Durangaldean XV. mendean sortu zen heresiari erantzunez, Espainiako inkisizioak hango herritarrak –batez ere emakumezkoak– hamarkadatan eta mendetan jazarri zituela diote ikerketa berrienek. Kasuak agerian utzi du botere erlijioso eta politikoak disidenteen beldur zirela, agintean zegoen eredua zalantzan jartzen zutelako.
Anbotoren itzalak etengabe laguntzen du BI-432 errepidean sigi-saga doan bisitaria, Axpetik Arrazolaraino. Ondoko bidegorriak, lehen meha ateratzeko balio zuenak, orain bailara sakoneraino sartzeko balio du, baserri dotore, ermita eta ostatu artean. Barrunbe hartaraino iritsi zen Euskal Herrian Elizak egindako pertsekuzio latzenetako bat duela bost mende baino gehiago: Durangoko herejeen kontrakoa.
1440ko hamarkada hasieran, Elizaren epaile apostolikoen eta Gaztelako erregearen peskitzaileen errepresiotik ihesi, Durangaldeko dozenaka lagunek hartu zuten babesa Anbotoren magalean. Beste askok ez zuten zorterik izan eta sugarretan erre zituzten Valladoliden, Santo Domingo de la Calzadan eta Durangon bertan. Frai Alonso de Mella frantziskotarraren jarraitzaile izatea egozten zieten eta Eliza Katolikoaren doktrinarekiko herejeak izatea, disidenteak alegia. Hereje hitza grezierako hairetikós-etik dator eta “desadostasun” adierazi nahi du; antzinaroan pentsaera eskola nagusiekin bat ez zetozenei horrela izendatzen zitzaien.
Durangaldeko merindadeko herritar gehienak, beste toki askotakoak bezala, Behe Erdi Aroko izurrite eta goseteen ondorioz apo-apoan bizi ziren, eta sekulako botere politiko eta ekonomikoa pilatu zuten eliz agintariak, berriz, oparotasunean –euren ebanjelioak agintzen zuenaren kontrara–. Hortaz, ez da harritzekoa ordena erlijioso desberdinetan Elizaren hierarkiaren kontrako mezuak zabaltzea eta “dena komuna izango zen” garai berri bat iragartzen hastea, Mella eta bere ingurukoek egin bezala.
Mugimendu heretiko horiek gogor zapaldu zituzten, zalantzan jartzen zutelako sistema bera, eta aldian-aldiko erregeen zein Erromako Elizaren ordezkariek sarritan jotzen zuten alarma, berriz agertuko ziren beldurrez. Durangoko kasuan, hango herejeak sutan erre zituztenetik urte askotara salaketa eta pertsekuzio aginduek jarraitu zuten. Areago, orain badakigu 1500. urte ingurutik aurrera Espainiako Inkisizioak eskualdean “sorginen” kontra zabaldutako errepresioak lotura izan zezakeela Mellaren heresiarekin.
Frai Alonso eta frai Guillem Durangon
Frantziskotarren ordena goraldi betean zen XV. mendean, batez ere Asisko Frantziskoren arauak zorrozki “begiratu” eta pobrezian bizitzeari ekin zioten Anaia Txikiena, obserbanteak deiturikoak. Bizkaian, uzta txarrek eta leinuen arteko gatazkek panorama beltza zekarten, eta frantziskotarren bizimodu umil hark herritar askoren sinpatia lortu zuen. Testuinguru horretan, 1439an Durangoko emakume talde batek komunitatean bizitzea erabaki zuen eta frantziskotar serorategia sortu zuten Tabirako –hala deitzen zitzaion Durangori– Santiagon. Asko doterik gabeko alabak ziren, foruek etxeko gizonezko maiorazkoaren alde diskriminatzen baitzuten ordurako, herritar franko bazterkeria arriskuan utziz.
