Fukushimako hondamendi nuklearrak ez ditu ibaiak, ura eta elikagaiak bakarrik kutsatu. Europako politika ere harrapatu du. Alemanian jada ikusi dugu. Hondamendiaren ondorengo lehen hauteskundeetan, Merkel kantzilerrak gotorleku garrantzitsuena galdu du, Baden-Württenmberg. Lau erreaktore nuklear eta energia nuklearraren aldeko lehen ministroa dituen Land hori “berdeek” eskuratu dute. Bozka kopurua bikoiztu dute, %24ra iritsi dira eta lehen aldiz erregio horren giltza daukate. Porrot horrek beste arrazoi batzuk ere izan ditzake: politika ekonomikoa eta fiskala, euroaren eta Libiaren aurrean hartutako jarrera. Dena dela, ez dago zalantzarik; Merkelek energia nuklearrarekiko izan duen jarrera epelak hauteskundeen deskalabruan eragina izan du. Orain, Japoniako hondamendiaren ondoren, Merkelek hala esan du: “Energia nuklearrarekiko dudan jarrera dagoeneko ez da bera”. Esan du, ekainean hiru hilabeteko luzamendu nuklearra bukatu arte itxarongo duela erabaki zehatzagoak hartzeko.
Hauteskundeetako ipurdikoak noraezean dabiltzanei balioko die. Euskal Herritik gertu, Espainiako eta Frantziako Estatuetan, hamarnaka erreaktore nuklear dauzkagu. Eta hauteskunde orokorrak hurbil daude. Fukushimako deskalabrua baino lehen, energia nuklearra mantentzearen eta zabaltzearen aldeko jarrera indartsuagoa zen. Espainiako Estatuan Garoñaren bizitza luzatzeaz ere ari zen PSOE. PP zentral nuklearren beharraz mintzatzen zen. EAJk Ekonomia Iraunkorraren Legea babestu zuen, zeinak zentralen 40 urteko bizitza-muga bertan behera uzten zuen. Orain PSOEk energia berriztagarrien alde egiten du berriz, eta EAJ eta PP, Garoñaz hitz egiteko ez bada, isilik daude. Ez Txernobylek, ez Hiroshimak, ez Harrisbourgek ez zioten eragin Europari. Fukushima eragiten hasi da. Eskerrak!