Senpereko Musumielenia etxeko Arribillaga familiaren ondorengo zuzenetan, azkena da Marie-Jeanne Arribillaga-Mauchamp, Marcel Arribillagaren bost ilobetan gelditzen den bakarra. Marie-Jeanne adin handiko emaztea da engoitik. Amets artean bezala baieztatu digu “bai, plazer handia” sentitu duela jakin duelarik liburua plazan dela. Baitaki hortaratzeko, hainbat esku eta bi mende elkarlotu behar izan direla.
Marcel Arribillaga Musumielenia St Pée s/r Nivelle. Hala dio Marcelen kaierak. XX. mende hasierako eskolako idazkera zaindua, denboraren desafiatzaile da estalki ilunen azpian. Bere lehen orrietan zut lerrook darakuskien Musumieleniako koadernoak ehun urte bete berri ditu. Senpereko karrikaren eta baserriaren mugan bizi izan den etxea da Musumielenia, Urdazuri ibaiaren ondoan. Han zen ahotik belarrira, belarritik lumara, Arribillagatarren kaiera mamitzen joan, dozena erdi bat urtez ehun kantu pasa bere baitaratzeraino. Marcel Arribillaga, Marie-Jeanneren osaba, lau anaia-arrebetan hirugarrena zen, ofizioz laborari. Bertsozalea eta kantari fina, bestalde. Anaia Jan Battitt, Marie-Jeanneren aita zenarekin abestuz jetzi ohi omen zituen behiak. Eta Arribillagatarrek ez bide zuten lau patako marrumalaria publiko bakarra. Horietan ziren jakin gabe, kaieraren lehen printze salbatzaileak. Kantu herrikoia agortu zeneko eguna jin baitzen, jin ere, Lapurdin nola Euskal Herri osoan hala Senperen. Baina memoria kolektiboaren zoko batean gelditu zen behiala, Musumieleniak ereserki bilduma bat eman zuela. Barnean trumilka abesti zituela, bertsoaldi labur ala luze, trufazko, moral oneko, amodiozko ala gerlako oroitzapeneko. Zaharrenek gogoan zituzketen Arribillaga anaien ahots ederrak. Besteek misteriozko koadernoa. Belaunaldiz belaunaldi. Inork ez zezakeen erran alta, XXI. mendeak ernaraziko zuela modernitatearen musuak lokarrarazia.
XIX. Mendeko kantu ahantziak, Musumieleniako Marcel Arribillagaren kantu kahiera liburuaren aitzin-solasean Piarres Xarriton Ehulatei gogoratzen da “ene lagun ona Xarles Arribillaga, gutarik urrun zendu zelarik Bordeleko eskualdean, neu ibili nintzela, Xarlesen arreba (Marie-Jeanne) berak gomendaturik, baina debaldetan, kantutegi hori, hatz ez behatz nehon ezin atzemanez”. Liburua plazaratzen lagundu duen Hatsa elkarteko kide den Auxtin Zamorak oroitarazi duenez, “Musumieleniako familiak bazekien liburuxka Xarlesen eskutan zela, baina bera zendu zelarik, nehork ez zuen asmatu, Lafitteri utzi izan zekiokeela”. Eta Xarritonek aitortu du, uste izan zuela “ez zela Arribillagatarren kaiera Barbier ala Borotra xuri-xurien kantu guztiak zeuzkana nehondik neholaz uztariztar apaiz ameslari gorriaren eskuetara erori ahal izan”. Usteak erdia ustel.
Xarles Arribillaga Uztaritzeko seminarioan ikasketak egindakoa zen, nor eta Aita Piarres Lafitteren zurkaizgo pean. Frantses irakasle bihurtu eta Bordeleratu zen. Senpere Musumielenian, aitaren sortetxean, osaba Marcel hiltzean baina, Xarles euskaltzaleak ez zuen dudatu: burdinazko lumaz Marcel Arribillaga Musumielenia St Pée s/r Nivelle idatzia zeukan koadernoa bereganatu zuen. Haatik, 44 urte zituela, hil zen Xarles Arribillaga 1969an. Senpereko hainbat etxe, hainbat esku idazle eta belarri xaramelazale ezagutu zituen liburuxkak Girondako bere erbeste laburra amaitu zuela ez zuen inork jakin. Hatsa eta Oxtikenea elkarteen lanari esker dakigu gaur, Piarres Lafitte euskaltzainak kaiera horren barnean aurkitu kantu zenbait, ziren bezala erabili zituela, Xaramela, Kantuz eta Kantu kanta khantore kantutegietan nabarmenki ezarririk. Hitz batez, Musumieleniako paretak dardarazi zituzten, mende bat berantago ezin ezagunago eginen ziren Euskal Herriko hainbat abestik, Adios ene maitea, Intxauzpeko alaba, Itsua eta sastrea, Zazpi eihera baditut edo Ziburutik Sarara, eta gehiagok ere.
