Aleppo hirian, Al-Assaden tropen aurka borrokan ari den frankotiratzailea ezagutu du Andoni Lubaki kazetariak. Eremua zaintzea eta aurkariak zelatatzea da frankotiratzailearen egunerokoa. Eta tiro egitea.
Ali Kassmou eserita dago, arnasa hartu nahian gorantz begiak itxita. Izerdi tanta bat erori zaio kopetatik behera. “Oraingo honetan gertu egon da” esan, begiak ireki eta lurrean etzan da. Ondoan du, oraindik bero, belgikar jatorriko fusil zaharra, Aleppoko kaleetan ibiltzeko lagunik onena, bere hitzetan. Segituan jaiki da, ordea: “Oraindik beste kale bat geratzen da”. Makurtuta abiatu da kale estutako bidegurutzera. Sakelatik ispilua atera eta isla baliatuz kalearen beste aldea ikusten saiatu da. Ondo arakatu du ingurua, ispilua alde batetik bestera mugituz, kale izkina guztiak miatuz, zirrikiturik ere utzi gabe. Fusila bizkarrean zintzilikatu eta bizkarraldetik 9 mm-ko Magnum pistola atera du. “Etxe barruan borrokatzeko erabilerrazagoa da”, dio. Bat, bi, hiru kontatu eta korrika batean gurutzatu du kalea, parean dagoen ate ilunetik sartu eta desagertu egin da haren irudia. Aleppoarra da Ali Kassmou, 20 urte ditu eta Abu Ahmed ezizenez ezagutzen dute gerlako frontean, nahiago du hala deitzea. Sniperra da bera, frankotiratzailea alegia.
Abu Ahmedek zinema oso du gustuko, txikitatik, gerra eta umorezko filmak gehienbat. “Siriara iristen ziren pelikula guztiak ikusten nituen. Ondoren nire lagun batek ziber-kafe bat ireki zuen eta handik pelikula mordoa jaitsitakoa naiz”. Bere gogokoenak Saving Private Ryan, The thin red line eta Bigarren Mundu Gerrari buruzkoak dira. Badu kuttun bat ere: Enemy at the gates. “Film hori ikusi eta erabaki nuen gerla hasi zenean nik ere Vassily Sheichef pelikulako protagonistaren gisan frankotiratzailea izan nahi nuela”. Siriako Armada Askeko boluntarioa da eta Assad-en tropek kontrolatzen duten eraikin bi eta sei kale zaintzea du zeregin. Norbaitek alde batetik bestera pasa nahiko balu, bi bandoetako frankotiratzaileek ikusiko lukete. Gurutzatzen duenak, beste aldera iristea lortzen badu, ezin du jakin nondik datozkion tiroak.
“Nik etxe hau dut lantoki eta hemen barrutik sei kale kontrolatu behar ditut. Ezin naiteke leihoetara gehiegi hurreratu, beste aldean beste frankotiratzaile bat dagoelako eta tiro egingo lidakeelako, zalantzarik egin gabe. Sagu eta katuen pare. Badakit hor daudela, badakite hemen nagoela, sentitzen ditut eta sentituko naute. Baina ezin elkar ikusi!”.
Abu Ahmedek “lantokia” erakutsi digu. “Hemengo zulotik kale hau ikusten dut eta egongelaren beste aldean dagoen beste hartatik kale luzeena. Hildakoen kalea ere deitzen diogu, usteltzen ari diren bost gorpu baitaude. Inork ez ditu jaso, muturra hurbiltzen duen edozeini tiro egiten diolako Al-Assaden soldaduek. Nik aldiz ez diet zibilei tiro egiten. Auzokideak ditut, hemen jaiotakoa eta hezitakoa naiz ni, horko etxe birrinduan”, azaldu digu tiratzaileak, kale izkinetako bat seinalatuz.
Erabat txikitutako gela batetik bestera mugitzen da, isil-isilik. “Gehienetan bakarrik egon ohi naiz, hobe horrela”, diosku. Lehen etxebizitza honetan bertan familiak banantzen zituzten paretak zuloz josita daude gaur egun eta pasilloak eta leiho asko itxita. Labirintoa dirudi Saif Al-Dawla auzoko fronte honek, eta ingurua ondo ezagutzen duen batekin gerturatzea komeni da, baita inguruko kaleetan borrokatzen duten gudariak eurak ere. “Galtzeko arriskua dago bestela, eta agertu behar ez zaren tokian agertzen bazara... kito”, argitu du Abu Ahmedek, hatzarekin lepoa mozteko keinua eginez, labana bailitzan.
