugunean.

Eta idatzi? Ordenagailuan ala eskuz?

Normalean ordenagailuz, oso erosoa delako zuzenketak egiteko eta abar. Dena den, eskolan tabletarik eta arbel elektronikorik ez genuenok ohitura dugu eskuz idazteko. Gainera adinean gora noalako edo, ideiak momentuan ez apuntatzera ahaztu egiten zaizkit, nahiz eta gero idatzitakoa ikusi eta egiaztatu ehuneko handi batean hobe burutazio horiek ahaztu izan banitu. Darwinismo poetikoa izan daiteke hori.  

Zuzenbidea ikasi, baina bokazio handirik gabe. Zergatik?

Kontu praktikoengatik. Erosotasunagatik gehienbat, eta hori normalean aukerarik txarrena izaten da. Baina baita aukeratuena ere. Iruñean ikas zitekeen zerbait nahi nuen, Opuseko unibertsitatera ez nuen joan nahi eta NUPen hori zen letren aldera gehien lerratzen zena. Gainera etxean gauza praktiko bat nahi zuten. Ez naiz damutzen. Zerbaitetarako balioko zuen. Nire seriotasuna berresteko, adibidez, gizon serio izaten jarraitzeko. Neure buruari ere esaten nion idazle jende asko Zuzenbidea ikasitakoa zela, Igor Estankona, adibidez. Berehala ikusi nuen argi, eta bukatu bezain laster literatura kontuetara bideratu nintzen.

Gasteizen Euskal Filologia ikasi eta doktoretza tesia prestatzen hasi zinen. Hori bukatzeko asmorik?

Bizialdi honetan ez, edo, izatekotan, jubilatutakoan.

2002an Eta Harkadian ni eta 2005ean Gorputzeko humoreak.

Liburu gehiago ez, oraingoz. Kontzientea naiz badaramadala denbora luzea libururik atera gabe. Eta faltan sumatzen dut jendeak galdetzen didalako eta kazetariek ere bai. Ez da atsegina elkarrizketak egitea, baina bere morboa ere badu bestalde. Nik uste dut elkarrizketa honek txirrinta kenduko didala beste zortzi bat urterako eta, horren ondorioz, hurrengo liburuaren kaleratzea berandutuko dela. Eta, are gehiago, ohartzen banaiz ez dela beharrezkoa ezer egitea elkarrizketatua izateko, agian ez dut libururik atera behar izango nire bizitza osoan.

Baina beharrezkoa al da libururik kaleratzea, gaur egun, idazle izateko?

Gero eta gutxiago. Esaterako, egun uste dut modu ezkutuan lehia bat ezarri dela euskal poeten artean ikusteko zeinek uzten duen liburu batetik hurrengora tarterik handiena. Jon Benitok kaleratu zuen bere azkena bederatzi urte pasata edo Rikardo Arregi Diaz de Herediak bere hamalau urteko isiltasunaren ondoren argitaratu du liburua. Agian hori izan daiteke olerkariak gogogabetzeko modu bat: balio bat bada ahalik eta beranduen liburuak ateratzea, desagertze bidean sar daitezke. Beno, hau tontakeria bat da.

Liburu berririk ez, baina zenbait komunikabidetan eta sare sozialetan ere etengabe ari zara zu.

Inork ez daki garai honetatik zer geratuko den gogoangarri etorkizunari begira. Gerta daiteke, literaturaren eremuan beti ere, orain kontzienteki jorratzen ez dugun eremua izatea gerokoek baloratuko dutena. Seguruenik XVII. mendean idazleak ibiliko ziren erlijiozko liburuak idazten pentsatuz hori zela balio zuena eta hori izango zela euskal parnasora bidaliko zituena, fikziozko lanak eta kanonetatik kanpo gelditzen zirenak oso bigarren mailan utzita. Eta oso oker zebiltzan. Hori daukat nik kontsolamendu txikia. Beharbada Twitterreko sarrerak izan daitezke liburuetan bilduak XXI. mendetik geldituko den gauza bakarra. Edo telebistako iragarkiak Shakespeareren lanak bezala goraipatuko dituzte. Ez da ezer gutxietsi behar eta hori dela-eta arreta handia jartzen diet nik Argia eta beste medioetarako idazten ditudan artikuluei.

