Badakizue Olentzero bat baino gehiago izan ditugula, betiere gure nahi eta ametsek sorraraziak, eta, jakina, haurrek ez ezik helduok ere ezinbestekoak ditugu Olentzeroak, gure pausoak nahi eta amets horietara bidera ditzagun, bidean etsi gabe.
Zuetako askok bezalatsu, Olentzerori esaten diot Otegik kalean behar duela atzotik, eta preso politikoek irtenbide duina gaurtik, denak pixkanaka kalean izan daitezen, bihar baino gaur hobe. Horrekin batean salbuespeneko legeria guztia eraistea, eta tortura erauztea.
Olentzero, ez al dugu behar euskal herritarrok Espainiako eta Frantziako botere faktikoek ezartzen dizkiguten mendekotasun askotarikoetatik aske, geure burua hobeki goberna dezagun? Besteak beste, oso luze doan krisi honek gehien kolpatzen dituztenendako eta, oro har, guztiondako politika bidezkoagoak abian jartzeko, langabezia murrizteko eta ongizatean sakontzeko?
Palestinako herria, sahararrak, tibetarrak, uigurrak, txetxeniarrak eta kurduak eta beste hainbat herri zapaldu eta ustiatu ere ez ditzazula ahaztu Olentzero, unibertsoko lur planeta ñimiño hau guztiok bertan egokiago bizitzeko modukoa egin dezagun.
Lehenago ere esan dut, Olentzero bereziari ari natzaiola asmo eta amets onak agertzen, gure baitako Olentzerori, denok, zuk, irakurle, eta nik neuk partekatzen dugun Olentzerori, eta ildo horretatik, beste asmo bereziago batzuk ere agertu nahi nizkizuke; ez dira ez zehazki niri neuri edo nire familiari dagozkionak ez, baizik ere euskal komunitatea osatzen dugunoi dagozkigunak.
Zenbat eskertuko nizukeen euskaldun jendea, oro har, gutxi irakurtzera baina bereziki euskaraz gutxi irakurtzera emana den euskaldun jendea, erdal prentsatik askatu eta eskuarki euskal prentsa irakurtzera etor dadin, gero eta gehiago euskal liburuak irakurtzera, euskara egun baino debekatuago zegoen garaietan –egun ere Nafarroaren zati handi batean kasik debekatua eta zigortua dela, eta Iparraldean arras gutxietsia beti– banaka batzuen artean sortu zen euskal egarria susper eta heda dadin lau haizeetara eta zazpi lurraldeetara, geroz sutsu eta kartsuago.
Behar-beharrezkoak ditugun asmo eta ametsak Olentzero, denok geure baitan dugun gogoz eta indarrez aurrera eraman ditzakegunak, zinez haiek aintzat hartuak eta lagunduak izatera. Iragan urtea ez dakit nola joan zaizuen, heldu dena hobea izan dezagula opa dizuet!
Talvez poidamos dicir que este texto é froito dunha reunión de valoración. Con todo, as reunións de valoración deixan a miúdo o sabor de boca seco e agridoce. É unha tarde de martes sollío. 16:53. Conectamos á reunión de valoración e decidimos introducir un caramelo... [+]