“Niretzako bidaiarik politenak mantso doazenak dira”

  • Zirrara eta pasioaren eroale da Arantxa Orbegozo Txitxi (Tolosa, 1962). Bizitza darama eskuetan eta hura eskaintzen dio zuzentzen zaion edonori. Atleta izan da, txirrindularia, eta bere buruari proposatu dizkion beste hainbat diziplinatan aritua. Hala eta guztiz ere, benetan mugitu duena bidaiatzea izan da. Naturaren parte sentitu da beti, arriskuak pairatzeraino. Ikuspegi behatzaile hori margolaritzara ere eraman du eta bere arrastoa uzten dabil orain Euskal Herriko zenbait paretatan. Bere izaera abenturazaleak amesten jarraitzea bermatzen dio. Orbegozo entzutea, norberaren bizitza eskuetan hartzea bezalakoa da.

Arantxa Orbegozo 'Txitxi', kirolaria, artista eta bidaiari nekaezina. Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

2024ko uztailaren 30an - 16:34
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Nondik hasiko zinateke zure bidaia kontatzen?

Nik indiar-ijito bat daukat barruan, eguratsa behar duena, hortaz, naturara jo dut beti. 12 urterekin Tolosan zegoen Scout Nesken taldean hasi nintzen, horrek mundu bat ireki zidan. Enkofratzeko bost burdin ematen zizkiguten eta horrekin sukaldea egiten genuen, lurrean zulo bat tximinia gisa. Egurren bila joaten ginen sua ondo pizteko, egurra lortzen ez bagenuen makarroiak egin gabe geratzen ziren eta. Izorrai! Denda gaizki muntatuz gero, bustita. Gauza oso politak bizi izan genituen. Hainbeste gustatzen zitzaidan ezen nire seme-alabak ere kanpalekura joatea nahi nuen. Baina ezetz, ez zutela joan nahi eta, beraz, kanpalekua ekarri nuen etxera. Araitz bailara azpian bizi ginen, ehun bat biztanleko herri txiki batean. Seme-alabak kale-zuloan baino zertxobait basatiago hezi nahi nituen. Beraz, Scout kanpamentuen erreplika perfektua egin nuen: euskal kirolen eguna, piraten eguna, piragua eguna… Erreka dugu etxe ondoan eta han pasatzen genituen eguna eta gaua, etxera kaka egitera soilik sar zitekeen. Ibilbide bat ere egin genuen goiko herrira, eta bertako elizan lo egin. Kristoren eguraldi txarra egin zigun [barrez]. Ederra.

Horrela hasi zinen zure bizitzarekiko ikuspegia eraikitzen?

Asko daukat hortik bai. Ziurgabetasuna gustatzen zait, ziurgabetasuna eguratsean. Naturarekin kontaktua oso inportantea da niretzat. Beharrezkoa ikusten dut gitaneo pixka bat egotea guztion bizitzan, gazte zein heldu, eta eguratsean egotea gehiago. Hori bilatu izan dut eta hori ekarri didate egindako bidaiek ere.

Nondik datorkizu bidaiatzeko grina?

Okinen familiatik nator, igandea ere lan-eguna zen eta, beraz, gurasoekin ez dut sekula bidaiatu. Niretzako bidaiatzea garrantzitsua zen, leku gehiago ikusi nahi nituen. Izeba bat daukagu moja joan zena Ameriketara. Ingelesa ikastera iloba guztiak eramango zituela bururatu zitzaion. Beti izan dugu Amerika buruan, hemendik kanpo mundu zabalagoa zegoenaren kontu hori. 16 urterekin joan nintzen eta buruak 360 graduko buelta eman zidan. Francoren Euskadi sakonetik Amerikako Estatu Batuetara? Ikaragarria.

TXIKITAN. Azkar hasi zen kirolean Orbegozo: atlestimoan, bizikletan, mendian, eskalatzen...  "Garai hartan oso emakume gutxik egiten zuten kirola, Francoren garaitik gentozen". Argazkia: Orbegozok utzia.

Kirolak ere zabaldu dizkizu munduratzeko ateak?

