Azken aldi honetan leku batean baino gehiagotan arrantzatu dituzte txipiroi erraldoiak. Oso handiak izateaz gain, badute, gorputz atalen artean, bereziki erraldoia den bat: begia. 27 zentimetroko begiak izan ditzakete, eta begi-niniak bederatzi zentimetrokoak.
Zertarako behar ditu horrelako begi handiak 500 metroko sakoneran bizi den animalia batek? Zientzialariak aspalditik dabiltza galdera horri erantzun nahian. Elikagaia topatzearekin zerikusirik izango zuela susmoa zegoen, baina azkenean alderantziz pentsatuta aurkitu dute erantzuna, hau da, txipiroiek harrapariengandik ihes egiteko baliatzen dituzte beren begi handiak; kaxaloteengandik ihes egiteko, hain zuzen ere.
Begi handiei esker, eta planktonak emititzen duen argitasuna baliatuz, txipiroiek 150 metrora ikus ditzakete kaxaloteak. Hala ere, kaxaloteek 200 metrora dauden harrapakinak detektatu ditzakete, radarra erabilita. Borroka interesgarria, ezta?