Botere borroka, pobrezia, krisi eta aldaketa marasma horretan frantziskotar heresiarkek euren ideiak zabaltzen jakin zuten
Urte horietan iritsi ziren Durangaldera frai Alonso de Mella eta frai Guillem de Albesa frantziskotar obserbanteak, bibliaren interpretazio librea egin eta eliz agintaririk gabeko munduaren aldeko mezuarekin: “libertate perfektua” eta “lege oro amaituko zen eskerroneko garaia” aldarrikatzen zuten, baita ezkontzarik gabeko bizikidetza komunala ere; ikerlari batzuen ustez ezkontzaren kontu hori Mellaren eta bere jarraitzaileen kontra egiteko erabilitako argudio zalantzagarria izan zen.
Iñaki Bazan EHUko historialariak arakatu du gehientsuen Durangoko heresia, eta bere esanetan soziologikoki oso anitza izan zen: aurkitu ditzakegu tokiko jauntxoak, artisau eta merkatariak, baserritar maizterrak, bazterturiko jendeak… baita ehungintzako eta burdinoletako langileak ere, jadanik proletarizatzen hasiak zeudenak. XV. mendeko Durango Bizkaiko bigarren hiririk populatuena zen eta bere altzoan industria sendoa sortu zen. Botere borroka, pobrezia, krisi eta aldaketa marasma horretan frantziskotar heresiarkek euren ideiak zabaltzen jakin zuten, Durangaldean ez ezik, baita Lea-Artibain, Deba arroan eta Aramaioko bailaran ere: “Heresia mundu urbanoan eta landa gunean ezarri zen”, dio Bazanek bere ikerlanean; badirudi pisu handiagoa izan zuela hirietan, baina herri txikietan “ez zen testimoniala izan”. Azkenerako, garai hartako iberiar penintsulako talde heretiko handiena bihurtu ziren.
Ehun lagun sutan erre zituztenekoa
Disidentzia harekin amaitzeko beharra azkar ikusi zuen Elizak. Eugenio IV.a aita santuak 1436an publikoan predikatzea debekatu zien frai Alonso, frai Guillem eta inguruko frantziskotarrei; hala ere, herriz herri ibili ziren, Durangaldera iritsi arte. Herritarren kontrako errepresioa hortik urte gutxira hasi zen. 1441ean Santiagoko serorategiko mojak eskumikatu zituzten, baita beste 87 lagun ere. Heresiarkek berehala ihes egin zuten –Granadako erreinura, non handik urte batzuetara hil egin zituzten–, eta jakina, boteredunek jende xehea erabili zuten eskarmentua emateko: 1442an 70 lagun bizirik erre zituzten Valladolideko eta Santo Domingo de la Calzadako plazetan, Juan II.a Gaztelako erregeak agindutako peskizen ondorioz. Hori gutxi ez eta handik bi urtera Bizkaiko Jaurerriko teniente prestameroaren ekinbidez beste hamahiru pertsona erre zituzten relapsoa leporatuta, hau da, heresiari uko egin ondoren praktika horretan berriz “erortzeagatik”.
Kurutziagako neskatila
Hamahiru horiek Durangoko Kurutziagako errebalean erre zituzten 1444an, igandeko meza ondorenean, hain justu izen bereko gurutzea zegoen tokitik gertu –flandiar eta alemaniar eragina duen artelan gotikoa, herejeen bekamenezko monumentu gisa sortu zutela uste da eta egun Kurutzesantu museoan gordetzen da–. Kondenatuen artean bazen neskatila bat, eta Alonso de Cartagena Burgoseko apezpiku eta kronistaren arabera bere adin txiki eta “sexu ahuleziagatik” barkatu zuten, baina “besteen suplizioa ikustera eramanez, bere kideek pairatzen zuten suzko tormentuaren aurrean, ikaratuta, zuzen zedin”. Bada, bere burua sutara bota omen zuela dio Cartagenak kronikan.