Dena dela, izan Jean Barbier “xuri-xuri” ala Lafitte “ameslari gorri”, apaizek, XXI. mendeak eta euskaltzaletasunak galtzetik begiratu liburua da XIX. Mendeko kantu ahantziak, Musumieleniako Marcel Arribillagaren kantu kahiera. Berriki Euskaltzaindiak atzeman du Lafittek 1985ean utzi fondoa digitalizatzerakoan. Zamorak hala dio: “Pentsa dezakegu holako kantutegi baten atxikitzeak nonbait, kontzientzia baten ardatza segitu duela. Ohartuz, gure garaian ere, Arribillaga familia euskarari oraino atxikia dela, ikusiz Barbierrek euskal funtsari zion atxikimendua, jakinez Piarres Lafitte zer aditua zen euskal kulturan, bai, atxikimendua agertzen dela ez da dudarik. Bestela aspaldi, zaharkeri inutila bezala, kantutegi hori asko etxetan zikindegira jaurtikia izanen zen”.
Liburua Gernikako arbolaren hamabi ahapaldiek abiarazten dute. Ipharraguerrek moldatuak darakuste hizki larriek guztien buruan. Honetaz gain, Musumieleniako semearen koadernoan datozen 110 kantuetan hiru baizik ez dira izenpetuak. Gerlako kantuak J. Albandoz izeneko batek eta azken biak, Jean Barbier apaiz idazleak. Barbier Musumieleniako familiaren oso hurbilekoa zen. Maixan Arribillaga Marcel eta Jan Battitten arreba gaztea beretzat ari zen idazkari eta pentsatzen da honek zituzkeela bertsoetako asko kaieran idatzi. “Maixan Arribillaga, kasik serora sartzeko puntuan zen”, dio Auxtin Zamorak “baina Jean Barbieren eraginez, irakasle sartu zen Senpereko San Josep eskolan. Bizi zen elizatik bi pausotara eta beraz nabari da, Barbier eta Maixanek elkarrekin lan egiteko baldintza onak zituztela”.
Marcel Arribillagaren koadernoko azken kantua den Herritik nere haurrari gerla tokira izenekoa, Jean Barbierek berak izenpetua da. 1916ko martxoko data dakar, hots, Lehen Mundu Gerla bete-betekoa. Gerla horri buruzko kantuak hain zuzen, irakasgaiez beteak zaizkigu; XX. mende hasierako Ipar Euskal Herriko euskaldunetan frantses nazionalismoa fede giristinoaren eskutik zihoala ohartarazten digute-eta. Albandozen bertsoek honela diote:
Kuraie handi azkar batekin lotu ginen bideari
Frantsesekilan gu eskualdunak, esku emanez elgarri
Gure otoitzak entzun araziz zeruko Aita onari
Bitoria eman dezakola Frantses herri maiteari
Baina ez Arribillagatarrak ez kaiera hartan idatzi zuten besteak bide ziren sektarioak. Irakurri besterik ez dago Lehen eta orai bertsoaldia. Laborarien ikuspegitik idatzia, Aitzin Erregimenean erregeek pizten zituzten gerlen kontrako aldarria da :
Gerlarat igortzen
Eta han inozenteek elgar xahutzen
Baita berdintasun sozialaren aldekoa ere:
Ala dadin aberats ala pobrea
Gizona gizonaren duk haurridea
Eta guk goratzeko besteen apaltzea
Gure anaiari duk laido egitea
Elgar aditzea
Elgar maitatzea
Eta laguntzea
Hori duk egiazko jainko legea
Kirri-karra, lumaren zorrotza paperaren gainean. Maixan Arribillaga halako edo holako kantua kopiatzen ari. Eta besteak, nork eginen zituen? “Pentsa dezakegu –dio Auxtin Zamorak– esku gazteak zirela idazleak, amodioak toki handia duelako kaiera osoan (45 kantu 110en artean). Amodioen sasoia, naturalki edo gehienik bederen, gaztaroko errealitatea da”. Maitasun penak, gogoz kontrako ezkontza proposamenak, amodio zuhurrak ala segitu beharreko bidetik guztiz kanpokoak, denetarik dago Musumieleniakoen kantu bilduman. Kasurako Xori Erresiñoleta olerkiak hegaztien metafora hartzen badu ere gordinetik ari da beldurrik gabe:
Bat arra zen eta bertzea emea
Ez zen mirakuilurik parekatzea
Lehen ere
Duda gabe
Ikusi ez balu
Harra hura ez zen joanen sasi hartara
Emea ez balitz jin bidez erditara.
