Esadazu... zer afaldu duzun. Aspaldi ikusten ez nuen ikaskide batekin elkartu nintzen lehengoan. Nafarroako herri txiki batean ari da lanean, maisu. Errepidea bukatzen den herri batean. Hiriburutik urruti. Eskola txikia dela eta kontentu dagoela esan zidan. Eskolako haur asko baserri auzoetan bizi direnez, jantoki zerbitzua eskaintzen dute eskolan eta bertan bazkaltzen du, gainontzeko irakasleekin eta haurrekin batera. Harritua dagoela esan zidan. Harritua ikaragarriko arazoak dituztelako jantokiko begiraleek haurrei hainbat gauza jatera emateko. Barazkiak, esate baterako. Gero eta kezkagarriagoa denez afera, haurrei zer afaltzen duten galdetu diete. Pizza erantzun dute batzuek; ogitartekoa, beste batzuek; sanjakoboa edota patata frijituak, bakarren batek. Haur horiek –geografikoki, bederen– guztiak gune komertzial handietatik zein janari azkarreko jatetxeetatik urruti bizi dira, baina dieta mota hori azkeneko baserriraino iritsi da. Gurasoekin bilera egin dute eta gero eta denbora gutxiago dutela otorduak prestatzeko argudiatu dute. “Ez dakit denbora kontua den bakarrik –esan diot– opil industrialek zein frijituek badute zerbait listua egiten jartzen dutena gure burmuina”. Kafetegian sartu garenean gozo-bonba bana eskatu dugu.