Oso testu gutxiko liburu baten aurrean gaude. Egileak dioena, gainera, ideia bat besterik ez da, artista dela eta kolore bitxietako animaliak margotzen dituela. “Ni artista naiz eta margotzen ditut…”, horrela hasten da liburua, eta artista bera ikus dezakegu oihal batean margotzeko prest. Ondoren artistak eginiko margo ugari erakutsiko zaizkigu bi orritara eta kolore biziz: zaldi urdina, krokodilo gorria, behi horia, untxi arrosa, lehoi berdea, elefante laranja, azeri morea, hartz polar beltza eta, azkenik, koloretako tantodun astoa.
Komentario hau irakurtzen ari den irakurleak ideia bat egin dezake liburura hurbildu aurretik, pentsa dezake animalia horiek fantastikoak direla, baina egia esan, nahiko errealistak dira, hori bai, kolore berezi samarra dute. Errealismoa hausten duten margoak dira; zaldia trostan ikus dezakegu, ileak airean eta bizi-bizi; zaldia, baina, urdina dugu… eta nork ezagutzen du, nork ikusi du zaldi urdinik?
Eta hala ere, liburuko azken esaldia oso argia da: “Artista fina naiz ni”. Horixe diosku margolariak guri begira dagoela; hasierako iruditik, margotzen hasi behar zen hartatik, aldaketa txiki batzuk eskainiz: arropak kolorez zikindurik ditu, lurrean ere pintura arrastoak ageri dira, koloreak dauden mahaia ere zikindurik dugu… eta atzeko oihalean zaldi urdin bat ageri zaigu. x
Eric Carle nahiko egile ezaguna da haurrentzako albumetan –honen aurretik ere badu baten bat euskaraz argitaraturik–, nazioartean nahiko izen handiko ilustratzailea dela esan dezakegu, eta oraingo honetan, Franz Marc omendu nahi izan du; eta hain zuzen oso baliagarria da eskaintza hori, baita liburu amaieran bai Eric Carle bai Franz Marc pintoreei buruz ageri den informazioa, liburuko askatasunaren eta berrikuntzen aldeko aldarrikapenak ulertzeko. Franz Marcek kolore bizi eta ezohikoen bidez animaliak margotzen zituen eta nazien jazarpena izan zuen, arte degeneratua egitea leporatuta, bere artea debekaturik egon zen.
Eric Carlek Franz Marcen Zaldi urdina (1911n margotua) errebindikatzen du obra honen bidez, arte horren askatasuna, edertasuna… eta hori egiteko gaur egungo haurrei eta helduoi liburu bat eskaini digu margolan bitxi, eder eta askez osaturik.