Eta emea non zen orduan
Sasi handian barna sartua
Lumaturik
Apaindurik
Bere papoa
Kukurusta harroturik jarri zenean
Errutera sartu zen bere ohantzean
Honek burutik kendu digu kantu liburuak neguko arratsetan familiartean kantatzeko eginak zirela, eta Marcel Arribillagaren koadernoaren gainbegiratzailea Jean Barbier apaiz “xuri-xuria” bera zela. Ala pitzadurak izanen ote zituen, alta ez hain aspaldiko jendarte tradizionalista hark ere? Ciento cincuenta reales kantuak gaztelaniaz ezin argikiago dio:
Ciento cincuenta reales
Me han ofrecido
Para poner los cuernos
A mi marido. [Errepika]
Todas las noches estoy
Siempre pensando a ti
Yo me muero de amor
Bai triste de mi (bis).
Ciento cincuenta reales
No se han de perder
Cuernos a mi marido
Se le han de poner
Kantu bakar batzuek data zehatza agertzen dute beren narrazioan. Hala nola zaharrena Frantsesak Madrilen izenekoan, Mila zortzi ehun eta zortzigarrenean aipatzen den, Napoleon Bonaparteren Espainiako kanpainari buruz. Baina frantses iraultzaraino, hots 1789raino doa Arribillagatarren kantutegiko aipurik aspaldikoena, Berria dut aditu bertsoaldiaren bitartez.
XIX. Mendeko kantu ahantziak, Musumieleniako Marcel Arribillagaren kantu kahiera berreskuratzen lagundu duten printzeetan nabarmentzekoak, Hatsa eta Oxtikenea Senpereko elkarteak dira. Liburuak frogatzen du abesti zaharren bilaketa amaitutzat ematea zaila dela. Urteetan apalategi ala ontzi zokoratuetan bildurik dauden dokumentuak badaitezke, Senperen, ala auzo herrietan, nork errauts artetik jalgi zain. Ikusmolde hortakoa da Auxtin Zamora, baina zuhurtzia behar dela badaki: “Etxez etxe behar da ibili. Kasik ateak bortxatu, manerarekin gero! Ez baita erraz, etxeetako intimitatean sartzea. Astia anitz eskatzen du horrek. Behar zaie jendeeri luzaz mintzatu, beharbada, noizbait erranarazi arte: ‘A! Bai! selauruan badugu bai, zerbait aspaldikoa’!”. Ohargarri da Hatsa eta Oxtikenea elkartekoek jadanik hiru aldiz atzeman dutela “zerbait aspaldiko”, Lapurdiko kantutegiaren aberasgarri. 2001ean, Senpereko kantu xaharrak izan ziren eta 2006an Sara, Senpere eta Azkaingo atzoko kantuak. Aurten, XIX. Mendeko kantu ahantziak, Musumieleniako Marcel Arribillagaren kantu kahieraren aldi izan da. Kantaraziko duten hurrengo loti ederra zein izanen den, geroak erranen.
Euskalgintzak Senpereko Larraldea etxea faltan botako du. Uda gabe, Bertsularien lagunak, bertan gelditzen den azken elkarteak, lekuz aldatuko du eta etxea hetsiko dute. Euskararen, euskal kulturaren eta arteen ohantzea izan da Larraldea, urte luzetan Andoni Iturrioz mezenasak... [+]
Berrogei urte dira Euskal Herrian autismoaren inguruko lehen azterketak eta zerbitzuak hasi zirela. Urte hauetan asko aldatu da autismoaz dakiguna. Uste baino heterogeneoagoa da. Uste baino ohikoagoa. Normalagoa.