Bai. Gaztetan hasi nintzen, 12 urterekin. Oso mugitua nintzen eta nire amak ezin zuen nirekin. Nola nekatuko dut hau? Medikuak kirolen batean izena emateko aholkatu zion eta atletismoan apuntatu nintzen. 19 urte arte lehiatu nuen. Espainiako hiru domina dauzkat, errekorra ere egin nuen pisu eta xabalina jaurtiketan. Mendian asko ibiltzen nintzen, udan zein neguan, eta eskalatzen ere bai. Atletismoa utzitakoan bizikletan hasi nintzen. Garai hartan oso emakume gutxik egiten zuten kirola, Francoren garaitik gentozen. Batzuk ikusten genituen saskibaloian, igeriketan edo bizikletan, baina ezer gutxi. Orduan Orbeako emakume txirrindularien taldea sortu zen hemen. Ni euskara ikastera bizikletan joaten nintzen nire txoritxoa atzean nuela eta egunero ikusten nindutenez, taldean sartzea proposatu zidaten. Proposamena arraunean aritzea izan balitz arraunlari egingo ginateke ziurrenik. Espainiako aurreneko nesken taldea sortu genuen orduan. Txirrindulari ginela Triatloia sortu zen. Eta nor hasiko da, ba, hor ere? Lehenengoak izan ginen, beraz, Triatloian ere. Gero, mendiko txirrindularitzara pasa ginen.

Aitzindaria zara emakumeen kirolean.

Kuriosoa da. Elkarrizketak egiten zizkigutenean eta nola egiten genuen galdetzen zigutenean, ez genekien erantzuten. Nola egingo dugu ba? Haiek (gizonak) bezala. Guk ez genuen inoiz pentsatu desberdintasunean, ez genuen hori bizi. Haiek ahal badute inoiz ez zitzaigun bururatu guk ezetz. Ezta bururatu ere. Kuadrilla hartan ez zegoen genero desberdintasunik, dena zen berdina: arropa berdina, neke berdina, gose berdina, susto berdina. Naturak ez du desberdintasunik egiten. Orain ari naiz konturatzen bide bat zabaldu genuela. Aurreko batean omenaldi bat egin ziguten, aitzindari izateagatik. Inongo asmorik gabe izan gara, ordea, inoiz pentsatu gabe. Kanpokoak konturatu dira eta gu harrituta geratu gara. Guri omenaldia? Garai hartan arraroak ginen, desberdin egiten zuten horiek.

'Txitxi' Orbegozorekin furgoneta barruan elkarrizketan. Argazkia: Dani blanco / ARGIA CC BY-SA

Ez zenuten jarraitzen gainontzekoon bizitza eredua.

*Dina Bilbaori galdetzen zioten: ez duzu seme-alabarik izango? Eta hark “37 urterekin” erantzuten zuen. Eta etxe bat erosi? 37rekin. Eta lan finko bat? 37rekin. Dena 37 urterekin egingo zuela esaten zuen gure bizitza gure erara egiten utz ziezaguten.

Deskubritzeko zirrara zen zuen bizitzaren ardatza?

Bizikletak ate pila bat ireki dizkigu: lagunak egiteko eta kirolean ikasteko aukera eman digu, besteak beste. Baina, batez ere, mundua ezagutzeko aukera handitu zidan. Kanadan munduko txapelketa baldin bageneukan, bide batez bizikletak eraman eta han geratzen ginen. Hala ere, niri ez zait inoiz lehiatzea gustatu, bidaiak ziren nire interesik handiena. Lortu nuen errekorra ere bidaiatzen jarraitzeko nahiak ekarri zuen. Baina bidaia guztietara joateko eta lekua erreserbatzeko asko entrenatu behar zen. Nik ez nuen hori nahi. Orduan masajista izateko bi urteko goi-mailako ikastaro bat egitea bururatu zitzaidan eta horrela Orbeako zein Espainiako Selekzioko lehenengo emakume masajista gisa bidaiatzen hasi nintzen. Beti joaten nintzen.

“Niri ez zait inoiz lehiatzea gustatu,
bidaiak ziren
nire interesik handiena”

Turista eta bidaiaria ez da gauza bera.

