Traducido automaticamente do vasco, a tradución pode conter erros. Máis información aquí. Elhuyarren itzultzaile automatikoaren logoa

"Plazari izu izugarria izan diot beti"

Euskal Herrian, zergatik dira enpresari asko eta asko baserritarrak?

Baserria delako munduko unibertsitaterik osoena. Haurrak, jaiotzen den momentutik, naturarekin harreman zuzen-zuzena izaten du eta oharkabean txertatzen zaio naturaren funtzionamendu osoa. Inork esplikatu gabe ikasi nuen amak egiten zuela umea. Behiak, txakurrak, txerriak, erditzen ikusten nituen, oiloak arrautzak jartzen, eta begi bistakoa zena ondorioztatu besterik ez nuen egin. Gero, hainbeste lagun biltzen gintuen sukaldeko mahai handi hartan, egunero kontatzen zizkigun amonak azokako gorabeherak: zenbatean saldu zuen esnea, zenbatean zeuden arrautzak, zenbat ordaindu behar izan zuen olioa… Dena. Etxean behi bat erosi behar bazen, mahaiko tertulian eta haurren bistan hartuko zen erabakia, eta guk behia erosteko sosak txekorrak salduta eskuratuko genituela natural-natural entzuten genuen. Beharra bezalako maisurik ez dagoenez, baserrian sortzeak munduaren errealitatean murgilduta bizitzea dakar. Hori gutxi ez, eta oinez ikasi orduko ardurak eransten zizkiguten, gurasoak siestan zeudenean etxeko erremintekin gure jostailuak sortzen genituen... 14 urterekin kalera lanera hasi ginenerako gizon koxkorrak eta erdi ofizialeak ginen! Pentsamendua lantzen ohituak geunden, lan-tresnak erabiltzen saiatuak, eta naturaren logika eta negozio sena barneratuak geneuzkan. Gaur egun, enpresariak sortzeko unibertsitate bereziak daude, baina lehengo baserri askotan debalde ikasten zen hori, inolako konpromisorik gabe.  

Orduko gizarteak zer konpromiso zuen hitzarekin? Zer zen hitza zuentzat?

Gure jolaserako tresna. Elkarrengana bildu eta elkarrekin gozatzeko aukera zen hitza. Hitz egitea zen orduan balio zuena. Batzuetan serio, bestetan umorez... Hitzak gaur baino balore gehiago zuen. Aurrerapenaren izenean egin dugun mundu madarikatu honetan jendea geroz eta bakartiago bizi da. Azpeitia baino herri handixeagoetara joan eta etxe-orratz altu horietan bizi den jendea diruz aberatsa izango da baina errukia ematen dit. Etxeratzeko igogailuan sartu eta bakarrik nahiago. Otordu garaian telebista martxan. Etxean zenbat lagun bizi diren hainbeste ordenagailu. Oso bizimodu bakartia egiten dugu, elkarrekiko komunikazio gutxikoa, eta horrek, nire ustez, pertsonaren nortasunari aberia handia egiten dio. Pertsona abere bat da, eta beste abere asko bezalaxe, taldean ibiltzekoa dela esango nuke. Oraindik ere, giro sano-sanoan bizi diren 80 urteko aitonak irribarretsu ikusten ditugu eta zenbat 20 urteko gazte samindu… Lagunarteko elkarrizketa, penak eta pozak elkarri kontatzea, elkarrekin gozatu eta sufritzea, horixe da niretzat gizakiaren mundua.

Zuretzat hitza apustua ere ez ote den...