Txinparta izeneko prozesua Martxoaren 21ean hasiko da eta urte bete iraungo du. "Udaberriaren hasierarekin batera proiektu herritar berri bat" aurkeztu nahi dutela adierazi dute.
PP, Vox, Junts eta EAJren botoekin Espainiako Kongresuak onartu du otsoa espezie babestuen zerrendatik ateratzea eta, horren ondorioz, berriz ehizatu ahal izango dute Duero ibaitik iparrera.
Protestak 24 ordu bete dituenean, suhiltzaileak bertaratu dira udaletxera eta kateak moztu dizkiete bi gazteei. Bi kateatuek gaua bertan igarotzea "udaletxearen hautua" izan dela adierazi du Gazte Asanbladak, eta udalaren ordezkariek "ekintza deslegitimatzeko eta bi... [+]
Ez da gauza berria politikari profesionalak gizarteko arazoak estaltzeko ahaleginetan ibiltzea. Azkenaldian Denis Itxaso -EAEko Etxebizitza sailburua- entzun dugu etxegabetzeei garrantzia kenduz eta aditzera emanez gurean bazterreko fenomenoa direla; eta Begoña Alfaro... [+]
Iruñeko Zaldiko Maldiko Elkartean eta Baigorriko Bixentainean aurkeztu da aurtengo Nafarroaren Eguna, egun berean. Ohi bezala, apirileko azken igandearekin bat egingo da festa Baigorrin, eta horrez gain, apirilean hainbat ekitaldi egingo dira eskualdean.
Antropozentrismoaren aldaera traketsena eurozentrismoa izan zen. Europako mendebaldea, geografikoki, Kontinente Euroasiarraren penintsula txiki bat besterik ez da, baina lau mende luzez gertaera demografiko, teknologiko eta ideologiko batzuk zirela medio, bazter horretako... [+]
Hezkuntza eredu propioa "ezinbestean" independentziatik etorri behar dela adierazi dute, eta sistema propio hori "publikoa eta komunitarioa" izatea nahi dutela. Ikamak deituta, goizean zehar piketeak egin dituzte Euskal Herriko hainbat hezkuntza zentroetan.
Euskal Pilotako Nazioarteko Federazioaren eta Espainiako Federazioaren arteko gatazkak bere horretan jarraitzen duen bitartean, Jose Manuel Rodriguez Uribesek euskal selekzioaren aldeko adierazpenak egin ditu. Desadostasunak direla eta, Nazioarteko Pilota Federazioaren eta... [+]
Badakizuenok badakizue, beste gauza asko bezala, euskararen aldeko borrokan ere politikoek, eragile batzuek eta hedabideek beraien antzezlana saldu nahi digutela, benetakoa balitz bezala.
Lehen urtean pozik jaso nuen, "Euskaraldi" hau. Zer edo zer zen, ezer ez zegoela... [+]
Euskarak, mendez mende, zapalkuntza sistematikoa jasan du, eta oraindik ere borrokan dabil egunerokoan bere leku duina aldarrikatzeko. Hizkuntza baten desagerpena ez da inoiz berez gertatzen; planifikazio politiko eta sozialak eragiten du zuzenean. Euskaldunoi ukatu egin izan... [+]
Puntueusek eta Cyberzaintzak elkarlanean ikusentzunezko baliabide pedagogiko bat sortu dute gazteentzat eta haiekin lan egiten duten profesionalentzat: irakasle, guraso eta hezitzaileentzat. Ikusentzunezko honen bidez, ziberjazarpena ezohiko ikuspegi batetik... [+]
Kamioiak ez sartu ez atera. Horrela eman dute goiza BSHko Eskirozko lantokian. Parez-pare langileak aurkitu dituzte protestan. Hilkutxa batekin, elkarretaratze formatuan lehenbizi eta Foruzaingoak esku hartu behar zuela jakin dutenean eserialdia egin dute erresistentzia pasiboa... [+]
Dakota Access oliobidearen kontrako protestengatik zigortu du Ipar Dakotako epaimahai batek erakunde ekologista, Energy Transfer Partners enpresak salaketa jarri ostean. Standing Rockeko sioux tribuak protesten erantzukizuna bere gain hartu du.