Antzinako Palestina, K.a. 2.300. Itsaso Hileko lautadako Sodoma eta Gomorra hiriak suntsituta geratu omen ziren. Bibliaren arabera, “Jaunak sufre eta suzko euria bota zuen zerutik”, Abrahami jakinarazi zionez, “hiri horien bekatua larriegia” zelako. Graham Harris geologoaren arabera, suntsitzea lurrikara batek eragin zuen. Baina zientzialari gehienek, hiriok existitu izanaren arrastorik aurkitu ez denez, Itun Zaharrean jasotakoa fikziotzat eta Harrisen hipotesia susmo soiltzat jo izan dute; Cambridgeko Unibertsitateko ikerlari talde batek gaiari heldu dion arte.
Palestinako inguru horietan, Brontze Aroan soilik –K.a. 3.800 eta 3.200 urteen artean– izan ziren hiriak. Sodoma eta Gomorra aurkitu ez badituzte ere, inguruan oliba olio fabrika baten arrastoak topatu dituzte; gune populatuak egon bazeuden, beraz. Gainera, Numeirako aztarnategi batean hiru gizakiren hezurrak aurkitu dituzte, hausturaz beteta, sabaiak azpian hartuta. Karbono-14aren metodoaren bidez, sabaia K.a. 2.350 urtean erori zela ondorioztatu dute. Itsaso Hila, plaka arabikoak eta afrikarrak bat egiten duten gunea, oso ezegonkorra da. Itsaso Hileko sedimentuen geruzak aztertuz, garai hartan gutxienez 6 magnitudeko lurrikara izan zitekeela ikusi dute.
Baina Bibliak ez du lurrikararik aipatzen. 80ko hamarkadan, jordaniarrak errepide bat egiten hasi ziren inguruotan eta, zundaketak egiten ari zirela, lur azpiko gas metanoa ziztu bizian irten zen eta su hartu zuen. Horra hor Bibliako sua eta sufrea. Hala ere, nola da posible Sodoma eta Gomorraren arrastorik aurkitu ez izana? Harrisek dio lurrikarak luiziak eragin zituela, eta inguruko lurzoru porotsuetan likidotzea gerta daitekeela frogatu dute makina zentrifugatzaile batean egindako simulazioaren bidez; hamabost bat minutuan hiri suntsituak hainbat kilometro mugitu omen ziren Itsaso Hilaren hondoan galdu arte.
Horrenbestez, aintziraren hondoa induskatu bitartean, Sodoma eta Gomorraren suntsiketa benetan gertatu izana posible dela frogatu dute. Eta bekatu larria lurralde arriskutsu hura bizilekutzat aukeratzea izan zela.