(...)
Azkenaldi honetan solaskidetza zabala burutzen ari gara eragile askorekin, enpresa, eliza tarte... eta denek galdetzen digute “baina honek [Aieten abiatutako prozesu berriak] ez dauka inolako atzera bueltarik?
Nik ez dizut galdetu, irudi baitu gaizki dela zalantzan jartzeak...
Bada nik erantzungo dizut: aldebakartasuna da egoera honen berma nagusia. Zergatik? Bada, hemen ez delako tratu bat egin inoren artean, guk horrela erabaki eta horrela izatea nahi dugulako.
Lanbidea bulegoaren aurkako erasoarekin ez datorrela bat esan du ezker abertzaleak. “Indar metaketaren aurka doa” esan duzue. Batzuentzat argudio ahulak izan daiteke.
Ni horrelakoak egiten dituztenen balorazioetan ez naiz sartuko, beraiek egitea erabaki dute, beren kabuz ari dira, beraz, beraiek eta ez beste inor, ondorio guztiekin ari dira horretan. Kito. Ezker abertzalek Zutik Euskal Herrian hartutako erabakien artean, aro berri hau bide politiko eta baketsu garatu nahi duela dio, horixe da aro berri honen ezaugarrietako bat, beraz, horrekin bat ez datozen jokamoldeak ez daude ezker abertzalearen apostuaren baitan. Bakoitzak izango du bere iritzia egin duen horretaz, baina argi dago ezker abertzalea ez dagoela horretan, eta baten batek nahi badu hortik jo.... bere kontu eta arriskuan.
Iraultza sozial moduko bat emango balitz, ekintza horien atzean daudenak arerioak izango zenituzkete.
Hori hipotesietan aritzea da, ezta? Horrelako egoera emango balitz testuinguru berri bat izango litzateke, ez bakarrik ezker abertzalearentzat, mundu guztiarentzat ere bai, eta mundu guztiak kokatu beharko luke egoera berri horretan. Ez dakit zorionez edo zoritxarrez, baina egoera hori oso urrun ikusten dut, orain behintzat ez dut ikusten. Guretzako ekintza horiek iraganeko jokamoldeak dira, ezker abertzaleak erabaki du horiek ez direla erabilgarriak testu politiko honetan. Pertsonalki sortzen ahal didan iritziaz gain, baten batek erabaki badu hori egin beharra daukala, berak daki zertan ari den, eta bere izenean erantzun beharko du.
Aberri Eguna elkarrekin ospatzeko xedez sortu zen Euskal Herria Batera plataforma. Aurten, ikusgarri bat eskainiko dute apirilaren 11n, Manex Fuchs antzerkilariaren, Lorea Agirre idazlearen eta Martxel Rodriguez dantzariaren eskutik.