Hilabete batzuetatik hona ni, gure herria bezala, bidaia batean sartuta nabil. Urte luzetako gatazkaren alde bat bukatu da. Beste asko falta zaizkigu bizikidetza deitzen horretara heltzeko. Eta hortxe gaude, kaminoan, pausoak emanez. Eta badirudi, gatazka beraren inguruan baino gehiago kostako dela beronen kontakizunarekin denok bat etortzea. Hori bihurtu baita orain lehentasuna: kontakizuna edota errelatoa. Eta, somatzen denez, zaila izango da horren gaineko batasunik lortzea, helburua norberaren kontakizuna besteenari gailentzea izaten ari da. Eta batzuek kontakizun bakarra egon dadin ahalegin guztia egingo dute.
Kontakizun bakarra ezinezkoa dela pentsatzen dugunok lanak ditugu beraz. Eta kontatzea lana dugunok ardura berezia. Ez da erraza bizi dugun unean distantzia hartzea kontatu nahi denarekiko. Baina nago ahalegina beharrezkoa dela. Beharrezkoa errelatoaren ertz desberdinak erakustea. Eta ez dut uste biktima/borrero binomioarekin lotu behar denik bakarrik kontakizun bakarrarena. Errelatoarena gehiago lotzen zaio egiaren, edo egia baten, nagusitasunari beste ezeri baino. Eta hemen are zailagoa egiten zait imajinatzea egia bakarra. Errazagoa egiten zait pertsonak adina egiak imajinatzea. Zeren bizitza bakoitza egia bat da. Bakoitzak bere egia bizi du. Eta zenbat eta egia gehiago gehitu bidaia honi, aberatsagoa kontakizuna.
Bost zuzendarik bost egia desberdin kontatzeko ardura hartu dugu. Bost euskal preso politikoen erretratoak-edo eginez. Bost kolore desberdin kartzelako pareta gris batean margotuta. Kontakizun horren ertz batetik begiratzen saiatu gara bizitza horiek. Izango da leporatuko digunik partzialtasuna. Ez dugu ukatzen. Ertz batetik begiratzeak ez du esan nahi ordea gainontzekoak ez ikustea. Are gehiago, nahi baduzu zure ertza jendeak begirunez ikustea derrigortuta zaude zu ere beste ertzekin malgua izatera. Bidaia ez da erosoa. Galdetu bestela gure ipurdiei. Bidea batxez edota zuloz beteta dago. Batzuetan saltoka goaz eta bestetan hanka zuloan sartu izan dugu. Lokaztu gara. Baina helburua hor ikusten dugu, orain gertuago: pantaila bat.