Otsailean abiatutako matxinadan Muammar al-Gaddafiren aurkariek konkistaturiko lehen hiria izan da Benghazi, Libia ekialdean. Zutik eta borrokan dihardute bertako matxinatuek, shebab izenez ezagunak. Beraiekin izan gara, eguneroko latzari aurre nola egiten dioten eta etorkizunari nola begiratzen dioten jakin asmoz.
“Emisi shabab, demeshuadad” (ez dugu gure martirien odola ahaztuko). Hori da Benghaziko Epaitegien Plazan ia egunero egiten diren hiletetan gehien entzuten den oihuetako bat. Mohammed lagunaren gorpua garraiatzen duten hamaika nerabeekin 45 minutuz egon eta gero, zaila egiten da beraien garrasiekin bat ez egitea. Matxinoen kuartel nagusitik hilerrirako bidea egiten duten gehienek ez dute 30 urte baino gehiago izango. Ez egurrezko kutxak garraiatzen dituztenek, ezta zerraldo barnean doazenek ere. Oihu eta negar artean doaz denak, eta airera tiroak botatzen dituzte. Shebab gazteek, Muammar al-Gaddafiren aurkako matxinadaren oinarria osatzen dutenek, heriotzarekin bizitzera ohitu dira otsailaren 17an kalera lehen aldiz irten zirenetik. Ez dira gerrillariak, armak dituzten manifestariak baizik. Askatasunaren alde borrokan ari direla badakite, nahiz eta inork ez dien azaldu hori zehazki zer den. Horregatik, lema erraz eta txantxa postmodernoetara jo behar dute. Gainera, euren burua garrantzitsutzat jotzeko gerran aitzakia topatu duten alprojak ere bildu dira shebaben inguruan.
Mohammeden lagunak gauza bakarra esateko gai dira: “Allahu akbar” (handia da Jainkoa). Inork ez du ingelesez tutik ere ulertzen eta ez da gutxi guri, bi atzerritarri, euren dolua adierazteko duten gune pribatuan sartzen utzi izana. “Gaddafi, donkey, Gaddafi crazy” (astoa, eroa) dira erabiltzen dituzten argudioak. Lagunaren heriotza eragin duten baldintzen gainean ez dute gehiegi pentsatu nahi. Mohammed, beste lau matxinorekin batera, Brega hiriko ateetan hil zen. Gaddafiren tropak kanporatzea lortu zuten, baina berotuta ibiliko zen shebabetako batek erabaki zuen garaipena ospatzeko abioien kontrako bateriarekin airera tiro egitea. NATOren abioiek, aurrera egiten lagundu zieten abioiek, erregimenaren aldeko talderen bat zela pentsatu zuten eta bonbak jaurti zituzten matxinoen zonaldera. Mohammedekin batera, Jumal Abdelhakim Jheili jenerala, Jaled el-Kaliki ofiziala eta Salah al-Auadi anbulantzia gidaria ere hil ziren.
“Egia esan, herri honi askatasuna eta demokrazia ekartzea da nire helburu bakarra”, dio Munir Adris-ek. 22 urteko gaztea betidanik bizi izan da Ajdabiyako Istanbul kalean, Gaddafiren aldeko tropek gainditu ezin duten ekialdeko muga bilakatu den tokian. Askok eta askok bezala, petrolioa ateratzen duten putzuetan lan egiten zuen eta ez zuen inoiz armarik hartu. Orain, ordea, borrokaren poderioz, txikitan jolasgune izan zuen kale bera Libiako Armadaren erasoetatik babesteko brigada zuzentzen du. “Hasieratik nago hemen, Gaddafik artilleria astunarekin eraso zigunetik eta bere aldekoak kanporatzea lortu genuenetik”, azaldu du. Hitzak oztoporik gabe jariatzen ditu gerrillarien aurrerapausoak kontatzen dituenean, baina zaila egiten zaio Gaddafiren osteko Libiaren gainean aritzea. Arlo militarrean, ezjakintasun hori bizitzarekin ordaintzen da, Mohammeden kasuan bezala. Erregimenaren kontrolpetik aske dauden lurraldeetan, agintea lortu duen Trantsiziorako Batzorde Nazionaleko eliteen agenda neoliberalaren balizko biktima bihurtzen ditu prestakuntza falta horrek.
“Gaddafi 42 urtez izan da agintean. Ez zegoen hedabiderik, ez askatasunik, ez justiziarik, ez lanik, ez dirurik. Dena zen Gaddafi. Dena zen diktadura”. 24 urteko Rafe Shrif-ek shebaben ideologia laburbildu digu: proposamen gutxi eta bidegabekerien aurreko kexu zerrenda luzea. Halere, lagunekin hiriko komisaria margotzen gauak pasatzen dituen Tobrukeko gazte honek matxinada “bizitza berri baten hasiera” izatea espero du. Egia da, beharbada, Batzordeko kideen interes ekonomikoak eta Shrif bezalako gazteen askatasun gogoa ez datozela bat. Baina, nork kendu nahiko lioke, lehen aldiz gauez atxilotzeko arriskua pairatu gabe, nahi duena esateko aukera?
