Azken hilabeteetan, Europako zenbait herrialde erreskatatu dituztela ikusi dugu, hala nola Grezia eta Irlanda. Eta badirudi 2011n beste herrialde batzuk ere erreskatatuko dituztela. Portugal, Espainia, Belgika eta Italia izan daitezke herrialde horiek, besteak beste.
Zer da herrialde bat erreskatatzea eta zer ondorio ditu?
Nelson (izena faltsua da) orain dela hiru hilabete joan zen Irlandara, lan bila, Tigre Zeltaren mirariaren atzetik. Dublinera ailegatu eta hilabete batera, ordea, Nazioarteko Diru Funtsa (NDF) eta Europako Batasuna irla erreskatatu beharrean zeudela entzun zuen. Ez zuen gertatzen zena ondo ulertu, baina ez zuen halakorik espero. Bosniarra da eta 26 urte ditu. Ingelesez nola edo hala moldatzen dela-eta harro zen orain dela lau hilabete, zorionekoa sentitzen zen Dublinera joan ahal izateagatik.
Bizimodu oparoa espero zuen Nelsonek Irlandan. Ez zuen inolaz ere kalean eske ibiliko zenik pentsatu. Bazekien gauzak ez zirela samurrak izanen, baina ez zuen imajinatu ere egin Dublingo Grafton kaleko Burger King-aren ondoan diru eske egonen zenik. Irlandako azken 25 urtetako negurik hotzenean eta oinutsik. Familiari ez dio egia esan, lan bila ari dela esan die eta lagun baten etxean egiten duela lo. “Dena azkarregi joan da”.
Kalean eske zazpi ordu egon ondoren, gaua Pearse Street kaleko ostatu publikoan igarotzen du: “Hori guztia, egunero zortzi euro baino gutxiago jasotzeko”. Aterpeak gainezka dauden arren, gauetan etxegabeak kalean ikustea oso arrunta da Dublinen. Askok nahiago dute kalea ostatuak baino, droga eta istilu anitz izaten baitira aterpeetan. Homeless agentziak azaroko gau batean egindako bilaketan 70 pertsona aurkitu zituen kalean, aurreko urtean data berean baino 20 gehiago. Eta, osotara, Dublingo metropoli guneak milioi eta erdi biztanle inguru besterik ez ditu. Ikerketa horren arabera, irlandar etxegabeen kopurua %20 handitu zen iaz 2009 urtearekiko. Halere, oro har, Bosniatik, Errumaniatik eta Poloniatik joandakoak dira gehienak. Boom ekonomikoarekin liluraturik ailegatutakoak guztiak.
Urte luze honetan Irlandak kiebra egin du. Finantza sistemak porrot egin eta adreiluaren burbuilak eztanda egin du. Hori dela eta, 100.000 etxebizitza daude gaur egun hutsik. Horietako asko obra amaitu gabe ere bai. Egoerak paradoxa ugari ikusarazi ditu: etxe fantasmak edonon izanik ere, irlako hiriburuan 70 bat lagunek egiten dute lo egunero kalean.
Bosniar gaztearen kasua hamaika bider ikusten ahal da Dublingo kaleetan. Bost metro bakoitzeko daude eskaleak. Bereziki kutxazain automatikoen alboan, kafea edateko kartoizko edalontzietan txanponen soinua noiz entzungo zain. Ilara amaigabeak ikusten ahal dira hiriguneko bankuetan; Grafton eta O’Connell giro biziko kale nagusietan, bereziki. Eguberri sasoia izanik, jendeak etenik gabe ateratzen du dirua Bank of Ireland edo Allied Irish Bank-etako kutxazainetatik. Eta, hain justu, banku horien zorrak eragin du irlaren crack-a.
Dublinen eskaleen fenomenoa berria ez bada ere, azken urtean eta batik bat azken bi hilabeteetan ikaragarri handitu da. Halaxe dio Dublingo misio kristauak hiriko zentroan duen Light House etxeko koordinatzaile Rocheanne Noble hegoafrikarrak: “Azken bi hilabetetan hogei bat aurpegi berri ikusi ditut gurean, izugarria da, eta hemendik aurrera geroz eta gehiago espero ditugu”.
