Antzerkigile gisara da batez ere ezagutua. Hala nahi luke gainera izatea gogoratua: “Bat oroitzen da, “gizon hori omen idatzi zuen antzerki bat denboran”, eta beste batek “ah, bai?”, eta hor uzten dute dena. Hori gustatzen zait niri”. Baina antzerkizale mengel honen begietara, 2009an egin zen Antton Luku osoki ezagun, Euskal kultura? deitu saioa argitaratzearen karietara. Txorrotxa duzu: “Iparraldeko euskal kulturaren erasopeko egoera eta gaia –ezagutza, inplikazio eta engaiamendu handiz– aztertuz, salatuz eta kitzikatuz, ordezkapen eta suntsipen joera eta ondoko arazo larriak ausart eta eraginkor maneran jorratzen dituelako”, horrexegatik eman zioten 2008ko Juan Zelaia saiakera saria. Gehituko diot hemendik euskal kulturaz ardura duen orok eman beharko liokeela irakurraldia.
Murmurioa bazebilen, ordea, bazuela Lukuk ipuin bilduma on aski askoa, 98koa, Botoiletan izenekoa. Harik eta bilduma aurkitu, eskuratu eta irakurri arteko bakerik ez dut izan, bai haatik murmurioaren pilota handiago egiteko denbora. Kito, bukatu dira desesperak. Irakurketaren emaitza: ez dio inondik inora murmurioari egiten iruzurra. Kontrara, bilduma oroz gain da irakurri eta kontuan hartzekoa. Biltzen ditu hainbat ipuin, dozena inguru, hamaika sarrera testua ipuintzat hartzen ez badugu. Guztiek ere atmosfera bat konpartitzen dute, Errobi gainealdeko memoria, sustut Garazi-Baigorri Baigorri-Garazi ardatza kurrituko dugula. Pisu handia hartzen dute pertsonaiek, giristinoek, errugbi jokalariek, turista landesek, xinaurri jaleek, zakurrek, arraintzariek, ihizi zaleek, etxalde itzaltsuetako auzoek, orobat behar den bezalako jendeak. Izan ere, ipuinok daude idatziak behar den bezalakoa zer den esplikatzearen beharrik ez dutenentzat.
Bada mundu baten aurkeztea, ez hainbeste jujatzea, egin dezagun geure irakurketa propiala. Begien aurretik pasarazten dizkigu itxura batean ezdeusak diren kontuak, pasarte ustez inokuak, baina momenturen batean punturen batean kraska egiten dutenak. Besteren gainetik, tentsioa baita leku jende istoriook bizi dutena, azaleko bake moduko baten pean borborra da hemen lehertzen dena. Ipuinok badute beltzetik, exijenteak dira hizkera aldetik, askeak estilo aldetik, oroz gain nabarmentzekoak literatura aldetik.
Segida ez dute izan, edo urria, Euskal kama sutra hartan ere parte hartu baitzuen Lukuk beste ilustre batzuekin batera. Antzerkigile gisara gogoratuko dugu, hartara, nahiz baita ere, eta ipuin bilduma bakarra kaleratzen badu ere, ipuingile destakatu modura. Botoiletan honek merezi du hainbeste.