Hizkuntzazale amorratua zara: ingelesa, frantsesa, alemana… eta latina, greziera pixka bat ere bai, noski.

Bai, baina denetan maila diskretuan. Sinesten ez didanari gonbitea egingo nioke nirekin Sanferminetan ibiltzera hori egiaztatzeko,  aste horretan au-pair edo antzeko jardunaldi moduko batzuk egiten baitira Iruñean eta hemengo jendeak ez du Erasmus beka batekin inora joan beharrik hizkuntzak praktikatzeko. Hitzak politak dira hizkuntza guztietan. Hitzak maite badituzu zenbat eta hizkuntza gehiago ezagutu orduan eta background gehiago ikusten diezu. Azaleko harremana izateari utzi eta maitemindu amorratu bihurtzen zara.

Zure bi liburuetan eta artikulu askotan klasikoak berreskuratu eta hurbiltzen dizkiguzu egungo irakurleoi. Hori da zure ekarpen nagusietako bat?

Nire “Ekarpem diem”. Lagun batek “klasikontzi” deitzen dit. Hala da, baina ez dakit hori horrela den horrela delako edo lehenbiziko agerpen publikoa horrela eginda, estereotipo hori ezarri nuelako eta gero topikoa elikatzen jarraitu ote dudan ohartu gabe.

Klasikoen bazterketa sistematiko horretan, pentsa daiteke irakaskuntzan ere zerbaitek huts egiten duela?

Agian aukeraketa txarra egiten da. Ez dakit, ez dut gogoan zer ematen ziguten guri, baina inpresioa izan dezaket, beharbada beste arlo batzuetan huts berdina egiten dutelako,  jende gazteari aurkezten zaion aukeraketa dela helduek kontsumitzekoa edo, aldiz, oso modu fosilduan eta infantilean.

Zer interesatzen zaizu egile hauengandik?

Egon badago nolabaiteko prebentzio edo beldurra klasikoekiko, edo beharbada fama txarra besterik gabe, baina aldeko gauza bat, bederen, badute: denbora. Gaur egungo gauzetan egina ez dagoen galbahea haien lanekin egina dago. Jende askoren eskuetatik pasa da eta ahaztu beharreko guztia ahaztu da, horregatik jende hori aintzat ez hartzea harrokeria izan daiteke. Klasikoek balio dezakete, besteak beste, topiko batzuk deuseztatzeko, onenak edo coolenak garela pentsatzea, adibidez. Geure burua galtzeko arriskua dago azken moda segitzeko joera zoro horrekin.

Umorea zure osagai nagusietako bat da?

Bestea konpentsatzeko, nolabait, bestela mendez aldatu beharko nuke edo apaiz sartu eta ez dut batere asmorik. Baina umorearekin kontuz ibili behar da. Ezin duzu zeure buruaz esan “ironikoa naiz”, edo “umorea saiatzen naiz sartzen nire lanetan”, jendeak zure idazkiak begiratu eta ezer barregarririk ez aurkitzea gerta daitekeelako. Nik bekatu hori jada egina dut. Nire bigarren liburuan, Gorputzeko humoreak, umoreaz mintzo nintzela nioen. Halere jende askok aurreko liburua baino serioagoa zela pentsatu zuen. Umorea egin dezakezu nahi gabe edo nahita. Edozein modutan ere, era batera edo bestera izan, historiak zerbait erakutsi badigu bada umorea, gatza bezala, kontserbagarri ona dela. Nik esango nuke literaturako maisulan ia guztietan umore portzentaje handi bat dagoela.

Produkzio handia egiten duzu: Argia, Nafarroako Hitza, Iruñerriko Euskalerria irratian hiru saio desberdinetan, sare sozialak…

Nire inpresioa da ez dudala ezer egiten. Kontu aitorrezinak kenduta, gauzak geroratzen ematen dut eguneko denbora gehiena. Dena geroko uztea oso joera euskalduna da, Axular handiak, seguruena gazte denboratik proiektatuta zeukan baina hil aurreko urtean idatzitako liburu hartan argi utzi zigun bezala.