Nortzuk dira matxino hauek? Hona guk ikusitako hainbat: Nareman, Benghaziko manifestazio batean parte hartzen ikusi dugun eta Gaddafiren janzkera freakya dela nabarmendu duen Estatistika ikaslea. Mustafa, Tobrukeko gaztetxoek balak xahutzea kritikatzen duen bizardun lodikotea. Ualid, hiru koloretako banderarekin apainduriko Kalaxnikov-a duen eta matxinada hasi zenean basamortuan bizi zen shebab klasikoa. Guztiek ideia berarekin egin dute bat, inozentziaz beteriko ideiarekin: 42 urtez boterean gotortutako jenerala kanporatzeko nahikoa izango zela beldurra uxatzea. Baina tankeekin eta errepresio bortitzarekin egin dute topo. Hori dela-eta, Gaddafiren kasernak hartu eta hiri barneko gerrilla ikastaro azkar batean matrikulatu behar izan dute.
Kontraesan batzuk agerikoak dira. “Erlijioaren eta askatasunaren aldeko gerra dugu hau”, nabarmendu du Yasser Mohammed doktoreak. Ajdabiyan hil zen Muntar anaia lurperatu berri du eta “Gaddafik alde egin arte” ez duela bizarra moztuko dio. Oso tradizionala da Libiako jendartea, eta gazteek Islamaren baloreak eta poligonoetako estetika uztartzen dute. Horri guztiari NATOren esku-hartzea gaineratu behar zaio. Paradoxikoki, zerura begiratzen dutenean shebabek ez dute soilik Allah-ren babesa bilatzen. Aliatuen abioien alde ere egiten dute otoitz, horiek lagun izan zituztelako agintaria Benghaziko lehen etxeetaraino heldu zenean.Tradizionalak dira, baina ez muturrekoak. Hori, ordea, zaila da AEBetako jendarteari adieraztea, bonbak eta bizarrak zaku berean sartu baitituzte urte luzez. “Ez gara Al-Kaedakoak. Askatasuna baino ez dugu nahi”, dio Benghaziko Munir Ohmanek. Ez da pertsona eskolatua, baina ez da inozoa. “NATOk bere agenda propioa du, gu ez gara haien kezka”.
Gazteen frontean dena ez da idealismo bukolikoa. Gerra aukera paregabea da gisa guztietako alprojak ikusteko. Adibidez, Jalo-tik –Benghazitik 400 kilometrora hegoaldean, basamortuan, dagoen lurraldea– datorren eta iraultzaileen mezuen margoz josita dagoen Toyota zuri bat gidatzen duen Ahmed. Inoiz ez du ikasi, inoiz ez du lanik egin eta ez du kotxea nondik atera duen azaldu nahi. Frontean izan ezik –bertan egon beharko luke– Libiako txoko guztietatik paseatzen duen metrailadorea non lortu duen ere ez digu azaldu. “Emadazu arma”, eskatu dio anaiari, Ajdabiyako auzora autoan iritsi denean. Leihoan paratu du, guztiek ongi ikus dezaten. Hiritik ateratzean gorde egin du berriro, kanoia eserlekura begira. Mohammed-ek berriz, borroka eremutik uniforme militar dotorearekin paseatzea atsegin du, Dolce & Gabanna betaurreko faltsuekin. Beretzat, frontea erakustokia da. Porroak etengabe erretzen ditu eta, esnatu eta berehala, kolonia eta gomina botatzen ditu buru gainean. Hitz jarioa eten egiten da, mozkortuta dagoenaren seinale.
Diskurtso politikorik ezean, Muamar al-Gaddafiz trufatzen diren bideoak bilakatu dira oinarri ideologikoetako bat. Esaterako, oposizioko kide guztiak “kalez kale, metroz metro” jazarriko zituela esanez koronelak eman zuen lehen diskurtsoari Shakiraren musika jarri diote atzetik gazteek eta “waka waka” gerrarako ereserki bihurtu dute. Horrekin batera, ezin ahaztu Benghaziko Epaitegien Plazan etengabe entzuten den Adel Mashatiren “Hemen jarraituko dugu” ereserki iraultzailea.
Sidi Bouziden bere buruari su eman zion Mohammed Bouazizi kaleko saltzailea du Tunisiak. Mubaraken errepresioa jasan zuen Uael Ghonim blogaria Egiptok. Libian, berriz, Abu Salim Tripoliko espetxean hil zituzten 1.200 presoen familiak ordezkatzen dituen Fathi Terbil abokatua dute. Tunisiarrek edo egiptoarrek bezala, shebabek ere askatasuna nahi dute. Baina epe motzera amaituko den itxurarik ez duen gerran sartu dituzte. Bizitza ez da jada gauza bera izango Mohammed, Munir, Rafe edo Ahmedentzat; kezka bakarra dute orain: bizirik irautea.
