Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara,
jarrai dezagun txikitik eragiten.
Euskal herritarrek gaur egun ez dute pentsio sistema publiko propiorik –nahiz eta hala eskatzen duten sindikatu eta alderdi abertzaleek–, ez dutelako nazio subiranotasunik eta Madrilen eta Parisen erabakitzen denaren mende daudelako. Horrela, Iparraldeko euskaldunak, mobilizazioak eta grebak egin arren, Asanblea Nazionaletik eta Senatutik igaro ostean Frantziako Gobernuak jadanik onartu duen pentsio erreforma baten ondorioak pairatzen hasi dira. Hegoaldeko euskal herritarrok erreformaren atarian gaude, urtea amaitzerako onartuko baitu Espainiako Gobernuak. Azken aste eta hilabeteotan Toledoko Itunaren baitan ari da eztabaidatzen –alderdi politiko, patronal eta sindikatuen artean–, gero Kongresutik eta Senatutik igarotzeko. Derrigorrezko izapideak dira horiek, gero Espainiako Gobernuaren argi berdea jasotzeko.
Ikus dezagun pentsio erreformari buruzko eztabaida zertan den Espainiako Estatuan, eta zer eragin izan dezakeen euskal herritarrongan. Erreforma horrek bi gako ditu: erretiro adina 67 urtera atzeratzea eta erretiro pentsioaren kalkulua aldatzea, azken hamabost urtekoa izatetik azken hogei urtekoa izatera pasa baitaiteke.
Erretiroaren adina 65 urtetik 67ra atzeratzea da Espainiako Gobernuaren asmoetako bat. Urrats hori pixkanaka egin eta 2013an hasiko litzateke aplikatzen. Nola eragingo lioke etorkizuneko erretiratuari? Eztabaidatzen diren aukeretako bat, erretiro adina urtero bi hilabete atzeratzea da –hau da, 2013an erretiratzen denak 65 urte eta bi hilabeterekin egingo du, eta horrela hurrenez hurren–. Hartara, 1959tik aurrera jaio direnak 67 urterekin erretiratuko lirateke.
Urte gehiagoz kotizatzea eta pentsioaren kalkulua
Toledoko Itunaren baitan eztabaidatzen ari den pentsio erreformaren beste gakoetako bat urte gehiagoz kotizatzea da, pentsiodun bakoitzak jasoko duen pentsioa kalkulatzeko. Horrela, orain arteko pentsioak kalkulatzen ziren pertsona bakoitzak kotizatutako azken hamabost urteen arabera. Dirudienez, nahikoa kontsentsu dago kotizatutako urteak 20 urtera luza daitezen pentsioa kalkulatzeko. Nonbait, horixe da Espainiako Gobernuaren proposamena. Beste eragile eta aditu batzuk, baina, epe hori 25 edo 30 urtera luzatzearen aldekoak dira. Kotizazio epeak lan bizitza osoari eragitearen aldekoak ere badaude.
Testuinguru horretan, erreforma horretatik aurrera kobratuko litzatekeen pentsioa zer izango litzateke etorkizuneko pentsiodunentzat, hobea ala okerragoa? Horretan ez dago adostasunik, baina badaude azterketa eta kalkulu batzuk. Horrela, Madrilgo Unibertsitate Autonomoko soziologia irakaslea den Antonio Antónek egindako eta CCOOk argitaratutako simulazio batek kotizazio epea 15 urtetik 25era luzatzea ebaluatzen du. 35 eta 39 urte arteko langile baten batez besteko soldata hartzen du, 20.964 eurokoa, 55 eta 59 urte artean 25.469koa izango dena. Kalkulatzeko epea hamar urte luzatzeak, bere kalkuluen arabera, %5eko murrizketa lekarke. Eta kasu horretan bertan lan bizitza osora zabalduz gero, pentsioaren murrizketa %16tik gorakoa litzateke.
Labour Asociados-ek egindako eta Espainiako Lan Ministerioak diruz lagundutako beste azterketa batek Lan Bizitzen Lagin Jarraitua erabiltzen du oinarri gisa. Estimazio horren arabera, azken 20 urteak hartzen badira kotizazio epe moduan, gutxi gorabehera oraingoa baino %5 txikiagoa den pentsioa kobratuko litzateke. Azterketa horren egileek diotenez, urte gehiagora luzatuko balitz –pentsioaren %100 kobratzeko 35 urte baino gehiago eskatu gabe–, “pentsioa dezente murriztuko litzateke”.
Pentsio maximoa eta minimoa
Espainiako estatuan, 2010eko pentsio maximoa hilean 2.466,20 euro gordinekoa da (urtean 34.526,80 eurokoa). Pentsio minimoen artean daude hileko 444,90 euroak –60 urtez beherako alargunentzat– eta hileko 725, 20 euroak, ezkontidea bere kargu duen 65 urteko edo gehiagoko titularrarentzat. Hamarnaka mila pertsona daude hilean 179,40 euroko umezurtz pentsioak jasotzen dituztenak, edo SOVIren 375,70 euro hilean.
Iparraldea: bi urte gehiago lanean
Iragan urrian onartu zen Frantziako Gobernuaren pentsio erreforma, eta Iparraldeko euskal herritarrei ere eragingo die. Langile, ikasle eta herritarren greba eta manifestaldi ugariek ezin izan dute geldiarazi erreforma hori, Sarkozyk sustatua eta herritarren atxikimendua galarazi diona. Kontserbadoreen eta zentristen gehiengoz onartu da. Frantziako Gobernuaren ustez, erreforma berri horri esker, estatuak 70.000 milioi eurotik gora aurreztuko du 2018tik aurrera.
Honako hauek dira erreforma horren gakoak. Onartu den pentsio erreformak Frantziako herritarren erretiratzeko adin legala 60 urtetik 62ra atzeratzen du. Pentsio osoa kobratzeko adina denbora kotizatu ez dutenentzat, erretiratzeko adina 65 urtetik 67ra aldatzen da. Era berean, luzatu egiten da pentsio osoa kobratu ahal izateko kotizatu behar den denbora, 40 urtetik 41,5era.
Sindikatuen exijentzien eta langileen eta herritarren mugimenduen aurrean Sarkozyren gobernuak egin duen kontzesio bakarra izan da erretiro adina 65 urtean mantentzea hiru seme-alaba dituzten amentzat eta desgaituen gurasoentzat.