“Orain gauden etxebizitza hau –gaineratu du– nirekin eskolan ibilitako lagun batena da. Txikitatik ezagutzen dugu elkar eta lehengoan Interneterako konexioa lortu nuenean bere email bat jaso nuen, gurasoen etxebizitza nola zegoen jakin nahi zuen. Assaden aldeko familia batekoa zen, ez nion esan nik bertan lan egiten nuenik, baina ondo zegoela uste nuela erantzun nion”.
Gelatik gelara mugitzen da Abu Ahmed, isilik beti ere. Eraikineko egongela kiskali eta sukalde kirasdun guztiak ezagutzen ditu, hormetako zulo txiki guztiak. Mila leiho txiki dituen etxeko erregea da Ahmed, sei kaletako zaindari eta amets bakarraren jabe: “Gerla irabazi eta ikasketak bukatzea”.
1980ko hamarkadan Latakiatik (Siriako kostaldean) iritsitako musulman sunita da Ahmeden familia, siriarren gehiengoa bezala. Familia osoa aldatu zen Aleppora, mehatxuak zirela medio. “Osaba Haffez Al-Assad-en poliziak hil zuen, aurka egiteagatik. Etxea erre ziguten orduan eta aitak erabaki zuen hobe genuela leku seguruagora etorri. Horregatik diot beti latakiarra naizela, ez alepoarra, Aleppon jaio eta bizi izan naizen arren”, azaldu du gudari gazteak.
Assaden aurkako protestetan ibiltzeagatik, familia ezaguna da berea eta senide ia guztiak espetxetik pasatutakoak dira: “Aitona, osaba, aita, anaiak… Ia denak pasatu dira Al-Assaden atzaparretatik”. Saif Al-Dawlako komandantea da osaba, Abu Ali gerra ezizenez ezaguna. “Berak irakatsi zidan nik orain dakidan guztia. Bi orduko ikastaroa jaso eta fronterako prest nengoela esan zidan”.
Dagoeneko, urtebete darama Ahmedek borrokan. Argi du zergatik: “Mendekuagatik hasi nintzen borrokan, osaba, anaia, aita eta lehengusuak bezala. Nire familiari egindakoa ez diot inoiz barkatuko Al-Assad familiari. Baina ez dut bera bakarrik errudun jotzen, bere inguruan egon diren militar, politikari eta gaizkile guztiak ere errudunak dira. Ez naiz oso islam-zalea, baina jende horrek guztiak zigorra merezi du”.
Ostiraletan, Assaden aurkako manifestaldietara joatea gustatzen zaio Ahmedi. Lagunekin elkartu eta indarrak berritzeko balio dio. “Bustan Al-Qasr-eko protestak gustatzen zaizkit. Hor ikusten duzu zergatik eta zeinengatik ari garen borrokan”, dio gazteak. Hantxe elkartzen dira batailoiko gazte gehienak: Abdelazziz, Ahmed, Mohammed, Yassar, Jamil... “Denak egon ohi dira, baina batzuetan ezin izaten dugu etorri, frontea zaindu behar dugu”, dio. “Hau Jamil da, nire laguna –aurkeztu digu–. Idlib-ekoa da, baina Aleppora etorri zen boluntario, borroka egitera. Ordutik lagunak gara”.
Eskua luzatu digu Jamilek. Bere esanetan, “borroka irabaziko dugu eta Siria berri bat jaioko da Ala-ren laguntzaz. Korana da gure arma indartsuena, Jainkoak eman digun armarik onena!”. Koraneko sura batzuk errezitatuz hasi da manifestaldia, meskitako errezoak bukatu ostean. Kantu eta oihu artean, sorbaldatik helduta aurrerantz doaz gazte borrokalariak, umeak lepoan dituztela. Siriako bandera “errebeldea” gogoz astintzen dute esku batean, bandera islamista beltza bestean. “Allahu Akhbar, Allahu Akhbar, Allahu Akhbar!” (jainkoa handiena da) errepikatzen dute, fededun.
Segituan amaitu da manifestaldia, Assaden helikoptero bat entzun bezain pronto. Jendea beldur dela sumatzen da eta etxeetako portaletan gorde dira azkar batean, badaezpada zerura begira. Zerutik datozen misilen izuak, fedeak baino azkarrago mugiarazten ditu protestan doazenak.
Ondoren, frontera bueltatu da Abu Ahmed. Te gorri bero bat hartu du eta lantokira sartu da, ate ilunetik barrena. Korrika egin du berriro suntsitutako kaleetatik, pistola eskuan duela gela guztiak miatzeari ekin dio atzera, zelatan, inor baimenik gabe sartu ote den. Gaur ere, mila leiho dituen etxeko erregea da Abu Ahmed aleppoarra, sniperra.
O final da República Árabe Siria causou unha gran sorpresa pola forma en que se produciu: rápida e case sen resistencia. Con todo, non é tan estraño si temos en conta que o país estaba destruído, empobrecido e trocado. Hai tempo que a maioría dos sirios non se preocupaba... [+]