Jakina, jolaserako erreminta apustu bihurtzen da. Bertsoa ere horixe da, azken batean. Herri batera bertsotara banoa, alferrik izango da ondokoa bertsolari onena, ahal badut hobea kantatuko dut nik. Bertsolarien artean aparteko lagunartea ezagutu dut beti, baina lagunik handienari ere ez diot sekula barkatu. Ez dut sekula bertso txarragorik bota ondokoa ondo gelditzeagatik. Jolasa eta aldi berean apustua. 13-14 urterekin Santa Ageda eskean hasi nintzen kantuan, eta aurreko hilabeteetan, orain txapelketarako egiten den bezain prestaketa serioa burutzen genuen. Inguruko baserrietako ate ondo guztietan kantatzen genuen gure gisa, eta eguna heltzean, egurra. Beranduxeago ere, erromeriara joaten hasitakoan, aste osoko buru-gimnasia jai arratsaldean gu bezalako sasi-bertsolari batekin egingo genuen saiora begira egiten genuen. Gustuko neska bati lagundu eta gustuko bertso saioa irtenez gero jai arratsalde borobila zen guretzat. Horixe zen gure bertso eskola. Ez dago sekreturik, bertsotan aurrera egin nahi duenak ofizioaren mozkorra izan behar du, afizioa baino gehiago bizioa. Bertso eskolan dabiltzanei askotan esaten diet: “Astean behin bildu, bertsoekin jolastu, eta elkarrekin trago batzuk hartuta konforme bazaudete primeran, baina norbaitek bertsolari izateko ilusioa badauka bertso eskolako ordubetea du aste barruan bakarka egin duen lana erakusteko eta beste astebeterako indarra hartzeko tokia”. Segi, segi eta segi, ez dago besterik. Bertsoa ez baita errimatzea eta neurtzea bakarrik, munduari aurrez aurre begiratu behar zaio, datorrena datorrela zure galbahetik pasa, eta zentzu handi batean, horretarako bizi behar zara. 

Zu plazaz plazako ibilera eta enpresari lana uztartuz bizi izan zara urtetan. Sortu dizu horrek kriki-krakarik?

Norbere nortasunaren araberakoa da hori. Zabiltzan lekuan egiten duzunarekin bakean bazaude, agintzen dizuten paperetik lasai asko eman dezakezu iritzia. Hor ez dut arazo gehiegirik izan. Gainontzean, bertsoa gazte-gaztetako bizioa izaki, arnasa eman izan dit bertsotara joateak. 1986an, artean nahiko enpresa gaztea ginela, ordainketak eten behar izaterainoko zaparrada eman ziguten Zumarragako obra batean genbiltzala. Enpresa nire izenean zegoen, eta ufa, ez ziren garai ederrak. Harrigarria bada ere, une estu haietan bertsotara joatean soilik ahanzten nuen loa kentzen zidan enpresaren zama. Freskagarria zitzaidan nire munduan sartu eta gainontzekoa ahanztea, eta nire mundua, bertsoa izan nonbait.

Zure mundu horretan, unean uneko bertsokeretara egokitzeko ahalegina egin duzu beti.

Bertsolari bakoitzak izaten du bere pentsaera, eta gustuko ispiluan lantzen du bere burua. Ni munduarekiko zabalik egoten saiatu naiz. Bertsolari belaunaldi bat, sekulako bertsolariz osatua egonagatik, Elizaren eta orduko giroaren mendeko mezu zaharkituekin itzali zen. Horregatik, onena izanagatik, ez nau sekula bertsokera bakar batek itsutu. Gustatu zaizkit Lasarteren txukuntasuna eta errima, Lazkao Txikiren umorea, Xalbador-en sakontasuna, Agirreren ziria, Joxe Lizasoren garboa… Zergatik ez ahalegindu bakoitzetik ahal bezainbat lantzen? Ni horretan saiatu naiz, munduari aurrez aurre begiratuz, eta gaurkotasuna nire iragazkitik pasaz. Ez dut inoiz sinetsi lehengoa dena ona eta gaurkoa dena txarra denik, eta gustagarria edo ona iruditu zaidana nirean txertatu besterik ez dut egin.

Alabaina, gerora, zure belaunalditik euren berezko bertsokerari eutsi diotenak baloratu dira gehien.