Niretzako bidaiarik politenak mantso doazenak dira. Batzuetan helmuga finkoa da, baina beste askotan furgonetarekin hasi eta leku batetik bestera mugitu gara. Dena planeatua badaramazu ez diozu uzten lekurik sorpresari. *Nairobitarren bidaiatzeko moduak hasieratik harrapatu ninduen. Bidaia zirraragarriak bururatzen zitzaizkien, furgonetan edo bestela. Dina Bilbao, Amaia Elosegi, Josune Gorostidi eta Nekane Urkia ere ondoan nituen eta lagun kuadrilla polit bat bildu ginen. Bakoitza berean baina, abentura, kirola eta bidaien zirrara konpartitzen. Autokarabana ez zen orduan existitzen ia eta autobus handi bat eramaten genuen piraguekin. Land Rover batean nire lehen bidaia Marokora izan zen. Andaman uhartedira joan ginen gero, piraguako trabesia egiteko asmoz. Kuba zeharkatu dugu bizikletan, Ipar Lurmuturra eskian eta bizikletan... Garai hartan ez zegoen baliabiderik, ez genekien ziur zer gertatuko zen. Ertzean ere jarri gara batzuetan, arriskuan; gosea, gaixotasuna, nekea edo sustoren bat edo beste. Hortik ateratzeko lagunen arteko konplizitate handia behar da, eta tresnak bereganatu. Zortea izan genuen Nairobitarrak ondoan izatearekin, nik bakarrik ez nituzke halakoak biziko. Nire burua ondo ezagutzeko ere balio izan dit, mugak non ditudan jakiteko. Horrela ikasten da, kirol lehiaketetan baino gehiago.

GAZTETAN. Ezker-eskuin: Carolina Sagarmendi, Dina Bilbao, Josune Gorostidi, Txitxi Orbegozo eta Amaia Elosegi, Donostiako Belodromoan Euskadiko 6 orduak jaialdian, 1980ko hamarkadan. Aitzindariak izan ziren emakumeen kirolean. Argazkia: Orbegozok utzia

Kirola izan da bizitza irabazteko modua ere?

Kiroldegirik ez zegoen apenas eta 21 urterekin Amaia Elosegik, Dina Bilbaok eta hirurok Kaxkardi piraguismo elkartea sortu genuen. Udan ematen genituen klaseak, kostarik ez zuten herrietara joaten ginen piraguekin. Ataunen, Lazkaon, Tolosan, Zaldibian, Beasaingo igerilekuan… egon gara. Furgonetan bizi ginen eta herritik herrira jolasten aritu ginen. Egunero lanera ez joatea zen helburua, gu izatea gure denboraren jabe. Bakoitzak jakin behar du arrakasta zer den beretzat eta non jarri indarra. Niretzat nahi dudan eran bizitzeko denbora librea izatea izan da arrakasta. "Zerekin geratuko naiz pozik, nola egin dut ondo nire erara?", pentsatzen nuen. Guk emandako klaseetatik lortutako diruarekin eta genuen denborarekin bidaiak egiten genituen gero.

Zer dakar bidaiatzeak?

Batez ere gauzak erlatibizatzea. Leku bakoitzean hain dira desberdinak gauzak... eta beti funtzionatzen dute! Inportanteena hori da. Hemen bazkaltzerakoan eskuak mahai azpian jartzea gaizki ikusita dago eta Estatu Batuetan gainean jartzea. Eraman hori bizitzako edozein arlotara. Kultura guztieratik ikasten duzu zerbait. Bidaiatzeak, era berean, erresilienteago egin nau. Ez dugu beti eroso bidaiatu, gu ez gara inoiz txartelarekin joan. Askotan ez dugu B planik izan, ingurunera egokitu gara kexa gutxirekin. Eta bertan duguna apreziatzen ikasi dut. Hemen oso ongi bizi gara, zorte onekoak gara beste leku batzuekin konparatuz gero. Uste dut gomendagarria dela zurea ez den azalean bizitzea hiru hilabetez, hain erosoa ez den horretan. Bizitzari balioa emateko, enpatia garatzeko, bestea gehiago ulertzeko eta mundua ezagutzeko. Gure zilborretik begiratzen baitugu mundua, prisma oso txikitik.

"20 urtez egon naiz etxekoandre eta amatxo. Mundutik jaitsi nintzen. Niretzat egin dudan ederrena eta garrantzitsuena izan da. Une bakoitzak berea dauka". Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Ama izan zinenean kirola eta bidaiak alboratu zenituen.

20 urtez egon naiz etxekoandre eta amatxo. Mundutik jaitsi nintzen. Niretzat egin dudan ederrena eta garrantzitsuena izan da. Une bakoitzak berea dauka. Orduan amatxo izan nahi nuen eta horretara nengoen. Oso ondo pasa nuen, asko jolastu dut haurrekin. Nire erara hezten saiatu naiz. Aholku gehiegi ematen dira haurren hezkuntzari buruz eta justu gutxien eman behar den arloa dela iruditzen zait: nola hezi zure seme-alabak. Horrekin oso kontentu eta harro nago. Seme-alaba oso jatorrak ditut eta orain amona ere banaiz.

