Igandeko hauteskunde europarretako behin behineko emaitzak eskuan, goiko grafikoak erakusten du nola geratuko litzatekeen parlamentua. Europako Alderdi Popularreko bloke kontserbadoreak jarraitzen du nagusi izaten, baina 221 ordezkaritik 180ra pasako da. Antzeko zerbait gertatu zaie sozialdemokratei ere: bigarren indarra dira, baina 2014an zeuzkaten 191 ordezkarietatik 146 geratzen zaizkie orain.
Bi bloke nagusien beherakada hori eskuin muturrak probestu zezakeela zioten inkestek, baina momentuz berdeek (19 ordezkari gehiago) eta batez ere liberalek (42 eserleku gehiago) baliatu dute egoera. Nolanahi ere, kontserbadurismo tradizionalaren eskuineko espazioa hazkundean dago: Italiako eta Frantziako emaitzek erakusten dute eskuin muturra bultzaka datorrela; eta hedabide askotan etiketa horretan sailkatzen ez dituzten beste zenbait alderdi ere (Hungairako Fidesz edo Poloniako PiS, adibidez) nagusi dira euren herrialdeetan. Kontrara, GUE/NGL taldean biltzen diren ezkerreko alderdiek beheranzko joera hartu dute hauteskunde hauetan: 52 ordezkaritik 39ra pasa dira.
Alderdi sozialdemokratak irabazi ditu hauteskundeak Suedian behin behineko emaitzen arabera. Botoen %23,60 eskuratuta, alde handi samarra atera dio alderdi moderatu liberal kontserbadoreari. Suediako Demokratak izeneko alderdi ultraeskuindarrak botoen %15 lortu du, aurreko hauteskundeetan eskuratutako emaitza sei puntuan gaindituz.
Hiru alderdiren artean tarte txikia geratu da Errumanian: PNL alderdi kontserbadoreak irabazi ditu Europako hauteskundeak behin behineko emaitzen arabera, baina hiru puntuko aldea besterik ez dio atera alderdi sozialdemokratari. Hirugarren postuan, botoen %20ko langa gaindituta, Alianța 2020 USR-PLUSen zerrenda, Europako Alderdi Popularrean integratuko dena PNL bezala.
PS alderdi sozialdemokratak irabazi ditu Europako hauteskundeak Portugalen, izenez sozialdemokrata izan arren egitez kontserbadorea den PSDren aurretik. Duela bost urteko europar hauteskundeekin alderatuz gero, ezkerrean aldaketak sumatzen dira: Bloco de Esquerdak gora egin du 2014ko bozen aldean eta CDU koalizioak berriz (Portugalgo alderdi komunista eta berdeak batzen dituena) atzera egin du.
PiS alderdi eskuindar nazionalistak irabazi ditu Europako bozak Polonian botoen %45,56 eskuratuta, behin behineko emaitzen arabera. Duela bost urte lortutako emaitza hamalau puntuan hobetu du eta berriz ere Europako hauteskundeetan lehen postua lortu du (2014ko bozetan Donald Tusken PO plataforma izan zen nagusi). Polonia da, Hungariaren baimenarekin, Europar Batasunaren ekialdean eskuin muturraren plaza indartsuenetakoa gaur egun.
Boto oso sakabanatua Herbeheretan: PvdA alderdi sozialdemokratak irabazi ditu Europako bozak botoen %18,90 lortuta eta atzetik geratu zaio VVD alderdi liberal kontserbadorea. Demokrata kristauek eta berdeek botoen %12 eta %10 eskuratu dute hurrenez hurren.
Partit Laburista alderdi sozialemokratarentzat izan dira Europako hauteskundeak Maltan. Botoen %55,90 eskuratu ditu herrialdea ere gobernatzen duen alderdiak eta oso urrun utzi du PN alderdi nazionalista kontserbadorea.
