Bizi-itxaropena zenbaki bat baino ez da eta herrialde bateko biztanleek heriotzaren unean duten batez besteko adina adierazten du. Europan egindako neurketen arabera, 2010ean Suediak zuen bizi-itxaropen handiena (79,6 urte) eta Lituaniak txikiena (68). Gizonek eta emakumeek bizi-itxaropen desberdina izaten dute; Europako emakumeen artean Frantziako eta Espainiako estatuetako emakumeak dira bizi-itxaropen handiena dutenak: 85,3 urte. Bulgariako emakumeek dute txikiena: 77,4 urte.
2005. urtean Europako Batzordeak beste adierazle bat jarri zuen abian: ezgaitasunik gabeko bizi-itxaropena (EBI), hau da, bizi-kalitatea neurtzen duen indizea; pertsona bat urte luzez bizi daiteke, baina askotan, azken urteetan ezgaitua egoten da, eta horrek kostu handiak eragiten dizkio gizarteari. Indize berriaren arabera oso garbi azaltzen dira Europako herrialdeen artean bizi-kalitatearen alorrean dauden desberdintasunak: 2010ean Suedian EBI 71,7 urtekoa zen, eta Eslovakian, aldiz, 52,3koa.
EBIk garrantzi handia izango du Gizarte Segurantzaren inguruko gastu-prospekzioak egiteko. Zenbat eta handiagoa izan, lan-bizitza gero eta luzeagoa izatea plantea daiteke, eta zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta kostu sozial handiagoei aurre egin beharko zaie.
Azken datuen arabera badirudi Europan oro har EBI aldaketarik gabe dagoela baina hegoaldeko zenbait herrialdetan, Espainian, Italian eta Portugalen, laburtzen ari dela.