Diskoren lehen aurkezpen kontzertua diskoa grabatu aurretik egin zuen.
Mende erdi bat oholtza gainean eta oraindik promoziora kondenatua!
Diskoa atera eta kazetariak deika hastean “ez dugu aurkitzen, mendira joan da!” esango balute, ziur biharamunean denak korrika joango liratekeela diskoa erostera, baina... Zer nahi duzu, niri gustatzen zaizkidan artistak muturzikinak dira.
Pako Aristik arrazoi: jarraitzaileen gizarte batean bizi gara.
Gizartea artaldea den heinean munduak beti behar izan ditu artzainak. Baina gure gogoa librea da, edo ez da gogoa. Sinismena ezin liteke ulermenarekin bizi, eta niretzat ulermenak balio du, arrazoiak, ez mito bati jarraitzeak.
Eta ulermenari segitzea sinismena balitz?
Oso aberasgarria eta duina da norberak gizaki inteligentea dela deskubritzea. Inork ezin du inor salbatu, nor bere adimenarekin salbatzen da. “Salbaia da salbatzen den bakarra” zioen Leonardo Da Vincik, ez alferrik.
Artista mitikoen egoa ere salbaia da gero!
Egoa gure pentsamendua baizik ez da, gure arazo guztien iturria, eta egoari aurre ez egitea itogina tirita batekin tapatzea da.
Esadazu horretarako ez dagoela kultura bezalako baltsamorik...
Kulturak dena egiten du: okertu, zuzendu, sendatu, gaixotu... Munduko gatazka guztiak liburuetan daude, eta hala ere, liburuei aldare bat egin diegu. Behatza zupatzeari utziko badiogu gatazkei heldu behar diegu, ez liburuei!
Lasai, herri honetan hildako kantarien omenez egiten diren kontzertu jirak ikusita, zuk ere izango duzu zure aldarea!
Falta naizenean nire kantuekin zer egingo duten ez zait kozkorrik inporta. Ez naiz egongo, ez dut egorik izango, eta egin ditudanak bost axola izango zaizkit. Orain naizena da interesatzen zaidan bakarra.
Orain zure kantuak ez direla zureak kontatuko didazu, ezta?
Kantua haizetara bidaltzen duzu eta gero haizea da. Zuk haizea hartzen duzu, nik ere bai. Zuk haizea bota egiten duzu, baita nik ere. Agian zuk botatakoa hartzen dut nik, eta alderantziz. Horregatik, eskubideak kobratzeko orduan soilik dira nireak abestiak.
Haizea alde, Orioko arraunlariek beharko dute. Aurten bigarren mailan.
Kontxako bandera dugu amets. Lehen aldia litzateke bigarren mailan dabilen batek Kontxa irabaztea, eta agian azkena. Ez duzu uste hori egitea ere oriotarrei tokatzen zaiela?