Volgako batelariak blogaren inguruko koadrila horretan enfant terrible batzuk bildu zineten.

Hizkera juridikoan koadrilan aritzea agrabantea da. Nik oso ongi pasa izan dut. Asko ikasi eta lagun minak egin ditut bertan. Euskal kulturak astinaldi bat behar zuelakoan geunden eta gauza serioak plazaratu nahi genituen modu zirikatzailean. Blogen urrezko aroan sortu zen; orain nik uste dut hori neurri batean pasa dela jada.

Euskalerria Irratian Iñigo Astiz eta Hedoi Etxarterekin batera Poeta zonbien taldea eratu duzue.

Agian hemendik poeta belaunaldi bat atera daiteke. Eta emaitzak ere izan ditzake: Iñigo Astizekin, eta hau erdi esklusiba da, lau eskutan idatzitako poema liburu bat burutzen ari naiz. Nire itzulera poetikoa izan litekeena, beharbada. Gaia ez da serioegia, poema zirikatzaileak euskal kulturaren inguruan. Ezer aterako ez balitz ere, behintzat ongi pasatu izana geldituko zaigu.

Poeta euskalduna izanda, zure herrikide gehienentzat ez zara oso ezaguna izanen. Ez duzu inoiz pentsatu erdaraz idaztea?

Ni naiz kexatzen lehena euskara eta euskaldunak Nafarroan ikusezin bihurtu nahi gaituztelako, baina hala ere, oso erosoa iruditzen zait jende artean diluitu ahal izate hori. Jende askok Europa ekialdeko hiztuntzat hartzen gaituela iruditzen zait eta batzuetan sentitu edo fantaseatu dut horrekin. Ikusi besterik ez dago batzuek nola begiratzen zaituzten eta nola eusten dioten poltsari. Eroso sentitzen naiz jakinda ez didatela zutabe bat eskatuko erdaraz. Euskara armairu handi eta erosoa da niretzat. Elkarrizketa hau bera seguru nago aitak ikusiko duela eta galdetuko didala ea zertaz ari naizen. Nire aitaz ari naizen paragrafo hau bera ez du berak ulertuko eta hori lasaigarria zait. Sarrionandiak zioen kartzela-zainen aurrean euskara zela eremu libre bakarra eta nik ere sentsazio hori daukat askotan.
 

Nortasun Agiria

Angel Erro duela 34 urte (1978ko maiatzaren 12an) sortu zen Burlatan. Zuzenbidean eta Euskal Filologian lizentziaduna, hizkuntza, literatura eta musika klasikoaren maitale sutsua da. Euskaldunberria. Bi poesia libururen egilea: Eta harkadian ni eta Gorputzeko humoreak. Desira desordenatuak liburuaren 14 egileetako bat eta haren harira sortu zen Ez dok armairu ikuskizuneko partaide izandakoa. Volgako batelariak eta 31 eskutik blogetan, Argia aldizkarian, Nafarroako Hitzan eta Iruñerriko Euskalerria Irratiko hiru saiotan zabaltzen ditu bere artikulu eta gogoetak.

Aitorpena

 “Angel Erro ezizena aukeratu nuen, alde batetik, nire aleman zaletasunak eta, bestetik, lotura bitxiekiko atxikimenduak bultzatuta. Izen autoerreferentziala da. Bere burua adierazten du nolabait. Euskara-alemana hiztegian “Angel” hitza bilatzen baduzu, euskarazko bere ordaina “Erro” da. Eta alderantziz. Die Angel alemanez atearen erroak adierazteko erabiltzen da. Bitxia iruditu zitzaidan eta izen artistikotzat-edo hartu nuen. Batzuetan nire benetako izena ahaztu eta guzti egiten dut eta Harkaitz Herrero izenaz norbaitek deitzen didanean, ezin dut harridura sentsazio txiki bat saihestu. Edonola, batek ez du inoiz bere burua erabat ezagutzen. Dena da geure buruari kontatzen diogun kontakizun bat, entzun nahi duguna. Esaterako, aurrekoan lagun batek iradoki zidan nire bi poema liburuen izenburuetan (Eta harkadian ni eta Gorputzeko humoreak) agertzen diren “soberazko” H bitxi horiek nire benetako izenaren agertze fantasmala direla. Nik ez nion inoiz horri erreparatu; izan ere, ez dut uste hala denik, eta biribilki ukatu nuen, beti pentsatu izan dudana eta poemategien izenaz galdetu didatenean erantzun ohi dudana berrituz, hau da, hitz jokoak direla, lehen kasuan Antzinateko Arkadia idilikoa, berde eta oparoa, errealitatearen zakartasunarekin konparatu nahi nuela, harkadiak euskaraz harritza esan nahi baitu, harkaitzez betetako tokia; bigarren kasuan ere (h)umore hitzaren bisemiarekin jolasa egiten nuen, gorputzeko isurkari klasikoei tinta eta hazia gehituz, umore beltzez, hau da, malenkoniaz. Orain ez dakit hirugarren liburu batean H hizkia sartzera ausartuko naizen (ez dut uste), ezta, sartu nahi izatekotan, hitz jokorik geldituko ote zaidan erabili gabea”.