DP/PD alderdi liberal zentristak irabazi ditu hauteskundeak Luxenburgon CSV/PCS alderdi kristau demokratarekin lehia estuan. Azken hauek, ordea, kolpe gogorra jaso dute aurreko hauteskunde europarrekin alderatuta, orduan garaipen lasaia lortu baitzuten. Berdeak dira hirugarren indarra.
2012tik oposizioan dago TS-LKD zentro eskuineko alderdia Lituanian baina igande honetan Europako hauteskundeak irabazi ditu botoen %19 lortuta. Duela bost urteko hauteskunde europarretan berdinketa teknikoa izan zuten zentro-eskuinak eta sozialdemokratek, baina badirudi oraingoan garaipen argiagoa lortu dutela, zentro-ezkerrari ia lau puntuko aldea aterata.
Botoen %26 eskuratuta Jaunā Vienotība alderdi liberal-kontserbadoreak irabazi ditu Europako hauteskundeak Letonian. Bigarren geratu dira Saskana SDPko sozialdemokratak eta eskuin muturreko koalizioak hirugarren postua lortu du, duela bost urteko emaitzak pixka bat hobetuz.
Matteo Salvini barne ministroaren Lega izan da garaile Europako hauteskundeetan Italian. Botoen %34,33 eskuratu ditu behin behineko emaitzen arabera eta horrek baieztatzen du azken bost urteetan Italiako alderdien sistemak izan duen eraldaketa bortitza. Kontuan izan behar da aurreko hauteskunde europarretan Legak botoen %6,15 besterik ez zuela lortu eta PDk erosotasun handiz lortu zuela garaipena. M5S alderdi populistaren beherakada ere adierazten dute emaitzek, botoen %17 eskuratu baitu, aurreko europarrekin alderatuta lau puntuko galera.
Sorpresarik ez Alemanian: CDU alderdiak irabazi ditu Europako hauteskundeak botoen %28rekin, duela bost urteko hauteskundeen aldean zazpi puntu galduz. Sozialdemokratek ere behera egin dute eta bi alderdi nagusien txakalaldia probestu dute berdeek, aurreko europarretan lortutako boto portzentajea bikoiztuz eta bigarren indarra bilakatuz. AfD alderdi neonaziak botoen %11 eskuratu du eta Die Linke ezkerreko alderdiak %5,50.
Danimarkako politika ardatz duen Borgen telesailak indar-oreka konplexu bat erakusten du herrialdeko alderdi politikoen artean, inork gehiengo zabalegirik lortzen ez duelako. Errealitatean ere boto oso sakabanatuko herrialdea izaten jarraitzen du Europako hauteskundeek erakusten dutenez: liberalek irabazi dituzte bozak %23rekin, sozialdemokratak eta ezker alternatiboa atzetik dituztela. Datu esanguratsu bat: duela bost urte bozak irabazi dituen Dansk Folkeparti laugarren posturaino erori da, 16 puntuko beherakadarekin.
Ziprek sei europarlamentari bidaliko ditu Bruselara hauteskunde hauen ondoren eta emaitzei erreparatuta, hiru alderdiren artean banatuko dira ordezkariak: nazionalista greziarrak batzen dituen DISY alderdi kontserbadoreak irabazi ditu bozak, baina haien ordezkari kopuru bera lortu dute AKEL alderdi komunistak eta DIKOko sozialdemokratek.
HDZ alderdi kristau-demokratak irabazi ditu Europako bozak Kroazian. Franjo Tuđmanek sorturiko alderdiak botoen %22 lortu du, aurreko Europako hauteskundeetako emaitzetatik oso urrun. Orduan beste hainbat alderdirekin koalizioan aurkeztu zen bere nazionalismo gogorragatik ezaguna den HDZ eta botoen %40tik gora eskuratu zituen. Oraingoan, sozialemokratak gertu geratu zaizkio, botoen %18rekin.