Pobreziarekin batera, karitatea ere handitu egin da Irlandan. Katolizismoari indartsu lotuta izateagatik-edo, beste herrialde batzuetan baino ohitura handiagoa dute limosnak emateko. Eskaleez aparte, Focus Ireland edo Simon Communities erakundeetako boluntarioak kale guztietan daude diru eske. Baina elkarte horiek ezin diote arazoari aurre egin, Nobleren irudiko. “Jendeak laguntzen du, bai, baina ez da aski. Orain, gainera, krisiak mundu guztia kolpatu du. Beraiek jateko ez badute, nola eman behar dute dirua etxegabeentzako? Gobernuak arazoa errotik konpondu beharko luke, baina oraingoz diru laguntza gehiago eman beharko lieke eskaleak hartzen dituzten etxeei”.
Izan ere, etxegabeak ez dira Irlandako finantza krisia jasaten duten bakarrak. Kaleetan dirua eskatzen dieten horiei ere etorkizun latza datorkie. Klase ertain zabala du Irlandak, 1990eko hamarkadako neoliberalismoak ekarri zuen ekonomiaren indartzearekin batera sendotutako klasea. Eta multzo hori izanen da preseski bankuen erreskatea gehien sufrituko duena. Horrela deritzo dio Michael Senelli dublindarrak: “90eko hamarkada baino lehen gure egoera ekonomikoa zinez latza zen. Azken 20 urteetan ondo bizitzea lortu dugu, Irlanda ziztu bizian hazi zen. Zoriontasun horrek, baina, gutxi iraun digu”.
Klase ertain hori dagoeneko desagertu dela uste du batek baino gehiagok. “Azken urtean langabezia handitu da (gaur egun %14,1 da tasa) eta orain arte izan ditugun luxu txikiak jadanik kendu ditugu. Nik, adibidez, orain dela lau bat hilabete saldu nuen autoa. Autoa edukitzea luxu bat bilakatuko da aurki”, gehitu du Sean Smith 30 urteko dublindarrak.
Izan ere, datozen lau urtetan, Europako Batasunak eta NDFk utzitako dirua ordaintzeko, Irlandak murrizketa publiko latzak eta zerga igoera handiak eginen ditu. Austeritate plana deitu dutena aplikatuko du. Hala, nazioarteko erakundeen esanetara eskatutako erreskatearen ordainketa garesti aterako zaio Irlandari. Hasteko, 85.000 milioi euroak lortzeko, Irlandako Parlamentuak (Dáil Éireann) 6.000 milioiko murrizketa egin du 2011ko aurrekontuetan. Batez ere, gizarte-ongizatea zigortuko dute neurriok, familiek eta langabetuek jasotzen dituzten diru-laguntzak %5 inguru murriztuko baitira. Langabezia eta bizitzaren garestitzea dela eta, datozen lau urteotan 100.000 irlandar ingururen emigrazioa espero da. Guztira, Irlandako Errepublikak lau milioi eta erdi biztanle baino ez ditu.
Orain arte mobilizazio entzutetsu asko egin ez bada ere, geroz eta ozenago entzuten ari dira erreskatearen kontrako ahotsak. Datozen hilabeteetan ikusiko da egoerak atzera bueltarik baduen ala ez. Zaila ikusten dute aditu nahiz politikariek tortilari buelta ematea; halere, San Patrick (martxoak 17) eguna baino lehen eginen diren hauteskundeetan egonen da giltza.
Inkesta ugari ematen ari dira azken asteotan ezagutzera eta, ondorioztatzen ari direnez, bankuen erreskatea irudikatu duten bi gizonak, Brian Cowen lehen ministroa eta Brian Lenihan finantza ministroa, gogor zigortuko dituzte hautesleek. Fiannna Fáil eta Alderdi Berdeak osatutako gobernuari hilabete gutxi batzuk falta zaizkio bukatzeko eta laboristek dituzte boleto guztiak hurrengo gobernua gidatzeko. Laboristek Sinn Feinnekin eta independienteekin koalizioa osatzeko aukera ere mahai gainean dago. Dena delakoa, hauteskunde kanapainaren ardatza finantza erreskatea berriz ere negoziatzeko aukera edukitzea izanen da.