Off the record
Adiskide

Zirikatzailea, trufaria, azkarra eta dibertigarria. Kultura handikoa eta memoria on samarrekoa. Zitak, izenak eta datuak purrustadaka iristen zaizkio burura, eta handik mingainera esaldi luze eta konplexuetan txertatuta. Ideiak ideiekin kateatuz infinitoraino. Elkarrizketan zehar, behin baino gehiagotan galdu garela, galdu dugula haria daitort. Baina ez du axola. Angelek lasaia, atsegina eta ia baltsamikoa ere badakiela izaten esanen nuke nik. Norgehiagoka intelektual batean adiskide bezala nahiago nuke mila bider, arerio baino.

Klasikontzi

“Aspaldian vinilo tempore esaten zidaten ‘zu bezalako gazte bat klasikoekin eta halako gauzetan zaletuta, zeinen bitxia’. Ez da hain harrigarria baina hori esaten bazidaten agian izango zen hutsune bat dagoelako, merkatuko horma-hobi bat edo”.
 

Helburu nagusia

“Ongi pasatzea eta ongi pasaraztea. Orain ez dakit oso Ana Rosa Quintana aldera ez ote naizen lerratuko hau esatean, baina nik uste dut zoriontsu izateko gaudela munduan. Plazan zaudela, jendaurrean atsegina izaten saiatzea betebehar bat dela iruditzen zait”.
 

Twitterren

Angel Erroren txio bat Twiterren: “Euskararen zonifikazioa (vintage hori) Zesarren eran baino ezin da. ‘Navarra in tres linguisticas zonas divisa est’ http://la.wikipedia.org/wiki/Navarra#Linguae”.
 


Interésache pola canle: Euskal literatura
Sukar Horiak entrega o venres os premios do concurso literario sobre futuros habitables
Bilboko Zirika! A repartición realizarase na zona urbana, o venres ás 19:00 horas. Os textos difundiranse a través de fanzine e nas redes sociais.

2024-12-05 | Leire Ibar
A Feira de Durango abre as súas portas coa visita dos alumnos
O 5 de decembro celebraranse talleres, conferencias e espectáculos dirixidos ao alumnado e profesorado. A través das dinámicas poder coñecer aos creadores e contactar con eles. O aforamento xa está completo para a mañá do alumnado. ARGIA preparou unha ampla oferta... [+]

"A literatura é un lugar para a complexidade, non para dar leccións"
Uxue Alberdi acaba de publicar a súa sétima obra para adultos, a terceira no conto: Hetero (Susa, 2024). O libro recolle oito narracións, e o punto de partida de todas elas foi unha paisaxe, un momento ou unha relación que lle fixo pararse na memoria e pensar “algunha vez... [+]

O alumnado de ESO presenta o concurso de lectura para o fomento da literatura
Tras o seu éxito nas escolas de Eslovenia, a editorial Alberdania trouxo aos centros educativos de Euskal Herria o concurso de lectura Joko Ona Denontzat: O alumnado da ESO lerá por grupos “libros de alta calidade” e seleccionando avatar irá superando os retos asociados... [+]

