Concetta Probanza
Hiru pertsonaren artean hitzekin txalapartan ibiltzea liluragarrizko zerbait da. Ongi eman dezakegu hirurok batera; tarteka hirukotetik atera poz handia adierazteko bikotekideari; atera eta sartzeaz lasaitu, eta beste bi hitzalapartarien hauts hegalari ederrei begira hartu atsegin. Urrutiratu egin zaitezke nahi duzunean, beste bi hitzalapartariei kalterik ez dakarkiela, orain bezala:
William A. Douglass antropologoak eta Jon Bilbao irakasleak Ameriketako euskaldunen historia ondu zuten Amerikanuak. Los vascos en el nuevo mundo (1975) liburuan, zazpi ataletan: Euskal Herria; mertzenarioak, misiolariak, marinelak eta merkatariak; Hego Amerikako artzainak; Euskaldunak Kalifornia espainiarrean; Kalifornia Berriko lehenengo euskaldunak; Kaliforniatik hara; Etnikotasunaren iraupena euskal-amerikarretan. Hogeita hamabost urte geroago, Zinemira-Euskal Zinemaren Panorama sailaren barruan egin zen Amerikanuak euskaraz egindako proiektu independentearen estreinaldia, irailaren 18an, Donostian. Gorka Bilbao (Gernika, 1974) eta Nacho Reig (Teruel, 1969) dira zuzendariak, eta Berde Produkzioak ekoizpen-etxe txikiko Zigor Etxebarriak eta Jose Luis Barredok ekoitzi dute. Amerikanuak filmaren soinu banda Audience taldeak sortu du. Bosgarrena da Gernikako musika taldeak argitaratu dituen diskoen artean. Aurretik etorri ziren Some Lovely Hands On Dry Skins (2001), Second Handed (2002), Trying Wings on Roots (2007) eta A shake in calm water (2009). Liburua hor dago. Dokumentala hemen. Elko (Nevada) komunitateko euskaldunen historiak idazteko gogotan jaiotako proiektuak dira biak ala biak, eta munduko euskal diasporaren zati horrek batzen ditu.
Beste antzik ez dute liburuak eta dokumentalak, baina biak dira Amerikako Estatu Batuetako mendebaldeko euskaldunen historiaren erro galduak gure argitara ekartzeko modu ederrak. Ez du nik idatzitakoak Beñatek eta Anak eman dituzten azken bi ttakunekin zerikusi handirik, ala bai. Hiru pertsonaren artean hitzekin txalapartan ibiltzea liluragarrizko zerbait da: hitzaren ertz finekin sartzen zara mundua den egurrezko lau pareten artean, eta mundutik kanpo agertu beste bien amodiozko jokoa argitu artean; egurrari burdinaren hotsa atera, eta ttakunak ezker-eskuin joz hirurok elkar berotu, zoriontsu. Gerturatu ere, berriro gerturatu egin zaitezke nahi duzunean, beste bi hitzalapartariei kalterik ez dakarkiela, orain bezala: Ortzemugak Begietan Ken 7 talde gernikarraren disko berria da. Beñatek talde hori aipatu zuen kolpe garbi batez. Audience taldea ere gernikarra da sortzez. Egoitz Pomares produkzio lanetan aritu da Audiencek kaleratu duen azken musika-lanean, eta egun batzuk eman ditu Londresen. Egoitzek berak Amerikanuak dokumentala gomendatu zidan, ikusteko eta ikusteko eta entzuteko eta entzuteko. Eta hala egin genuen, ikusi eta entzun modu hunkigarrian, Principeko 9. aretoan geunden denak elkarri begiak emanda, Elkoko euskal artzainek desagertzear dagoen zeruertz bat nola osatu duten ikusiz eta entzunez, entzunez eta ikusiz musikaren hegazti-pausuak horizonte elurtuetan. Eta Anak “Ertz batean kokatzeak, mundua ez du mutur bakar egiten” egurrez idatziko zuela oraindik ez nekiela, txalo jotzen hasi nintzen filmaren amaieran, astiro, bakardadeak garaitutako ortzimugak bezala.