Bilbo, 1906. Elespuru anaiek Aristides Artiñanoren Reseña de las fiestas de Elorrio en honor del Beato Valentín de Berrio-ochoa obispo y mártir lana argitaratu zuten. Lanak argazki sorta bat ere bazuen eta, argazkien oinean, “Fotografía de la Sra. de Olano” sinadura. Juan Narciso Olano lesakarraren emazteak Eulalia Abaitua zuen izena.
1853ko urtarrilaren 25ean jaio zen Bilbon, eta Maria Elvira Juliana izenez bataiatu zuten. Baina Eulalia ama erditu eta gutxira hil zen, eta haren omenez alabari ere Eulalia esaten zioten. Luis Abaitua aita saleroslea izanik, haurtzaroa han eta hemen eman zuen Eulaliak. Ustez, ikasketak Bartzelonako Sarrià auzoko Sagrado Corazón de Jesús ikastetxean egin zituen, baina bertako artxiboa 36ko Gerran suntsitu zutenez, horren frogarik ez dago. Bai ordea, 1871. urtean Ingalaterran bizi izanarenak, Liverpooleko Everton auzoan. Han ezagutu zuen Juan Narciso Olano.
1878an senar-emazteak Euskal Herrira itzuli ziren, Begoñara hain zuzen. Basilikaren ondoan estilo ingeleseko Pinuaren Jauregia eraiki zuten, eta etxe hartako sotoan Eulaliak argazki laborategia prestatu zuen. Egoera ekonomiko bikainari eta bizitza osoan egindako bidaiei esker, garai hartan emakumeentzat ezohikoa zen jardueran trebatu zen, argazkigintzan; Euskal Herriko lehen emakume argazkilaritzat jotzen da. Erretratuak Venezian, Erroman, Marokon, Kretan... egin zituen, baina lanik bikainenak egiteko ez zen urrutira joan. Abaituaren argazkirik onenek bere inguruko pertsona anonimoak eta eguneroko eszenak erakusten dituzte.
Eulalia Abaitua 1943an hil zen, 90 urte zituela, baina bere lana ahaztuta egon zen Bilboko Euskal Museoak erosi zuen arte. Egunotan, eta maiatzaren 29ra arte, bilbotarraren 55 argazki eta 161 erreprodukzioz –gehienak ezezagunak– osatutako proiekzioa ikus daiteke. Erakusketak Eulalia Abaitua argazkilaria (1853-1943) du izena.