Pandemiari biziraun eta gero, lanetan itotzear

  • Koronabirusak bistan utzi ditu sistema kapitalistaren josturak, eta edonork esango luke horiek errematatzeko xedea izan duela agintariek egindako osasun krisiaren kudeaketak. Bizitza eta kapitalaren arteko norgehiagokak goia jo duen osasun larrialdi egoeran ere, gobernuetatik alor ekonomikoaren alde egin dute postura, bizitzaren sostengua besteren kargu utziz. Egiteko horren zati handia familiengan erori da; konfinamendua agindu zenetik, eta eskolen euskarria faltan, hainbat etxetan larri dabiltza soldatapeko lana eta lan erreproduktiboak uztartzeko eginkizunean. Lan zama hori eremu pribatuan nola eragiten ari den jakin asmoz, zenbait etxetako atea jo dugu, itaun nagusi bat buruan: familiek badute gaitasunik egungo zaintza lanen kargari eusteko?


2020ko abuztuaren 02an - 09:50
Ilustrazioa: Camila Aravena

Pandemia bilakatuta heldu zitzaigun urte hastapenetan COVID-19a. Gaur artean sendabiderik aurkitu ez zaion gaitza parez pare eta urteetako murrizketen ondorioz ahuldutako osasun sistema publikoa kolapsatzetik gertu, inoiz baino argiago begiztatu ahal izan dugu zaurgarri garela eta zaintza lanak ezinbesteko ditugula. Inork dudarik bazuen, osasun larrialdi egoerak zalantzak uxatu ditu: bizitzaren sostengua dugu biziraupenerako eginkizunik funtsezkoena. Alabaina, begi-bistakoari ezikusi eginez segi dute agintariek, eta osasun larrialdi egoeraren aurrean hartu dituzten neurrietan logika kapitalistak nagusitu dira beste behin; Kapitala Vs. Bizitza gatazkan are gehiago sakonduz, ororen gainetik ekonomiaren osasuna lehenetsi duen gestio politikoa egin dute. Hala, indartu egin da atzeragotik zetorren zaintza krisia, eta bizia sostengatzearen eginkizuna, biderkaturik oraingoan, lehengo lepo beren gainera erori da. Eta ezagun denez, lepo horien artean emakumeak dira nagusi.

Esparru publikoan argi ikusi da nola sektore feminizatuetako –eta hargatik prekarizatuetako– langileak izan diren, hein handi batean, gau eta egun osasun krisiaren lehen lerroan lanean aritu direnak: erizainak, erresidentzietako langileak, etxeko langileak, kutxazainak… Ohikoan ikusezin izatetik lehen planoan egotera igaroz, gizarteak funtsezko dituen egitekoak gehien debaluatu ohi direnak direla argi utzi dute. Etxeko lau pareten artean ikusezin bilakatuta, zaintza krisiaren areagotzeak eremu pribatuan izandako eragina antzematea zailagoa da lehen begi-kolpean. Pribatutasunean muturra sartuz gero, baina, lan erreproduktibo artean itota datza familien –eta bereziki horietako emakumeen– gehiengo handiak. Izan ere, osasun krisiak zaildu egin du aurretiaz ere konplexu eta nekeza zena: ordainpeko lana eta lan erreproduktiboa –hots, ordaindu gabeko lana– uztartzea. Konfinamendu agindua indarrean jartzearekin batera eskolak itxi izanak, eta haurren zaintza lanetan lagungarri izan ohi diren aitona-amonak arrisku sektore izendatzeak, etxeko eta zaintza lanak kudeatzeko pisutsuak diren bi euskarriren faltan utzi zituen familiak. Ordutik, egoera zertxobait laxatu bada ere, alimaleko handitzea pairatu duen lan kargari hala moduz aurre egin beharrean aurkitzen dira.

Egoera puntuala zela ondorioztaturik eta gauzak lehengora bueltatu artean, etxeetan ahal bezala moldatu dira errealitate horretara. Koiunturala zirudien egoera espero baino gehiago luzatzen eta sakonki eragiten ari da ordea, eta egungo testuingurua familiak egoera honetara bultzatu zituen berbera ez den arren, biharko egunean etxeetan pilatutako lan zama arintzea ahalbidetuko duten baldintzak emango ote diren, ez da ziurra. Eta bien bitartean, ez dirudi gobernuek familien egoera hobetzeko deus egiteko asmorik dutenik. Egoera horren aurrean, etxeetan ozta-ozta eta egoera prekarioan eusten diote kronifikatzen ari dela dirudien egoerari. Telelanaren aukera duten kasu apurretan ere –aukera bat klase zeihartasunak zeharkatzen duena–, bateko eta besteko lanak uztartzea helburu ia lorrezina bilakatu da.