Bulgarian GERB alderdiko kontserbadoreek lortu dute emaitzarik onena duela bost urteko hauteskundeetako portzentaje ia bera lortuta. Sozialdemokratak izan dira bigarren indarra eta badirudi boto batzuk berreskuratu dituztela: %18 inguruan geratu ziren aurreko Europako bozetan eta kasu honetan botoen %26 lortu dute.
Europako Alderdi Popularreko kide den ÖVP alderdiak irabazi ditu hauteskundeak Austrian, SPÖko sozialdemokratei hamar puntuko aldea aterata. Hirugarren postuan geratu da FPÖ alderdi ultraeskuindarra: aurtengo maiatzean ustelkeria eskandalu bat dela-eta herrialdeko gobernutik kanporatuak izan ziren eta horrek eragina izan du eskuin muturreko partiduaren emaitzan, gutxi gorabehera duela bost urteko ehunekoetan geratu baita.
Eslovenian SDS eta SLS alderdien arteko koalizioak lortu du boto gehien behin behineko emaitzen arabera eta jokoan zeuden zortzi ordezkarietatik erdiak lortu dituzte. Beste lauak sozialdemokraten eta Marjan Sarec kazetari ohiak sortutako alderdi sozioliberalaren artean banatuko dituzte.
Martxoko hauteskundeetan lehendakari hautatu eta ekainean agintea hartzekoa den Zuzana Caputova lehendakariaren taldea da Eslovakian Europako hauteskundeen irabazlea. Eslovakia Aurrerazalea/Elkarrekin zerrendak botoen %20,1 eta ondorioz bi jarleku eskuratu ditu iturri ofizialen arabera. Eskuin muturreko Gure Eslovakia alderdiak lortu du hirugarren jarlekua, botoen %12,1ekin. Aldiz, Marine Le Penekin elkar hartuta dagoen Eslovakiako alderdi utraeskuindarrak ez du parlamentuan sartzea lortu.
Oraindik Erresuma Batuan Europako hauteskundeek utzi dituzten emaitzak zehazki ezagutzen ez ditugun arren, alderdi laboristan ezinegona da nagusi. Tom Watsonek, Jeremy Corbin buru duen alderdian pisu handiko politikariak, Brexitaren inguruko posizioa berraztertu behar dela esan du Twitter bidez, emaitzak "desastrea" direla baieztatuz.
Following the disastrous EU election results, Labour urgently needs to re-think its Brexit position and realign with members and voters. For Britain’s sake, we must find our voice and fast. I want to hear from members and supporters in this survey... https://t.co/RYSct3SAkJ
— Tom Watson (@tom_watson) May 26, 2019
Fidesz alderdiak alde handiarekin irabaziko ditu Europako hauteskundeak Hungarian, behin behineko emaitzen arabera. Botoen %52 baino gehiago lortuko lituzke Viktor Orban lehen ministroaren alderdiak eta hamahiru ordezkari bidaliko ditu legebiltzarrera, Europako Alderdi Popularrean integratuta. Immigrazioaren aurkako jarrera gogorragatik nabarmendu da Orban azken urteetan. Duela lau urte, Jean-Claude Juncker Europako batzordeko buruak "kaixo, diktadore" esanez agurtu zuen agintari europarren bilera batean.
Estoniak sei ordezkari bidaliko ditu Europako parlamentura: behin behineko emaitzen arabera, horietatik hiru Eesti Reformierakond alderdi liberalarentzat izango dira eta bi SDEko sozialdemokratentzat. Eesti Keskerakond alderdi sozioliberalak lortu du seigarren ordezkaria.
Behin behineko emaitzen arabera, Txekiar Errepublikako sistema politikoaren ustelkeriaren kontra egiteko 2011. urtean sortu zen ANO 2011 alderdiak irabazi ditu Europako hauteskundeak botoen %26,90 eskuratuta, hurrengo indarra baino hamahiru puntu gehiago. Andrej Babiš milioidunak sortu zuen mugimendu politiko hau eta Europako parlamentuan liberalak batzen dituen ALDE blokean integratuta dago.
