San Lorenzo de El Escorial (Espainia), 1598ko irailaren 13a. Filipe II.a erregea hil zen, eta haren seme Filipe III.a koroatu zuten. Espainiako errege berriak hartutako lehen neurria Francisco de Sandoval lagun mina –orduan Deniako markesa, aurrerago Lermako duke izango zena– balido izendatzea izan zen. Erregeak politikaz kanpoko aferetan ematen zuen ia denbora guztia: antzerkia, pintura eta ehiza ziren haren zereginak. Eta, hala, praktikan balidoa izan zen Espainiako agintari nagusia. Konfiantzazko lagun taldea bildu zuen, eta gorteko kargu eta titulu garrantzitsuenak senitartekoen eta lagunen artean banatu zituen. Mesedeen banaketan ez zuen bere burua ahaztu, eta 1599an, Lermako dukerria eskuratu zuen.
1601an Lermako dukea erresumaren hariak mugitzen hasi zen: gortea Madrildik Valladolidera aldatzea erabaki zuen. Arrazoi teorikoa Filipe III.a Maria Austriakoa erregearen izeba zaharraren eragin kaltegarritik aldentzea zen. Praktikan, aberastea beste asmorik ez zuen. Eta erregea konbentzitzea erraza zen: nahikoa izan zuen Valladoliden ehizarako eremu hobeak zeudela esatea.
Gortea hiriz aldatu baino sei hilabete lehenago, Lermako dukeak hainbat orube, etxe eta lur sail erosi zituen. Gortea han kokatzean, balidoaren ondasun berrien prezioak izugarri egin zuen gora. 1605ean, Huerta de la Ribera izeneko lur saila saldu zion koroari 30 milioi marabediren truke; horregatik, eremu horrek Huerta del Rey du izena gaur egun. Baina balidoaren jokaldi onena etortzeko zegoen: 1606ko urtarrilaren 30ean gortea atzera Madrilera eraman zuten.
Madrilgo Udalak zuzenean Lermako dukearekin negoziatu zuen gortearen itzulera. Madril hiriburu izatearen truke hiriak 250.000 dukateko –93 milioi marabedi inguruko–dohaintza egin zuen; kopuru horren bi herenak koroarentzat izan ziren, eta beste herena negoziatzailearen zakura joan zen.
Gainera, Madrilgo alkatearen laguntzaz, dukeak zenbait inbertsio egin zituen Madrilen, hiriak gortearen egoitza izateari utzi ondoren, eta, beraz, etxebizitzen prezioek nabarmen behera egin ondoren. Eta, nola ez, prezioek izugarri egin zuten gora koroa Madrilera itzuli zenean.
Baina Lermako dukeak aberasteko aukeratu zuen metodoa nabarmenegia zen, eta hark ehundutako ustelkeria sarea agerian geratu zen. Balidoaren hurbilekoak epaitegietara eraman zituzten, eta bazirudien dukeak ere bere zigorra jasotzea denbora kontua izango zela. Orduan, Erromara jo zuen kardinal kapela eske. Kardinalgoa, epaitua izateko immunitatea alegia, 1618an lortu zuen. Valladoliden hil zen, 1625ean, auzitegietatik pasa gabe, baina herriak kantuz epaituta:
Para no morir ahorcado,
el mayor ladrón de España,
se viste de colorado.
EHGAMek Axel hotelaren irregulartasunei jarritako helegitearen inguruko isiltasun administratiboaren ondoren, hotelaren itxiera eskatzen du eta hainbat eragileekin batera prentsaurrekoa eman dute.