“Aldamiora igotzeko
behar dut fisikoki
ongi egon, edo bilobarekin txiribueltak emateko”

Hogei urte ondoren, baina, berriro hartu du lekua zure bizitzan kirolak?

Haurrekin ez nuen horretarako gogorik eta, beraz, ez nuen egin. Bizitza aktiboa bai, baina kirola zero. Bat-batean egun batean, zertxobait urruti zegoen zerbait hartzera hurbildu nintzen eta jaikitzeko arazoak izan nituen. 51 urte beteko nituen eta 100 urteak pasatzeko asmoa dut. Gorputz honen barruan 50 urte geratzen zaizkit? Bai zera. Orduan nire buruari bizitzako oparirik onena egin nion: berkonektatzea eta berraurkitzea fisikoki zein ilusioetan. Zer egin nahi dudan galdetzen hasi nintzen eta 100 eguneko erronka jarri nuen, gauzak ondo egiteko promes eginda: inoiz baino kontzientzia gehiagorekin elikatzen hasi eta ariketa fisikoa berrartu. Galdera eta hausnarketen koaderno luze bat ere asmatu nuen: zer pentsatzen dut, zein ohitura ditut, norekin nabil, nora naramate… Eta tortillari buelta eman nion 100 egunetan.

Erronka eta proposamen hori beste emakume batzuei zabaltzea erabaki zenuen.

Aldaketa hain erraza bada zergatik gorde niretzat? Bi talde sortu nituen, proba gisa. 22 pertsona animatu ziren eta tortillari buelta ematea lortu zuten guztiek, bakoitzak bere errealitatetik. Hortik aurrera online eskaintzen dut programa eta ikasten jarraitzen dugu. 700 bat pertsona pasa dira jada. Y si yo decido (Eta nik erabakitzen badut) deitu diot Instagrameko orrialdeari, hartzailea gorputzaren, elikaduraren eta egin nahi duenaren kontzientzia hartzera bultzatu nahian, batik bat 50 urtetik gorako emakumeak. Bizitza honetan geratzen zaigun bakarra denbora da eta aprobetxatu behar dugu.

ORAIN. "Asko erakutsi dit eraman dudan bizimoduak. Gauza onekin badakit disfrutatzen baina ezer gutxirekin ondo nago". Argazkia: Orbegozok utzia.

Esango zenuke guzti hau kolokan jartzen duela zahartzaroak?

Istripurik ez badaukazu edo gaixotzen ez bazara, asko dago zure esku. Irits daiteke helduarora egoera fisiko onean. Lehen ez genuen erreferentziarik, baina orain ikusten ditut 80 urterekin eta eredu izaten. Nik 20 urte banitu ni bezala egon nahiko nuke orain, fisikoki zein mentalki. Nire gorputzarekin ezingo banu ez nituzke orain ditudan ilusioak eta ametsak izango. Baina mugatua sentitzen ez naizenez, nahi dudanari egiten diot lekua.

“Gure zilborretik begiratzen dugu mundua, prisma oso txikitik”

60tik gora duten asko etsi egin dira, baina aukera dute eta erraza da. Animatu nahi ditut bizitza nola bizi nahi duten galdetzera, hau ez baita infinitua. Emakumeei bereziki, ilaran azkenak izaten erakutsi digutenoi, maitasun propioaz, garapenaz eta hazkuntzaz aritzera. Ez konformatu, ez amore eman. “Menopausiak 25 kilo utzi dizkit”. Ezetz, eman dakiokeela buelta. Gelditzen diren urteak izan daitezela ilusioarenak, konpartitzearenak, ondo pasatzearenak. Asko eman dugu, jada. Etorkizuna pentsatu eta planeatu behar dugu, koherentzia eta jarrera izan, egin eta ondo pasa. Horretarako etorri gara. Ez banaiz nire buruaren lagun mina egiten, jai daukat. Gogoa jarri behar zaio, nahi duzun bezala egoteko ohitura osasuntsu batzuk eraiki. Eta horretan baldintza fisikoa beharrezkoa da, bizitza aktiboa izateko, bakoitzak nahi duena egiteko. Nik, adibidez, aldamiora igotzeko behar dut fisikoki ongi egon, edo bilobarekin txiribueltak emateko.

