Iazko udazkenean CERNen izandako saiakera baten berri izan genuen mundu osoko hedabideetan; neutrinoak argia baino azkarrago higitzen direla ondorioztatu zen. Horren zantzuak aurkitu zituztela. Notizia baieztatuz gero, Einsteinen teoria kilikolo geratzeko arriskua zegoen, baita fisika modernoaren oinarriak ere. Martxoan, aldiz, gauzak bere onera etorri direla zabaldu da, frogatuta geratu baita udazkeneko saiakera hartan erabilitako tresnak behar bezala doitu gabe zeudela.
Gertatutakoaren oinarrian neurketa-akatsa izan dela ziurtatu zaigu, hedabideen bidez. Aldiz, inor gutxik esan digu laster beste saiakera bat egingo dutela CERNen. “Akatsen” hipotesia benetan hala ote den frogatu behar baita.
Bistan denez, korapilatu da gaia, baita galdera ugari plazaratu ere beronen inguruan. Hona batzuk: nolatan jo zuten behin betikotzat lehen saiakeran neurtutakoa? Noiztik dute ikerlariek horrenbesteko presa? Zenbait ikerlari automatikoki jarri zen aurka, zer dela eta? Zergatik onartzen dute orain hedabide guztiek akatsen hipotesia?
Gaiarekiko distantzia hartuta, oso agerian geratu da hainbat gauza. Batetik, ekonomia interesak izugarriak direla, eta CERNeko ikerlariak derrigortuta zeudela garrantzizko zerbait iragartzera, bereziki hainbeste diru inbertitu ondoren. Bestetik, ezer argia baino azkarrago higitzea posible izango balitz ere, fisikari askok ez luketela hain erraz onartuko, zientzian ezarritako ordena aldatzeko prest ez daudelako. Azkenik, munduko hedabideak nahi bezala manipulatzen dituztela.
Boterearen/diruaren/ohituraren elkarketa berriro agerian dago. Galileoren garaian, Lurra borobila zela esan zenean, baieztapen horren aldeko asko erre egin zuten. Egun ez dute inor hilko, baina, agian, zenbait aditu ikerketaren eremutik baztertuko dituzte.
Ez dakit CERNek egindako ikerketan akatsak izan ote diren. Ez dakit CERNeko ikerlariek ospea azkarregi behar ote zuten, baina badakit munduan, orain eta lehen, gurpil ekonomiko-kulturalari ez zaiola interesatzen argia baino azkarragoa den zerbait existitzea; fisikaren oinarriak goitik behera aldatuko liratekeelako, urrutiko izarren distantziak birkalkulatu beharko liratekeelako, argiaren teknologia menperatzeak ez lukeelako abiadura-mugak menperatzea ekarriko.
Eta hala eta guztiz ere, Erlatibitatearen Teorian adierazitako muga gaindituko izana egia balitz, ez nuke esango Einsteinek kale egin zuenik (zenbait artikulutan, ikusgarritasunaren bila-edo, adierazi den bezala). Gizakiak urrutiago heltzeko grina irudikatuko lukeen adibiderik ederrenetakoa dela esango nuke. Ametsei eusteko bidea dela.
Esta semana tivemos coñecemento de que o Xulgado de Getxo arquivou o caso dos nenos de 4 anos de Europa Ikastetxea. Isto lévanos a preguntarnos: están dispostas as instancias xudiciais, policiais… para responder as demandas dos nenos? Protéxense de verdade os nosos menores... [+]
Gabonetako argiak pizteko ekitaldia espainolez egin izanak, Irungo euskaldunak haserretzeaz harago, Aski Da! mugimendua abiatu zuen: herriko 40 elkarteren indarrak batuta, Irungo udal gobernuarekin bildu dira orain, alkatea eta Euskara zinegotzia tarteko, herriko eragileak... [+]
Irailaren 9ra gibelatu dute Kanboko kontseiluan gertatu kalapiten harira, hiru auzipetuen epaiketa. 2024eko apirilean Kanboko kontseilu denboran Marienia ez hunki kolektiboko kideek burutu zuten ekintzan, Christian Devèze auzapeza erori zen bultzada batean. Hautetsien... [+]