N-VA alderdi abertzale flandriar moderatuak irabazi ditu Europako hauteskundeak Belgikan behin behineko emaitzen arabera. Botoen %13,51 eskuratu dituzte, oso zatikatuta dagoen alderdi-sistema batean. Bigarren indarra Vlaams Belang eskuin muturreko alderdia izan da, botoen %11,53rekin.
Finlandian botoen %100 zenbatuta, KOK alderdi kontserbadoreak irabazi ditu Europako parlamenturako hauteskundeak. Ia bost puntuko aldea lortu du VIHR zerrenda berdearen aurretik eta sozialdemokratak izan dira hirugarren indarra. Aurreko hauteskundeen antzeko emaitzak lortu dituzte kontserbadoreek.
Carles Puigdemonten zerrendak irabazi ditu Europako hauteskundeak Katalunian, botoen zenbaketa ia amaituta dagoenean ikusten denez. Botoen %95 baino gehiago zenbatuta, Generalitateko presidente atzerriratuaren aldeko 946.370 boto eman dituzte kataluniarrek. Botoen %28,57 da hori, PSCk lortutako %22,1 eta ERCk jaso dituen botoen %21,18 baino gehiago alegia. Junts per Catalunyak printzerriko lau probintzietan lortu du garaipena.
Europako hauteskundeetako emaitzen aurrean beste alde batera begiratu ezin duela argudiatuta, Alexis Tsipras Greziako lehen ministroak herrialdeko bozak aurreratuko dituela iragarri du. Ekainean egingo dituzte hauteskunde horiek eta Tsiprasek aurkezteko asmoa adierazi du Reuters berri agentziak jaso duenez.
Rassemblement National (RN) mugimendu politikoak Frantziako 22-25 eserleku lortuko ditu Europako Parlamentuan. Macronen Errepublika Martxanek 20-21 eserleku artean. Fronte Nazionaleko (FN) buru Marine Le Penek Frantziako Asanblea Nazionala desegitea eskatu dio Macron presidenteari. Le Penek presidentziarako hauteskundeak egitea nahi du segidan.
Grezian, Syrizak %9 inguruko aldearekin gal ditzake Europako hauteskundeak Demokrazia Berria kontserbadorearen aurrean. Horrek ataka estuan jarriko luke Alexis Tsipras lehen ministroa. Zurrumurruak zabaltzen hasi dira nazioarteko zenbait hedabidetan: dimitituko ote du? Kyriakos Mitsotakis oposizioko buruak hori egiteko eskatu dio aurreikusten diren emaitzak kontuan izanda.
Paueko auzapez François Bayrouk bere atxikimendua adierazi dio Frantziako Macron presidenteari. Bere hitzetan, Marine Le Penen RN eskuin muturreko mugimenduari aitzi egiteko Macron da aukera bakarra. Halaber, MODEMeko buruak esan duenez, hauteskundeek frantziarrek demokraziari dioten begirunea erakutsi dute. 2014 urteko bozen %44tik %52ra igo baita parte-hartzea.
La France Insoumise (LFI / Frantzia intsumisoa) koalizioak bozen %6 inguru baino ez du lortuko. Jean-Luc Mélenchonek buru duen mugimenduak Europako Ekologista-Berdeen eserleku erdia lortuko lukete. Halaber, LFIk ez du PSk lortutako emaitza baino hobea izan.
PSOEk garaipen erosoa lortuko luke Espainiako Estatuan Europako boz hauetan. Hamar puntu baino gehiagoko aldea aterako lioke PPri. Ciudadanos izango litzateke hirugarren indarra eta Unidas Podemos laugarrena. Vox alderdin neofaxistak lau ordezkari bidaliko lituzke Europara inkesten arabera.