Zertarako nahi duzu aldamiora igo?

Muralak margotzen ibiltzen naizelako aldamioetan. Bestela ezingo nuke gehien gustatzen zaidana egin eta katuak bezala hor gainean ibili nire adinarekin. Oreka, indarra eta koordinazioa izan behar ditut hor lasai pintatzen egoteko.

Bertsozale Elkartearen egoitzan, Villabonako Subijana etxearen fatxadan, murala margotzen aritu da Txitxi Orbegozo, Izaro Lizarragarekin batera. Oihal lantegi zaharreko emakumeen eta bertsoaren arteko haria irudikatu nahi izan dute. Bertan izan gara berarekin elkarrizketan. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Margotzea da zure beste pasioetako bat.

Kasualitatez hasi nintzen margotzen. Betelun gimnasia klaseak ematen nituenean lokaleko giltza ahaztu zitzaidan. Margolari baten etxera joateko esan zidaten giltza eskatzera. 28 nituen orduan. Deabrua bezain itsusiak ziren koadro pila erakutsi zizkidan, begietan mina ematen zutenak, berak margotutakoak. Baina hainbesteko pasioz hitz egiten zidan… "Hain gaizki margotuta hainbeste goza badaiteke ederra izango da", pentsatu nuen. Orduantxe hazi bat landatu nuen: eserita eta bakardadean aritzeko hobby berri bat. Betidanik hartu izan dut kolpe mordoa, larrialdietan historial luzea nuen, eta helduek behin eta berriz esaten zidaten adinean gora eginda denak emango zidala mina, aprobetxatzeko. Ez nekien margotzen nekienik.

Horretarako, bada, eskua izan behar da...

Ez. Ez du trebeziarekin zerikusirik, behatzeko gaitasunarekin baizik. Informazio gehiago jaso eta gauzak angelu desberdinetatik begiratzearekin. Marrazten edo margotzen ez dakiena kuriosoago izaten erakutsi ez diotelako da. Niri Roberto Canicasek lagundu zidan horretan. Oihukatzen ez zidan lehen pertsona izan zen. Kontzientzia korporal handia izaten lagundu zidan, nire atletismoko entrenatzailea zen. Bideoak grabatzen zizkidan entrenatzen eta gero, nire gorputza, posturak, behatzen genituen. Argazkilaritzan ere zalea zen eta irudiak bilatzen aritzen ginen. Asko zor diot.

"Margotzeak ez du trebeziarekin zerikusirik, behatzeko gaitasunarekin baizik. Informazio gehiago jaso eta gauzak angelu desberdinetatik begiratzearekin". Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

Muralik egin duzu munduan zehar?

Marokon bat, baina ez asko. Koadroak badauzkat munduko leku desberdinetan, baina muralik ez. Nire buruari ere ez diot aukerarik eman. Egiteko dudan ametsetako bat da muralak eginez mundutik bidaiatzea. Leku batean geratu eta margotzea, bitartean furgonetan bizitzea eta bertako jendearekin etxean bezala sentitzea, edonon. Horretarako Bizikidetzarako muralak proiektua elikatu nahi dut. Komunitate batera iritsi eta haiei galdetu ea zer nahi duten kontatu, ea nola nahi duten ikusleak erreakzionatzea.

Berriro hasiko zarela esan dezakegu?

Asko erakutsi dit eraman dudan bizimoduak. Gauza onekin badakit disfrutatzen baina ezer gutxirekin ondo nago. Dinaren hobby handiena bazkalondoa edo afalondoa zen. Kafe beroa hartu eta bi ordutara kafe berarekin jarraitzen zuen. Zer dago jendearekin konpartitzea baino gauza hoberik? Nik orain, etxekoekin egon nahi dut, baian muralak eta erretratuak egin, ariketa fisikoko eta margogintzako ikastaroak eman eta furgoneta hartu eta bidaiatu ere bai, ahal bada, motorra duen bizikleta barruan dudala. Nomadagoa izan. Lehen kirolak ematen zidana orain muralek ekar dezatela. Hori da nire plana.

 


 

*Dina Bilbao. Eliteko kirolaria eta abenturazalea izan zen, Kariberako bidaia batean desagertu zen.