Hala da. Gutxi gorabehera azken 100 urte hauetako bertsolariak ezagutu ditut, eta oraindik ez ditut bi berdin topatu. Herriak onartu duen bertsolari bakoitzak dauka bere xarma puntua, bestela ez litzateke onartua izango. Orduan, bakoitzak saltzen duena eskatzen du herriak, eta nahi ala ez, horren arabera ere lantzen du bertsokera bertsolariak. Joxe Agirrek esan dituen gauza askok ez dute tutik balio nik esanda, ezta Andoni Egañak botata ere. Joxe Agirrek bere bertsokera landu du, lehengo klasikoetako azkena izan da, jendeak horixe eskatzen zion, eta berak horixe eman. Bakoitza den bezalakoa delako egiten du ahalegina bere eremuan, eta zer ederragorik bertsolari bakoitzak bere nortasuna edukitzea baino. Horixe da gakoa, inork ez du plastikozko bertsolaritzarik nahi.
Pertsonalki zer utzi dizu Euskal Herriko Bertsozale Elkartean egindako ahaleginak?
Hainbeste iritzi ezberdin eta hainbeste eztabaida egosten ziren marmitaren parte izateak nire burua janzten lagundu dit. Izan dira urte zail-zailak baina beti eutsi diogu baikortasunari. Bilera gogorrena bukatzean ere, trago bat edo beste hartu, umore ederrean kontuak esan, eta ilusioz beteta itzultzen ginen etxera. Horrek asebete nau, oso eroso sentitu naiz beti. Baliteke denbora gehiegi egon izana lehendakaritzan, baina nik dena zor diot bertsolaritzari, eta dena zor duenak ezin ezer ukatu. Iñaki Murua segida hartzeko prest agertu zenean oso gustura laga nuen kargua, ez deseroso nengoelako, elkartearentzat ni baino jende gazteagoa eta gaurkotuagoa komeni zela sinetsita nengoelako baizik. Elkarteak orain arteko filosofia eta talde giroari eusten badio asko dauka emateko. Bertsolaritzari lagundu nahi dionik badago, beti izango ditu ateak zabalik. Heldu garen tokira heldu bagara hainbeste jenderen musu-trukeko lanari esker da, eta geroz eta profesional gehiago egon arren, aurrerantzean ere horixe izango da elkartearen motorra.

Elkarteko lehendakaritzatik ez ezik enpresatik ere jubilatu zinen. Nola ikusten dira etxegintzaren burbuilaren leherketa eta bizi dugun krisia erretiroaren talaiatik?

Betikoa pasa da. Azpeitia inguruko baserri erdiak-edo markesenak, kondeenak edo dukeenak ziren, eta Azpeitian bezala Espainiar penintsula guztian. Espainia, eta hari lotuta Euskal Herria, beti egon da handiki batzuen menpe. Horiek mugitu dute dirua, aldian aldiko agintariak morroi bihurtuz, eta morroi zintzoenak sarituz. Aurrerapenaren izenean diruarekin dirua egiten hasi ziren, eta burbuila horretan gastatu dute zeukatena eta ez zeukatena, jendeari zoriona kontsumoa zela sinetsaraziz. Gure gurasoek dirua aurreratzea dirua gordetzeari esaten zioten, baina orain eduki aurretik gastatzeari esaten zaio! Noren buruan kabitzen da oporretara joateko kreditu bat ematea? Baina holaxe ibili gara, denak aberatsak ginela sinetsita, eta makinak pot egin duen garaian komeriak. Orain garbi dagoen bakarra da aberatsak lehen baino aberatsago izango direla denon diruarekin erreskatatuko ditugulako, eta beste guztiei arrastaka ibiltzea tokatuko zaiela. Gainera, oraintsu arte dena diruaren mugimenduan oinarritzen zenez, jauntxoak “ez al ditugu langileak ongiegi ohitu?” pentsatzen hasita daude eta konpetenteak izateko orain 80 urte bezala langileak esklabo bihurtzeko ideia darabilte buruan. Txikia txikitzera doaz, edozer onartu dezan makurraraztera, baina era berean irteerarik gabeko paradoxa baten menpe daude. Sistema osoa kontsumoaren inguruan muntatuta badago, nola kontsumituko du kontsumitzeko dirurik ematen ez zaionak? Horrexegatik bizi dugu konpontzeko itxurarik ez daukan eta nik ezagutu dudan krisirik gorriena. 

Erretiroaren katearekin segituz, plazetako ibilbideari agur esango diozu aurten.