Pasarte hori hartu zuen oinarri Joseba Sarrionandiak Puerto de Santa Marian giltzapean zela Kristalezko bihotza narrazio laburra idazteko –ondoren Narrazioak (Elkar, 1983) liburuan argitaratua–, neskatxa hura salbatu nahi izan zuen fraide baten soinean jarrita: “Hazi egin zen sua. Garrasiak, kexu lazgarriak entzun ziren, suzko mihinetarik, eta ikusi kondenatu herabeen oinazea eta begirada. Eta nik ez nuen haurra begiratu nahi, baina eskuan senditzen nituen bere hatz tipiak. (…) Baina bere hatzamar tipiak, batbatean, sugelandare bat bezala irristatu ziren ene eskutik. Begiak zabalik, azabatxea maindirean, urrats labur baina arinez abiatu zen neskatxoa surtarantza. Korrikan, ez zen gelditu errean, surtara sartu zen, errekastora sartzen den oreintxoa bezala, zalantzarik eta ikararik ia gabe, bere burua garbitzeko fede osoa balu bezala”.
Ez da horrelako kontakizun bat ezagutzen den lehen aldia. Ander Berrojalbiz musikaren historiako irakasleak azaldu duen bezala, Kolonian (Alemania) XII. mendean antzeko kondaira bat zabaldu zen sutara hiltzera kondenaturiko kataro batzuen inguruan –batzuetan neskatilak bere burua sutara jaurtitzen du, bestetzuetan sutatik hegan ihes egiten duen emakume bilakatzen da…–. Berrojalbilzek Herejeen alaba ekitaldia atondu zuen 2017an Ander Lipusekin batera istorio horren irakurketa egiteko eta liburua ere argitaratu du Sarrionandiaren narrazioa berreskuratuz.
Durangoko neskatilaren gertaeraren kasuan, Cartagenak 1450ean bere kronika idatzi zueneko abagune historikoa aintzat hartzekoa dela iruditzen zaio musikariari: judu konbertituen kontrako kanpaina betean, bere esanetan asmakuntza literario baten aurrean egon gaitezke, “erabilera moralizatzailea” duena.
Sanbenitoen atzetik
Berrojalbizek berritasun ugari dakartzan ikerlanak argitaratu ditu azken urteetan Durangoko herejeen inguruan, eta mugimendu hark denboran uste baino gehiago iraun zuela iradokitzen du Los herejes de Amboto. “Luteranos” en el año 1500 (Anbotoko herejeak. Luteranoak 1500 urtean, Pamiela, 2018) liburuan. Orain arte gaia landu duten historialariek ez dute argitu noiz hasi eta noiz amaitu zen Mellaren jarraitzaileen heresia. Dokumentuetan ageri den azken erreferentzia 1466koa da, hau da, bi hamarkada geroagokoa, eta Gipuzkoako hiribilduei hereje horiek pertsegitzeko emandako errege-baimen bat da. Hortik aurrera, badirudi “sorginen” jazarpenak ordeztuko duela kontrol soziala. Hala, inkisidoreak behin baino gehiagotan ikusiko ditugu erasoan XVI. mende hasieran Durangaldean.
Durangoko herejeen artean kondenaturiko gehienak emakumeak ziren. Ezin ahaztu urte horietan ekingo diola kapitalismo patriarkalak gorputzen desjabetze prozesuari
Estanislao Labayruk, Bizkaiko historiari buruzko bere liburuan, 1500. urtean Inkisizioko epaileek sutara edo kartzelara kondenaturiko 23 pertsonen izen-abizenak ekarri zituen, XVI. mendean idatziriko dokumentu batetik hartuak, gehienak emakumeak: Maria Muntxaraz, Marina Arrazola, Maria Zearra, Domenxa Agirre, Juana Bilbao, Teresa Zumelaga… Kronika zaharrek aipatzen zituzten “Anbotoko sorginak” izango zirela uste izan zuen abade bizkaitarrak. Baina jatorrizko dokumentuko hitz bati ez zion jaramonik egin, gaizki zegoelakoan: kondenaturikoak “luteranoak” zirela jartzen zuen. Izan ere, Martin Luteroren doktrina ez zen 1518. urtera arte sortu…
Hitz horretatik tiraka, Berrojalbizek azaleratu du egiaz inkisidoreen atzaparretan eroritako pertsona horiek Mellaren jarraitzaileak zirela, herejeak. Horretarako jatorrizko dokumentua aurkitu eta zerrenda hori Durangoko elizan egon zitezkeen beranduagoko Sanbenitoen transkripzio bat dela ondorioztatu du, hortik “luterano” hitzaren anakronismoa. Sanbenitoak zigortuei erre aurretik jartzen zitzaien zaku modukoak ziren, haien izen-abizen eta kondenarekin, eta elizan zintzilikatuta mantentzen ziren hurrengo belaunaldien eskarniorako.