Emmanuel Macron Frantziako presidentearen taldeak bat egingo du Europako parlamentuan Europaren aldeko Liberal eta Demokraten Aliantzarekin (ALDE ingelesezko sigletan). Biek bat eginda, 102 eserleku eskuratu ditzaketela aurreikusten dute botoak zenbatu aurretik egin diren inkestek (751 eserleku ditu Europako parlamentuak eta egun ALDEk 67 ditu.
Europako parlamentuko bi bloke nagusiek eserleku asko galdu ditzakete igande honetako hauteskundeetan inkesten arabera. Europako Alderdi Popularrak, 2014ko bozetan ordezkari gehien lortu zuen alderdiak, indar nagusia izaten jarraituko luke, baina 48 eserleku gutxiagorekin. Bloke sozialdemokratak berriz, bigarren postuari eutsi arren, 44 eserleku gutxiago lortuko lituzke. Eskuin muturreko alderdiek goranzko joera erakusten dute, baina 11 eserleku gehiago lortuko lituzkete, zenbait inkestak aurreikusitako hazkunde handia baino gutxiago alegia.
Hauteslekuak itxi eta Greziako hainbat telebista katek argitaratu dituzten inkestak kontuan izanda, Demokrazia Berria alderdi kontserbadoreak aurrea hartu diezaioke herrialdea gobernatzen duen Syriza alderdiari. %32,5 eta %34,5 artean ibili liteke Demokrazia Berria. Syriza berriz, %24-26 artean geratuko litzateke.
Europako hauteskundeetarako Frantziako bozemailen parte-hartzea %52 izan da. 2014an baina zortzi puntu gehiago. Estimazioen arabera, RNk bozen %24 lor lezake, RMk (Macronen alderdia) %22, Berdeek %12,5. LRk (Eskuindarrak) %9 eta PSk (Alderdi sozialista, besteak beste) %6. Eskuina eta ezker klasikoak galtzaileak aurreikusten dira.
%51ra hurbildu da parte hartzea Europar Batasuneko 27 estatuetan. 1994tik izan den parte hartze altuena da mota honetako bozetan, Europako Parlamentuak informatu duenez.
Rassemblement National (RN) mugimendu politikoak Frantziako bozen %24 lor lezake, estimazioen arabera. RN mugimenduaren barnean Marine Le Pen-en Fronte Nazionala (FN) alderdia dago. RN-ko Jordan Bardella zerrenda burua prentsaurrean azaldu da bozemaileak eskertzeko eta Emmanuel Macron presidentearen politika kritikatzeko.
Duela bost urte egindako Europako hauteskundeen aldean parte hartzearen igoera da notizia nagusia ordu honetan. Bereziki nabaritu da aldaketa Espainiako Estatuan (ia %15 hazi da parte hartzaileen kopurua), Errumanian (zazpi puntuko igoera), Alemanian (ia bederatzi puntu) edo Frantziako Estatuan (zortzi puntutik gora). 37 milioi lagun baino gehiago daude botoa ematera deituta.
A Cámara de Deputados do Parlamento Europeo constituirase o 2 de xullo. Nun contexto de forte fragmentación parlamentaria, por primeira vez, a coalición entre populares e socialistas queda sen maioría no Parlamento. No entanto, espérase que Europa se incorpore á coalición... [+]
"Crían vostedes que non estaría alí cando se espertasen?", comentounos a ilustración do Panorama. Adur Larrea pon cada semana unha imaxe ao panorama político. Como o microerralato “Cando espertou, o dinosauro aínda estaba alí” de Augusto Monterroso, el tamén nos... [+]
Aínda que as enquisas vaticinaban que a coalición do centro podería perder a maioría, finalmente a coalición entre socialdemócratas, liberaldemócratas e populares mantívose no Parlamento Europeo coa maioría absoluta.
Nisto tivo que ver a participación, votou o 51%, un... [+]