Alde batetik pena ematen dit. 50 urtetik gorako ibilian, Euskal Herri osoan lagun-giro bat osatzen duzu, familia bat, eta horrekin moztea ere bada plazatik erretiratzea. Baina bestetik, aurrekoan Joxe Agirreri esaten nion bezala, bertsolari batek ez du herri batera errukia ematera joan behar. Umorea saldu eta sasoia erakusteko dago bertsolaria. Gainera, agian neurtu eta errimatzearekin konformatu ez naizelako, plazari izu izugarria izan diot. Milaka bertso kantatuko nituen plazan, baina sinesten al duzu ez naizela sekula gustura hasi? Gero bai, izotza hautsi, herriarekin konektatu, eta gustura jardun milaka aldiz, baina bat-batekotasun horretan bizitzako egun onena edo txarrena izango duzun ez denez probatu arte jakiten, izu izugarri hori nirekin eraman dut beti. Hori adinean gora joanda ez da gutxitzen, eta zertan ibili behar dut nik nerbioak aidean? Badakit zerbait txukuna egin badut eginda dagoela, eta egiteke utzi badut, ez dudala aurrerantzean egingo. Zer arraio, bere garaian erretiratzen jakiteak ere badu bere grazia.

Nortasun agiria

1936ko urtarrilaren 12an Azpeitian jaio zen bertsolaria. 1982 eta 1989ko txapelketa nagusietako finalista, 50 urtetik gorako ibilbidearen ostean, abenduan esango dio agur plazaz plazako jardunari. 1987tik 2005era Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaria izan da, eta 2003an Aho-bizarrik gabe izeneko memoria liburua argitaratu zuen. Bertsolari lanak etxegintza enpresako zuzendaritzarekin uztartu ditu.

Ziria

“Onerako eta txarrerako herri adar-jotzailea, burla egiten ona, izan da gurea. Harrotik ere dezente daukagu azpeitiarrok, eta azkoitiarrei iseka egiten gustura egoten gara, baina azkoitiarrik ez badago elkarri sartzen diogu ziria. Uste dut gimnasia horretan izugarri trebatzen dela pertsona, baina gaur egun zailagoa da hizketarako guneak topatzea. Tabernetan, esaterako, ez dago hitz egiterik, ezta entzuten ari zarena musika edo txakur borroka den antzematerik ere”.
 

Euskaraz

“Ume koxkorrak ginela, guri eskolak ematen zizkiguten maristak, herriko bederatzi komentutan zeuden erlijioso mordoxka, dozena erdi bat guardia zibil eta herriko jueza izango ziren Azpeitian euskaraz ez zekiten bakarrak. Entzuten genuen Donostiara joandako hemengo jendea multa bat edo beste ordainduta zegoela euskaraz hitz egiteagatik, baina Azpeitian ezinezkoa zen horregatik zigortzea, %50ak baino gehiagok hitzik ez zekielako erdaraz, eta ondorioz, ezinezkoa zelako erdaraz hitz egitea”.

Azpeitiko plaza

“Uztapideri entzunda nago berezia zela Azpeitiko plaza. San Tomas eguneko saioa hamabiak puntuan hasten zen, eta bertsolariak udaletxeko balkoira ateratzen zirenean hamar bat lagun baino ez ziren egongo. Laugarrenak agurra kantatzerako ordea, inguruko tabernetatik ateratako jendearekin plazak gainez egiten zuen, denak erne, ez bertsoak entzuten bakarrik, saioa jaten”


Interésache pola canle: Bertsolaritza
2025-01-27 | Bertsozale.eus
Lesaka énchese de bertsos no Bertso Eguna
En colaboración coa Escola de Bertsolaris de Cinco Vilas, tiñamos preparado un programa para todo o día para celebrar o Bertso Eguna; e os afeccionados aos bertsos tampouco fallaron: houbo un bo ambiente en Lesaka desde a mañá.

2025-01-20 | Bertsozale.eus
Presentouse en Vitoria-Gasteiz a Intercuadrilla de Bertsos de Álava 2025
No Centro Amaia de Vitoria-Gasteiz reuníronse os representantes dos 14 grupos que participarán este sábado na Intercuadrilla de Bertsos de Álava. Este ano celébrase a oitava edición do Intercuadrillero.

Fúnebre
Falece 'Xalbador II' de Mixel Aire Etxebar
Faleceu aos 81 anos de idade no Hospital de Basurto. Mixel Aire foi bertsolari e pastor do mesmo xeito que o seu pai Fernando Aire 'Xalbador'.