Emakume ezkongabe eta alargunak
Durangoko herejeen artean kondenaturiko gehienak emakumeak ziren. Ezin ahaztu dezakegu urte horietan ekingo diola kapitalismo patriarkalak gorputzen desjabetze prozesuari, Silvia Federicik gogoratu bezala. Behe Erdi Aroko krisi demografikoan emakumeek erreprodukzioaren gain zuten kontrola mehatxu gisa hartu zen eta “heresiaren jazarpenetik sorginen ehizarako trantsizioa prozesuan, heretikoaren figura emakumeekin identifikatu zen gero eta garbiago”. Federicik dio badagoela “jarraikortasun” bat herejeen kontrako errepresioaren eta sorgin ehizaren artean: herejeak gehien pertsegitu ziren tokietan hasi ziren sorginen kontrako lehen prozesuak.
“1500ean [Durangon] erretako hamaika lagunetatik bakarra zen gizonezkoa –azaldu zion Berrojalbizek ARGIAri bere ikerlanaren inguruan egindako elkarrizketa batean–. Jada hilak ziren beste zazpi emakume ere kondenatu zituzten, gorpuak kanposantutik atera eta erre zituzten. Zergatik? Baten batek agian torturapean egindako aitorpenetan ardurak hildako bati leporatzea nahiago zuen. Herejeek ezin zuten lur santuan egon, horregatik lurpetik atera eta erre egiten zituzten haien gorpuak”. Torturen eta suaren bidezko exorzizazioak hain maila sofistikatua izan zuen, batzuen ustez metodo zientifikoaren akuri izan zirela gorputzok.
Durangoko herejeen kontrako XV. mendeko prozesu handietan ere, emakumeak dira protagonista. Iñaki Bazanek egin ditu kontu batzuk: eskomunioa ezarri zieten 87 herritarren artean 50 ziren emakumeak, eta ezkongabeak gehiago ziren ezkonduak baino. “Horrek bat egiten du doterik ez duten eta bazterturik dauden emakumeen Durangaldeko testuinguru sozio-ekonomikoarekin”, dio EHUko historialariak Norba aldizkarian argitaraturiko artikulu batean.
Ezkongabeak eta alargunak jomugan jarri zituzten, batez ere eredu ideal bat jarraitzen ez zutelako. Amaia Nausiak Nafarroako alargunen kasuan dio, emakumeen gutxiagotasun biologikoaren diskurtsoa zalantzan jartzen zuten neurrian, ez zegoela “subertsio handiagorik emakume batek bere gorputzaren kontrola hartzea baino”. Azken batean, lekaimeek euren nagusiei obeditzen zieten, ezkonduek senarrei eta dontzeila nerabeek gurasoei… baina ezkongabe geratzen zirenek eta alargunek, zeini obeditzen zioten? Autonomia edo askatasun horrek zekarkien botere zatiak bihurtzen zituen arriskutsu, eta hereje edo sorgin bezala estereotipatzea izan zen haien kontra egiteko modu bat. Nafarroan sorgin izateagatik epaitutako emakume gehienak ezkongabeak edo alargunak zirela dio Nausiak, besteak beste, “deabruaren tentazioei aurre egiteko gaitasun gutxiago zutelako”.