Euskalgintzak Senpereko Larraldea etxea faltan botako du. Uda gabe, Bertsularien lagunak, bertan gelditzen den azken elkarteak, lekuz aldatuko du eta etxea hetsiko dute. Euskararen, euskal kulturaren eta arteen ohantzea izan da Larraldea, urte luzetan Andoni Iturrioz mezenasak... [+]
Berrogei urte dira Euskal Herrian autismoaren inguruko lehen azterketak eta zerbitzuak hasi zirela. Urte hauetan asko aldatu da autismoaz dakiguna. Uste baino heterogeneoagoa da. Uste baino ohikoagoa. Normalagoa.
Txinparta izeneko prozesua Martxoaren 21ean hasiko da eta urte bete iraungo du. "Udaberriaren hasierarekin batera proiektu herritar berri bat" aurkeztu nahi dutela adierazi dute.
PP, Vox, Junts eta EAJren botoekin Espainiako Kongresuak onartu du otsoa espezie babestuen zerrendatik ateratzea eta, horren ondorioz, berriz ehizatu ahal izango dute Duero ibaitik iparrera.
Protestak 24 ordu bete dituenean, suhiltzaileak bertaratu dira udaletxera eta kateak moztu dizkiete bi gazteei. Bi kateatuek gaua bertan igarotzea "udaletxearen hautua" izan dela adierazi du Gazte Asanbladak, eta udalaren ordezkariek "ekintza deslegitimatzeko eta bi... [+]
Ez da gauza berria politikari profesionalak gizarteko arazoak estaltzeko ahaleginetan ibiltzea. Azkenaldian Denis Itxaso -EAEko Etxebizitza sailburua- entzun dugu etxegabetzeei garrantzia kenduz eta aditzera emanez gurean bazterreko fenomenoa direla; eta Begoña Alfaro... [+]
Iruñeko Zaldiko Maldiko Elkartean eta Baigorriko Bixentainean aurkeztu da aurtengo Nafarroaren Eguna, egun berean. Ohi bezala, apirileko azken igandearekin bat egingo da festa Baigorrin, eta horrez gain, apirilean hainbat ekitaldi egingo dira eskualdean.
Antropozentrismoaren aldaera traketsena eurozentrismoa izan zen. Europako mendebaldea, geografikoki, Kontinente Euroasiarraren penintsula txiki bat besterik ez da, baina lau mende luzez gertaera demografiko, teknologiko eta ideologiko batzuk zirela medio, bazter horretako... [+]
Hezkuntza eredu propioa "ezinbestean" independentziatik etorri behar dela adierazi dute, eta sistema propio hori "publikoa eta komunitarioa" izatea nahi dutela. Ikamak deituta, goizean zehar piketeak egin dituzte Euskal Herriko hainbat hezkuntza zentroetan.
Euskal Pilotako Nazioarteko Federazioaren eta Espainiako Federazioaren arteko gatazkak bere horretan jarraitzen duen bitartean, Jose Manuel Rodriguez Uribesek euskal selekzioaren aldeko adierazpenak egin ditu. Desadostasunak direla eta, Nazioarteko Pilota Federazioaren eta... [+]
Badakizuenok badakizue, beste gauza asko bezala, euskararen aldeko borrokan ere politikoek, eragile batzuek eta hedabideek beraien antzezlana saldu nahi digutela, benetakoa balitz bezala.
Lehen urtean pozik jaso nuen, "Euskaraldi" hau. Zer edo zer zen, ezer ez zegoela... [+]
Euskarak, mendez mende, zapalkuntza sistematikoa jasan du, eta oraindik ere borrokan dabil egunerokoan bere leku duina aldarrikatzeko. Hizkuntza baten desagerpena ez da inoiz berez gertatzen; planifikazio politiko eta sozialak eragiten du zuzenean. Euskaldunoi ukatu egin izan... [+]
Puntueusek eta Cyberzaintzak elkarlanean ikusentzunezko baliabide pedagogiko bat sortu dute gazteentzat eta haiekin lan egiten duten profesionalentzat: irakasle, guraso eta hezitzaileentzat. Ikusentzunezko honen bidez, ziberjazarpena ezohiko ikuspegi batetik... [+]
Kamioiak ez sartu ez atera. Horrela eman dute goiza BSHko Eskirozko lantokian. Parez-pare langileak aurkitu dituzte protestan. Hilkutxa batekin, elkarretaratze formatuan lehenbizi eta Foruzaingoak esku hartu behar zuela jakin dutenean eserialdia egin dute erresistentzia pasiboa... [+]
Dakota Access oliobidearen kontrako protestengatik zigortu du Ipar Dakotako epaimahai batek erakunde ekologista, Energy Transfer Partners enpresak salaketa jarri ostean. Standing Rockeko sioux tribuak protesten erantzukizuna bere gain hartu du.