Mugetaz erakusketa kontzeptuala eta inaugurazio ekitaldiko performancea pista-joko baten jitean osatu ditu Eric Dicharryk. Etapaka egiten da espazioetan aurrera. Lehena gaindituta errazago ulertzen ahal da hurrengo erronka.
Bigarren espazioa ontzeko, kasura, Maiatz aldizkarian lehenagotik argitaratua zuen idatzia desegin, guztiz xehatu eta hura osatzen zuten hitzak orri banatan idatzita, txoko bateko paretan itsatsi zituen. Ikusleak, zabaltze ekitaldira azaldu ahala, lanean ipiniak zituen ordurako, eta erakusketaren osagai bilakatuak. Xehe-xehe egindako testu horretatik, ele saldo horren artetik, esanguratsuena zitzaien hitza hautatzera gonbidatu zituen lehenik. Gero, hitz hori paretatik askatu eta orria zimurtzera, pilota bat egitera. Azkenik, pilota hori paretaren kontra botatzera. Adibide bat jartzearren, Gabi Mouescak, publikoaren artean baitzen,“bil” hitzari heldu zion.
Era interaktibo honetan Herriari hitza ostu zaiola adierazi nahi zuen Dicharryk; politikariek nahi dutena egiten dutela herritarrei emandako hitzarekin, haien botoetatik jasotakoarekin. Demokraziaren disfuntzioarekiko ezadostasuna azaldu beharra, horixe erakusketaren adar honen funtsa. Bazen gogoetarako bestelako ekintzarik ere, performancearen baitan, azaroaren erdialdeko egun hartan.
Gaur, orriak paretari josteko erabilitako agrafak besterik ez dira gelditzen erakusketako txoko horretan. Agrafak, eta paper festa horretatik espresuki utzitako bi hitz: “eskubiderik” eta “ertzean”. Gainerakoek, paper-ontzira doazen zakarren moduan, pila osatu dute lurrean. Maiatz aldizkarirako sortutako idatzi hori, hala ere, pantailan ageri zaigu, beltzaren gainean mugimenduan, Xabi Erkiziak erakusketarako sortutako erritmoaz lagunduta. Orduko publikoa ere beste pantaila batean ageri da, bakoitza bere orria eskuan duela. Baita Facebooken ere.
Aizkora hotsak entzuten dira garbiki. Izan ere, horixe du elementu nagusia Dicharryren erakusketak. Argialde aretoak kristalezko sabaipean osatzen duen hutsune biribilean bost aizkora ipini ditu airean, hari ia ikusezinez zintzilika. Jorge Oteizari keinu eginez (bitrinan ipini dituen liburuen artean ere ageri da bere obra), cromlecha dakarkigu gogora, eta artzainek esparrua mugatzeko aizkorak lau aldeetara botatzen zituzteneko garaia, edo gatazka armatuak.... Espazio-denboran gure erroetara bidaiatzea proposatzen zaigu honenbestez, sinbolismoz beteriko lanabesa medio. Bakea deitu dio erdigunea den aizkora multzo honi, eta izatez, eskultura izendatzeko ideiaz areago, aldarria da, Euskal Herriko bake prozesua bultzatzeko bere proposamen artistikoa.
Mugetaz izenburua ipini dio Eric Dicharryk erakusketa multiforme eta parte-hartzaile honi, eta bitxia egiten da, hark ez baitu mugarik ezagutzen espresiobideei dagokienez. Antropologoa da ikasketaz, ikerlaria ofizioz, eta arte kontzeptualean murgildu den sortzailea ere bada beharrez, filosofia korronteak eta filosofoak beti aldean dituena.
Ikertutakoen artean, Zuberoako Maskaradak, Euskal Herriko besta eta arte garaikidea, euskaldunon irria eta Hezkuntzaren ekologia ditugu aipagarrienak. Aurki, horietaz eta bestez mintzatuko zaigu elkarrizketa batean, Argiako Kaieran.
Este texto chega dous anos tarde, pero as calamidades de borrachos son así. Unha sorpresa sorprendente sucedeu en San Fermín Txikito: Coñecín a Maite Ciganda Azcarate, restauradora de arte e amiga dun amigo. Aquela noite contoume que estivera arranxando dúas figuras que se... [+]
O luns pola tarde xa tiña planificados dous documentais realizados en Euskal Herria. Non son especialmente afeccionado aos documentais, pero o Zinemaldia adoita ser unha boa oportunidade para deixar de lado os hábitos e as tradicións. Decidinme pola Réplica de Pello... [+]