Beste batzuetan herejeen nahiz ustezko sorginen lanbidea zen aitzaki, izan ehuleak zirelako izan emagin zirelako. Maria San Juan Garonda mungiarra bezala, emagina bera, 1508an Durangoko Juan de Frías inkisidoreak sutara kondenatua “hereje apostata eta sorgina” izateagatik, bere sanbenitoak azpimarratzen zuenez. Sua berriz ere arma exorzizatzaile: “Monastegiko liburu zaharrak oroitu nituen –dio Sarrionandiaren narrazioko fraideak–, haietan herejeen arimak su benedikatuak soilik sendatzen dituela irakurria bait nuen”.
Atzoko eta gaurko herejeak
Mellaren heresiaren oihartzuna Durango eta inguruetan denboran noraino iritsi zen jakitea gaitza da. Geroago beste kasu batzuk izan ziren. Esaterako, XVII. mendean dominiko apostata baten berri dugu, eta XIX. mendean Manzaneroa ezizeneko Mallabiko herritar iragarle batek lortu zuen Durangoko Artekaleko etxe batean taldetxo bat biltzea “Jainkoaren azken epaiaren” aurrean prestatzen hasteko… Beste behin, erregimen eta ekonomia krisi garaian, bidelapur eta matxinoekin batera agertzen zaizkigu bestelako disidenteak. Eta gaur? Zein dira krisi garaiotan pentsaera nagusiekin bat ez datozenak? Zein dira gaurko herejeak?
Europan XII. mendean lehen heresiak sortu zirenetik, Elizak euren kontrako gurutzadak egin zituen. Albiko kataroen kontrako lehen erasoa 1209an agindu zuen Inozentzio III.a Aita Santuak, eta hortik aurrera etengabe pertsegitu zituzten. Kataroak ziren –valdiarrekin eta "Lyoneko pobreekin" batera– sekta nagusiena Europa Mendebaldean, batez ere Okzitanian, eta gerra, heriotza zigorra edo ezkontza arbuiatzeagatik nabarmendu ziren.
Silvia Federicik Caliban eta sorgina liburuan dioenez mugimendu hereje horiek "programa sozial" oso bat zuten eta eliz-doktrina nagusien desbideraketa bat baino gehiago, bizitza sozialaren demokratizazio erradikala eskatzen zuten protesta mugimenduak ziren, batez ere baserritarren artean –Friedrick Engelsek hereje baserritarrak eta hereje burgesak desberdintzen zituen–. Ez da harritzekoa, beraz, Elizak "heresiaren salaketa erabiltzea intsubordinazio sozial eta politiko forma oro erasotzeko", dio Federicik.
Erdi Aroko proletargoaren artean, ehuleak ziren langile-masa zabalenetakoa. 1377an Ypres (Flandria) hiriko ehuleak nagusien kontra armatan altxa zirenean, matxino gisa ez ezik hereje gisa ere erre zituen Inkisizioak. Eta ez ziren gutxi izan eskomunioa jaso zuten iruleak euren lana garaiz ez betetzeagatik.
Durangon 1500. urtean sutara kondenatu zituzten emakumeen artean ere baziren ehule eta iruleak, tartean Teresa Agirre izenekoa, Artekalen bizi zen durangarra. Udal artxiboko dokumentuetan, zergak ordaintzen zituen herritarren erroldan ageri da bere izena, eta Ander Berrojalbiz ikerlariaren ustez baliteke alarguna edo ezkongabea izatea eta "bere kabuz tributatzen zuen emakume independentea" izatea. Akaso horregatik ere amaitu zuen inkisidoreen atzaparretan?
Herejeen alaba
A. Berrojalbiz / J. Sarrionandia
Pamiela, 2017 / euskara
Errealitatearen eta fikzioaren artean korapilatzen den historia kontatzen du liburuak, Durangon 1444an sutan amaitu zuen neskatila hereje baten inguruko kondaira oinarri hartuta. Joseba Sarrionandiak kartzelan zela idatzitako narrazio batetik abiatuz, herejeen inguruan Ander Berrojalbizek egin ikerketen muina jasotzen du lan honek.