*Nairobitarra. 1980. urtean Tolosan sortutako kultur elkartea. Josu Iztueta, Angel Ortiz eta Manuel Mokoroak bultzatu zuten, bidaiatzeko grinetik eta asmo abenturazaletik abiatuta.

 

[Elkarrizketa hau ARGIAren Gakoak 2024 108 orrialdeko aldizkari berezian argitaratu da. ARGIA Jendeak paperean edo PDFan jasoko du, bakoitzak hautatu duen gisan. Oraindik ez baduzu pausoa eman, egin zaitez ARGIAkoa eta plazer handiz bidaliko dizugu! Gainerakoek, Azokan eros dezakezue]


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gakoak 2024
Indusen ibaibideak

Muturreko lehorteak eta euriteak dira beroketa globalak Pakistanen duen inpaktuaren alde agerikoena. Ez dira hain ezagunak, ordea, hondamendiek piztu eta bizkortzen dituzten gaitz sozialak, eta zenbat eta nola oztopatzen duten azken horiek Asiako herrialdearen garapen oso eta... [+]


2024-07-30 | Xabier Iaben
Aragoiko Asabón errekan barna bizikletaz
Pardina eta makien arrastoan

Aragoiko Asabón errekak zeharkatzen duen lurraldeak hainbat ustekabe eder gordetzen ditu. Ez naiz historialaria, eta, hortaz, ez dut halako kronika historiko bat eginen. Bereziki mendizale gisa mintzatuko naiz, aspaldi honetan nire gogoak –nire senak– halako... [+]


2024-07-30 | June Fernández
MIGRAZIO-DOLUA
Herrimina trauma bihurtzen da

Herrialde berri batera moldatzeak dakarren astindu identitarioaz gain, migrazio-bidaietan eta berton aurre egin behar dieten indarkeriek oztopatzen dituzte etorkinen bizipenak. Psikoterapia da ondoeza sendatzeko bide bat, baina ez bakarra.


2024-07-30 | Mikel Aramendi
Israel, Iran eta bi elefanteak

Hamasen erasoaren ezohiko muntak, eta Israelgo gerra-kabineteak hari emandako erantzunaren desmasiak zerikusi zuzena dute ondorio geopolitikoen sakonerarekin. Ekialde Ertainean eta nazioarteko aliantzetan aldaketak eragin ditu genozidioak: Israelek zer irabazi eta galdu du?... [+]


“Musikak erroreari zor dio ondo emandako notari bezainbat”

Aspaldidanik Saran bizi den arren, goiza Bidasoaren ibarrean pasa behar zuenez gero, Hondarribiko parte zaharrean zitatu gaitu Ruper Ordorikak (Oñati, 1958). Goiz eguzkitsuan, puntual eta irribarretsu agertu da maldan gora, konsistorioaren parera, turista gazte kuadrilla... [+]


2024-07-30 | ARGIA
Uda honetan irakurtzea merezi duten sei liburu

ARGIAko erredakzioaren eskutik, sei irakurgai proposamen.


2024-07-30 | ARGIA
Ikus-entzutea merezi duten sei lan

ARGIAko erredakzioaren eskutik, sei ikus-entzunezko proposamen.


2024-07-30 | ARGIA
Aurtengo hiru disko on eta gomendagarri

ARGIAko erredakzioak aurtengo zortzi hilabeteotan kaleratu diren diskoen artean hiru hautatu ditu, gomendatzeko.


Gurasobakarrak hautuz
“Txarra eta ona, dena intentsitate handiagoz bizi dugu”

Familiaz, azalpenak eman beharraz, topikoez, askatasunaz, kontziliazioaz, sareaz eta komunitateaz, erru sentimenduaz, ekonomiaz, traba legal eta administratiboez, haurraren eskubide urraketez... solastatu gara, hautuz gurasobakar diren Argider, Junkal, Koldo eta Maitanerekin... [+]


2024-07-30 | Estitxu Eizagirre
Baratze-oihana
Bizitzaren ederra lantzen buruaskitasunerantz

Odei Etxeberri Bimboire, Gorka Roca Torre eta beraien seme Oihan eta Miru buruaskiak dira elikaduran. Horretarako, aztertu behar izan dute gorputzak zer elikagai eta zein kopurutan behar dituen; horiek zein janaritan dauden; urtaro bakoitzean horiek denak eskuratzeko zer landu... [+]


Eguneraketa berriak daude