Leire Lakasta Mugeta
"As palabras son pedras para Ernaux e o coitelo de escritura"
A escritora Annie Ernaux (Lillebonne, Normandia, 1940) traduciu ao euskera un libro de entrevistas no que reflexiona sobre a súa poética e a súa función: A escritura é un coitelo (Katakrak, 2024). Durante a entrevista, ademais de comentar as opcións estéticas e políticas... [+]

‘Politeísmo salvaxe’: catro días nos pensamentos de Angela Davis e Jule Goikoetxea
Goikoetxea publicou un novo libro coa editorial Susa: Politeísmo salvaxe. A pesar de cualificala como novela, é unha crónica doce e viva que fará que o lector se penetre nos pensamentos de Goikoetxea. A presentación tivo lugar no soto da rúa San Jerónimo de Donostia-San... [+]

Coa axuda dos xigantes e rodeados de nenos presentamos o libro 'A aventura xigante'
Unha gran aventura. O libro infantil Salba dezagun kalejira foi presentado de forma especial por ARGIA, na capital guipuscoana. Moitos nenos e pais reuníronse en torno ao conto de Gorka Bereziartua e Adur Larrea, e houbo tempo para a festa, para bailar, para contar contos e... [+]

Aprendendo a escribir contos: por onde empezar e a que seguir?
Garazi Arrula (Tafalla, 1987) e Iñigo Astiz (Iruñea, 1985) foron convidadas por Mikel Ayerbe (Azpeitia, 1980) á segunda dos faladoiros sobre literatura vasca, Idazeaz. O tema deste programa de entrevistas foi o conto vasco, e entre outras cousas, falaron sobre os procesos... [+]

Uxue Juarez. Palabras mistos
"Os poemas son esas ondas que se producen cando lanzas unha pedra á auga"
Fai case 10 anos que tiven como titora no Bacharelato, reuninme con Uxue Juarez na caseta Toureau (Alkiza) do museo Ur Mara, rodeada de haxas e esculturas de Koldobika Jauregi. Uxue segue sendo a autoridade para min, pero noutro sentido agora. Leva un amplo sorriso na cara e na... [+]

Katixa Dolhare-Zaldunbide
"Apréndese a gozar da literatura e hai que traballar ese proceso de aprendizaxe na aula"
É profesor de Literatura, investigador e escritor afincado en Banka. A finais de setembro celebrouse en Itsasu unha charla sobre a poesía de Ipar Euskal Herria. Entre outras cousas, empezamos a charlar con el para que nos trouxesen aos que se equivocaron.

Presentación do libro 'Abentura erraldoia' acompañado duns pasacalles de xigantes e cabezudos, este venres en Gros de Donostia
A comparsa de xigantes e cabezudos do barrio donostiarra de Gros contará cunha kalejira e un baile amenizado pola presentación de libros que organizou ARGIA este venres: Unha gran aventura. Os autores Gorka Bereziartua e Adur Larrea presentan a kalejira Salba dezagun, que se... [+]

Día de irmandamento entre Baenza e Tafalla
Liturxia non católica na capela de Urdoz

Coidado con esa mirada do Sur. En primeiro lugar desmitificar a cega admiración da terra verde, das casas brancas e de tézalas vermellas, o amor incondicional, o fetichismo asociado á fala e ao suposto estilo de vida. Deixa, como escoitou con frecuencia Ruper Ordorika, unha... [+]


'Gero': o futuro do pasado

Falemos claro, sen reviravoltas, sen ter que moverse máis tarde para dicir o que tiña que dicir: este xogo, que consiste en xuntar as letras en eúscaro, pasouno Axular. Case axiña que como se inventa o xogo, de tal maneira que na maioría das páxinas de Gero o autor dá a... [+]


2024-10-21 | Leire Ibar
Aiora Jaka, Jon Urzelai e Julia Otxoa son os outros gañadores dos Premios Euskadi de Literatura
Na presentación que se realizou no Museo San Telmo de Donostia déronse a coñecer os gañadores das categorías de Tradución literaria ao eúscaro, Ensaio en Eúscaro e Literatura en castelán. O xurado decidiu non conceder o Premio de Ensaio en Castelán, que outorga o... [+]

Eguneraketa berriak daude