ZERGATIK ERRESKATATU BEHAR DA HERRIALDE BAT?
BEHEA JOTZEN UZTEN AL ZAIE HERRIALDEEI?
ZEINEK ORDAINTZEN DITU ERRESKATEAK?
ZER ONDORIO DITU ERRESKATEAK HERRITARRENTZAT?
ESPAINIAKO ESTATUA ERRESKATATUKO AL DUTE?
Goizean jaiki orduko hasten dira desegokitasunak. Beharbada lotarako erabili duzun lastaira ere ez zen egokiena. Baina, ezin ba idatzi desegoki sentiarazten nauten guztiez. Horregatik, udaberriko ekinozioa –egunaren eta gauaren arteko oreka– dela eta, oraindik ere,... [+]
Guardia Zibilaren historia bat - Hemendik alde egiteko arrazoiak izenburupean, datorren astean argitaratuko dugun 305. LARRUN aldizkariaren pasarte batzuk dira ondorengoak, erakunde armatuaren sorrera garaietan girotutakoak.
Rosa Zarra Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz hil zela da Eusko Jaurlaritzako Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak atera duen ondorioa, Berria-k jakinarazi duenez. Orain arte, Ertzaintzak beti egin dio uko bertsio horri, eta Rosa Zarra berak zuen gaixotasunaren ondorioz... [+]
Nafarroako Ikastolen Elkarteak lehendakari berria du. Oier Sanjurjok hartu dio lekukoa Elena Zabaleta Andresenari. Beste zazpi kide izanen ditu alboan Sanjurjok.
ELA sindikatuak azaldu duenez, azken Lan Eskaintza Publikoaren oinarrien arabera, Ertzaintzarako eskainitako lanpostuen %20ak eta Udaltzaingoaren %30ak ez daukate euskara-eskakizunik. Gasteizen, adibidez, udaltzain-lanpostuen erdietan, 24tan, ez dago euskara-eskakizunik.
Ustez, lokalaren jabetza eskuratu dutenek bidali dituzte sarrailagileak sarraila aldatzera; Ertzaintzak babestuta aritu dira hori egiten. Birundak epaiketa bat irabazi du duela gutxi.
Inoren Ero Ni + Lisabö
Noiz: martxoaren 14an.
Non: Gasteizko Jimmy Jazz aretoan.
----------------------------------------------------
Izotz-arriskuaren seinalea autoko pantailatxoan. Urkiola, bere mendilerro eta baso. Kontzertuetara bideko ohiko errituala: Inoren... [+]
Euskalgintzak Senpereko Larraldea etxea faltan botako du. Uda gabe, Bertsularien lagunak, bertan gelditzen den azken elkarteak, lekuz aldatuko du eta etxea hetsiko dute. Euskararen, euskal kulturaren eta arteen ohantzea izan da Larraldea, urte luzetan Andoni Iturrioz mezenasak... [+]
Berrogei urte dira Euskal Herrian autismoaren inguruko lehen azterketak eta zerbitzuak hasi zirela. Urte hauetan asko aldatu da autismoaz dakiguna. Uste baino heterogeneoagoa da. Uste baino ohikoagoa. Normalagoa.
Txinparta izeneko prozesua Martxoaren 21ean hasiko da eta urte bete iraungo du. "Udaberriaren hasierarekin batera proiektu herritar berri bat" aurkeztu nahi dutela adierazi dute.
PP, Vox, Junts eta EAJren botoekin Espainiako Kongresuak onartu du otsoa espezie babestuen zerrendatik ateratzea eta, horren ondorioz, berriz ehizatu ahal izango dute Duero ibaitik iparrera.
Itxaron zerrendak gutxitzeko Osasunbideak hartutako estrategiak gaitzetsi ditu Plataformak
Protestak 24 ordu bete dituenean, suhiltzaileak bertaratu dira udaletxera eta kateak moztu dizkiete bi gazteei. Bi kateatuek gaua bertan igarotzea "udaletxearen hautua" izan dela adierazi du Gazte Asanbladak, eta udalaren ordezkariek "ekintza deslegitimatzeko eta bi... [+]