Dani Blanco
Izan ere, mundu osoan zinezko klase borroka gordinean murgilduta gaude, zeinean, zoritxarrez kapitalistek aurrea hartu diguten. Europan, esate baterako, Greziarekin hasi ziren, eta berehala gurekin. Zapateroren plana, ezbairik gabe, frankismoaren amaieratik hona Espainiako Estatuan egin den langileen eskubide sozial eta ekonomikoen aurkako erasorik handiena eta gogorrena da. Eta EAJ, Gernikako Estatutuan jasotzen diren transferentzien truk, PSOEri laguntzeko prest dago. Hogeita hamar urte geroago miseria kudeatzeko transferentziak. Tamalgarria bezain patetikoa.
Zorionez, zenbait tokitan langileria hasi da haserretzen. Grezian bost greba orokor egin dituzte jadanik, Frantzian, irailaren 7an beste bat. Guk bi. Alabaina ez da aski. Gehiago egin behar dira eta batez ere Europa osokoak. Horregatik ongi etorria Europako Konfederazio Sindikalak irailaren 29rako mobilizazioak egiteko egindako deia. Grezian greba orokorra bilakatuko da, baita Espainiako Estatuan ere, UGTk eta CCOOk deituta. Bazen garaia!
Zergatik grebak eta mobilizazioak? Denok dakigu burgesiaren boterea diruaren jabegoan eta estatuaren nagusia izatean datzala. Aitzitik, langileek, sindikatuek, ezker sozial eta politikoek ezin dute ahaztu beren benetako boterearen iturria, funtsean, kalean mobilizatzeko ahalmenean dagoela. Batez ere, krisi kapitalistan, lege eta ohitura erreakzionarioek kaltetutako gizartearen zati guztien errebindikazioak antolatzeko eta biltzeko ahalmena landu behar dutela. Eta Greba Orokorra dugu, bere mugak kontuan harturik, tresnarik eraginkorrenetakoa. Noski, baldin eta ekintza isolatua bezala ez bada ulertzen, eta borroka egun hauen ondoren sindikatuak neguko kasernetara edo betiko martxara itzultzen ez badira.
Zoritxarrez, mobilizazio orokorrerako dei horrek kalapita eta istiluak ekarri ditu Euskal Herriko sindikalgintzan. ELAk eta LABek bere desadostasuna azaldu dute argudiatuz, ekainaren 29ko grebarekin geure kupoa bete genuela, eta batez ere, ez direla fidatzen sindikatu konbokatzaileekin.
Errespetu osoz, ez nago ados argudio eta jarrera horiekin. Lehenengo argudioak ez du funtsik, gauden egoera kontuan hartuta. Bigarrenari buruz, bi sindikatu horien estrategiarekin haserre egoteko arrazoiak izanik ere, ezin diogu Espainiako Estatua astinduko duen greba bati bizkar eman, eta are gutxiago, ezin dugu greba jo ta ke sustatzen ari diren zenbait sindikatu txiki eta aipatu sindikatuen korronte borrokalariekin solidaritatea apurtu.
Bestaldetik, ezin dugu ahaztu, Europako erabakiek ez ezik, Frantziako eta Espainiako gobernuen erabakiek zuzenki kolpatzen gaituztela. Horregatik gure beharra ere bada, langile gisa eta nazio gisa, Hegoaldeko eta Iparraldeko euskal langileok Espainiako eta Frantziakoekin batera kapitalismoaren aurka eta askatasunaren alde jotzea. Bestela jai dugu!