Pio IX.ak eskaturik, halaxe aldarrikatu zuen Vatikano I. Kontzilioak. Aita Santuak, aurrerantzean, ez du hutsik egingo. Ez behintzat dogmari dagokionean. Aita Santuak, dogma bat bere autoritate gorenari jarraiki eta eliza unibertsalaren artzain delako definitzen duenean, ex cathedra berba egiten du. Horrela definitu den doktrina fededun guztiek onartu behar dute. Ez da eztabaidatzen. Horrela da, eta kito.
Hori posible da, goitik beherako egitura delako eliza katolikoarena. Horretaz gainera, piramidala ere bada: goian gutxi batzuk daude eta behean fededun multzoa. Nolabait esatearren, abangoardia dago goian eta horien atzean zintzoki eta doktrina onarturik bizi direnak daude behean.
Fede dogmez eta doktrinaz berbetan ari garenez, berdin dio gero errealitateak kontrako irakaspena ematen badigu ere: dogma da eta ez dago txarto. Orduan egin beharrekoa doktrina apurtxo bat moldatzea da.
Fededunen batek edo horietako multzo batek doktrinaren egokitasunaz zalantzak balitu, isiltzea dauka. Onartuko du ala ez, baina fededunen artean jarraitu gura badu edo fededunen artekotzat hartua izaten jarraitu gura badu, fededunak isilik geratu eta jakinarazi diotena onartzea baino ez du. Gehienek horrela egiten dutenez, kongregazioak iraun egiten du.
Gauzak horrela irudituko luke gainerakook, ez fede eta ez dogma onartzen ez dugunok, alferrik irakurriko ditugula elizaren agiriak: haietan Aita Santuarentzat aldarrikatzen den hutsezintasuna gezurretakoa dela badakigu eta, hori onartzen ez dugunez, kritika egingo genieke eta, jakina, ez gintuzkete taldean onartuko. Nahikoa litzateke esatea, “bera nor dela uste du horrek, errealitatearen gainetik egia berak duela pentsatzeko?”. Halako ariketa sinplea ere eragozten du hutsezintasunaren dogmak.
Baina, hala eta guztiz ere, elizaren agiriak irakurtzea plazera izan ohi da hizkuntzaren edertasunaz gozatzen dugunontzat. Edukiari ez diogu jaramonik egin, aurretik ere esan dudan legez, euren dogma eta doktrinarekin bat ez gatozelako, errealitatearen argitan hertsatzaile irizten diegulako eta sarri askotan formula zaharkituak baino aurkitu ez ditugulako, gaur egungo arazoei erantzuteko balio ez duten iraganeko formulak. Baina hizkuntza. Hori bai ederra!
Urte askoren ondoren, argitaratu berri den azken agiria irakurri, eta sentsazio berbera izan dut: edukia alferrikoa eta hutsala. Baina erabiliriko hizkuntza, hori bai ederra!