Ni casadas ni sepultadas
Amaia Nausia Pimoulier
Txalaparta, 2022 / gaztelania
"Alargunak: erresistentzia femeninoaren historia bat", halaxe du goiburu Amaia Nausiaren lan honek. XVI. mendeko Nafarroan, patriarkatuaren eta kapitalismoaren arteko besarkarda estutu zenean, emakume alargunek bereziki jasan zuten pertsekuzioa azaltzen du historialariak. Herejeen kontrako errepresiotik sorgin ehizarako trantsizio lazgarrian, eutsi egin zioten euren egoerari, "aurrekaririk gabeko intsumisio ariketa eginez".
Sorginak, emaginak eta erizainak
Barbara Ehrenreich / Deirdre English
Katakrak, 2019 / euskara
Egungo osasun sistema ulertzeko ezinbesteko liburua osatu zuten Ehrenreichek eta Englishek. Historian zehar, emakumezko osasun-langileek izandako bazterketa azaltzen dute, sorginkeria egotzita kriminalizatzen hasi zirenetik gaur arte. Maria Colerak euskarara itzulita, gorputzen eta medikuntzaren gaineko kontrolaren garrantziaz jabetuko da irakurlea.
[Erreportaje hau ARGIAren Aktualitatearen Gakoak 2022 100 orrialdeko aldizkari berezian argitaratu da. ARGIA Jendeak paperean edo PDFan jasoko du, bakoitzak hautatu duen gisan. Oraindik ez baduzu pausoa eman, egin zaitez ARGIAkoa eta plazer handiz bidaliko dizugu! Gainerakoek, Azokan eros dezakezue]
Kezka sumatzen zaio Rafael Poch de Feliuri elkarrizketan. Diosku, besteak beste, gerra nuklearraren arriskua erreala dela, gainbeheran dauden inperioek sarraskiak egiteko joera historikoa dutela eta Mendebaldean bide horretatik goazela, Txinaren eta AEBen artean akordiorik ezean... [+]
Geologia hitza etzun eta milioika urtetan sortutako paisaiak irudikatzen ditugu sarritan. Baina gizakiak urte gutxitan egindakoak ere asko dira, eta Meatzaldea da horren adibide bikaina.
Arabako Errioxako lurretan mahasti onenak hazi eta ardoak gustuz ontzen badira, ez da soilik mendez mende eta belaunaldiz belaunaldi kultur transmisio baliotsu batek iraun duelako; duela milioika urte izandako gertaera tektoniko baten ondorioz ere bai.
Lurraren historia geologikoa urtebetean laburtu beharko bagenu, Errege Bardea abenduaren 30ean sortu zela azpimarratu dute adituek. Baina hala ere, milioika urte ditu.
Euskal kostaldean barrena ibiltzea, historia liburu bateko orrialdeak hatzen artean igarotzea bezala dela esan ohi da. Flyschak dira liburu hori, milioika urteko denboraren joana geruzaz geruza azaltzen baitzaigu.
Euskal Herritik atera gabe koral arrezifeetan, basamortuetan eta glaziarretan barrena bidaiatu dezakegu, denboran atzera eginez gero. Geologiak kulturarekin, ekologiarekin eta politikarekin duen lotura estua deskubrituko dugu inguruari arreta pixka bat jartzen badiogu, eta... [+]
Katalanera itzulitako euskal literaturak 1982tik 2020ra bitartean izan duen bilakaera aztertu du Aritz Galarraga Lopetegik aurtengo martxoan defendatu duen doktore-tesian. Ikerketak bi kulturen arteko harremanari buruz dauden zenbait uste datuekin kontrastatzeko balio du, baita... [+]
Osasun publikora gero eta baliabide gutxiago bideratzen da Hego Euskal Herrian. Ohe gutxiago eta mediku gutxiago ditugu eta aldiz, diru publikoarekin gero eta gaixo gehiago bideratzen dira sistema pribatura. Langileen arteko elkartasuna indartzea izan daiteke gakoetako bat... [+]