2024-12-26 | Estitxu Eizagirre
Lesaka acollerá o Bertso Eguna 2025
O 25 de xaneiro, os afeccionados aos bertsos celebrarán a súa cita anual na Praza Nova. O evento está organizado pola Escola de Bertsolaris de Cinco Vilas e a asociación Bertsozale Elkartea. Comezará ás 10:00 da mañá cun percorrido pola tarde cun festival especial de... [+]

2024-12-16 | Bertsozale.eus
Alaia Martin gaña o Campionato de Bertsolaris de Gipuzkoa 2024
O Donostia Area encheuse de afeccionados ao bertsolarismo na tarde do sábado: 6.500 persoas déronse cita para gozar do último día do Campionato de Bertsolaris de Gipuzkoa, que foi a quenda de Alaia Martin, que xogou un partido individual con BEÑAT Gaztelumendi.

2024-12-11 | Bertsozale.eus
Xa está lista a final do Campionato de Bertsolaris de Gipuzkoa
Este martes pola mañá presentouse a final do Campionato de Bertsolaris de Gipuzkoa, que se celebrou en Illumbe (Donostia). Será o sábado, 14 de decembro, a partir das 17:00 horas.

Materialismo histérico
Quero convosco

Os últimos anos saio pouco. Díxeno moitas veces, seino, pero polo si ou polo non. Hoxe asistín a unha sesión de bertsos. “Deséxolle moito”. Si, por iso avisei que saio pouco, supoño que vostedes asisten a moitos actos culturais, e que teñen máis que comparar. Pero... [+]


2024-11-25 | Bertsozale.eus
Alaia Martin Etxebeste gana a semifinal de Zarautz
MARTIN conseguiu un pase directo á final, coincidindo coa vitoria na semifinal da Copa. A última semifinal disputarase o vindeiro domingo en Arrasate, e será entón cando se complete a gran final da Copa.

Maddi Agirre Epelde. Bertsolari Matemático Cantautor
"Sería o meu soño cantar con Xenpelar"
Maddi, de 19 anos, cursa o Grao en Matemáticas na Facultade de Ciencia e Tecnoloxía da UPV/EHU en Leioa, ten estudos musicais e é tamén un bertsolari moi experto. E ten vimbias para ser mellor que un bo bertsolari, como vimos nas diferentes prazas. “Van nacer os novos?”... [+]

2024-11-18 | Bertsozale.eus
Beñat Gaztelumendi Arandia logra o pase á final
Tras gañar a semifinal de Oiartzun, Gaztelumendi clasificouse directamente para a final do campionato. A seguinte cita será o vindeiro domingo, en Zarautz.

2024-11-05 | Leire Ibar
Juan Mari Beltran recibirá o Premio Manuel Lekuona
Beltrán foi galardoado co premio de Eusko Ikaskuntza 2024 por “recuperar, conservar e transmitir” o patrimonio musical tradicional. O xurado quixo recoñecer o traballo de divulgación multidimensional de longos anos.

2024-11-04 | Bertsozale.eus
Xa están finalizadas as semifinais do Campionato de Bertsolaris de Gipuzkoa
Tras a disputa do último cuarto de final, decidiuse quen xogará na seguinte fase da liga Endesa.

2024-10-28 | Bertsozale.eus
Oihana Iguaran Barandiaran gana a proba de Irun
Ademais de gañar o programa, Iguaran clasificouse para as semifinais do Campionato de Parellas. O cuarto de final de Irun foi a penúltima: a semana que vén coñeceremos a lista completa dos clasificados para as semifinais.

2024-10-28 | Bertsozale.eus
Unai Mendizabal Jauregi gana en Azkoitia
Este sábado disputouse no Teatro Baztartxo de Bilbao o terceiro cuarto de final. Mendizabal clasificouse ás semifinais da Copa do Rei, tras gañar o cuarto de final.

2024-10-21 | Bertsozale.eus
Beñat Gaztelumendi Arandia gana en Errenteria
Hoxe disputouse o segundo cuarto de final da Copa do Rei en Errenteria. Gaztelumendi, coa vitoria, clasificouse para as semifinais da Copa do Rei.

Eguneraketa berriak daude