“Konfinamenduak lana eta zaintzaren arteko tentsioa larriagotu du, eta hala ere, nahiko eraginkorra izan da gaizkiagotutako tentsio hori izkutatzen”, egin zuen irakurketa Inés Campillo soziologoak El Salton. Hausnarketak gogora ekarri diezaioke bati Silvia Federiciri ikasia: nola familien baitan gauzatzen den, ezkutuan eta isilik, makineria kapitalistak martxan segitzeko beharrezkoa duen lana. Federicik Kaliban eta Sorgina saiakeran azaldu zuenez, kapitalismoak, ordena sozial gisa egonkortzeko, lurren itxiturak bakarrik ez, besteak beste emakumeen gorputzen itxiturak ere ezinbesteko izan zituen. Lursailak hesituz landatarrei lan bitartekoak desjabetu zitzaizkien era berean –horiek produkzio kapitalistaren menera ekarriz–, sorgin-ehizaren bitartez emakume gorpuak hesitu ziren, eta mendeko estatusa eman zitzaien emakumeen posizio sozialari eta egin ohi zuten lanari. Hala, lan erreproduktiboak ekonomia esparrutik at kokatu eta debaluatu egin zituen sistema eratu berriak. Horrekin guztiarekin batera, lurren itxiturak bizitza komunala zartatzea ere ekarri zuen, harremanak hesituz eta familia nuklear deritzoguna indartuz. Hesitutako familiaren baitan ikusezin eta doako bilakatu ziren jada debaluatutako erreprodukzio lanak, makineria kapitalistaren martxari eusteko ezinbestekoa den lan indarraren iturri direnak; eta horrela bilakatu zen familia kapitalismoak emakumeek egiten duten lanaz jabetzeko daukan instituziorik garrantzitsuenean.

Krisialdi berri baten testuingurua zimendatzen ari den honetan, gehiengoaren bizkarretik eusteko bere buruari, kapitalak herritarrei gerrikoa estutuko diela aurreikustekoa da. Bide horretan, orain artean bezala, familiak giltzarri izango zaizkio, eta azken hilabeteotan eremu pribatuan jazotako aldaketak abiapuntu mesedegarri suerta ahal zaizkio. Konfinamenduak berekin ekarri dituen aldaketen artetik gelditzeko etorri direnak ba ote dauden eta zein diren zehazteko oraindik goizegi izan badaiteke ere, gauza bat eztabaidaezina baita: familien lepotik, makineria kapitalistak doan ateratzen zaizkion lanen zerrenda handitzea lortu du.

Familia nuklearretan, genero arrakalaren areagotzea

Eustaten Generoa eta denboraren erabilera txostenaren arabera 2013an emakumeek, batez beste, beren denboraren %15a eskaintzen zioten etxeko lanei eta zaintzari; gizonek, bataz beste, beren denboraren %7a eskaintzen zioten bitartean. Urteen igaroarekin ehuneko horietan gorabeherak eman ahal izan badira ere, desparekotasunak indarrean segi du, eta datuek adierazten dutenez, azken hilabeteetan indartu egin da. Empar Aguado eta Cristina Benlloch soziologoek konfinamendua indarrean zela abiatutako Usos del tiempo durante el confinamiento (Denboraren erabilera konfinamenduan) ikerketaren lehen behaketek adierazten zutenez, gure jendartean nagusi den familia eredu nuklear eta heterosexualean erreprodukzio lanen karga handitzeak genero arrakala areagotu du, haurrak dituzten etxeetan bereziki. Horren azalpena Lidia Farré eta Libertad Gonzalez ekonomialariek burututako inkestaren emaitzetan aurkitu daiteke: eremu pribatuan ebatzi beharreko lana ugaritu bada ere, lanen banaketa oso gutxi aldatu da. Orain gizonezkoek denbora gehiago eskaintzen badiote ere soldatapekoa ez den lanari, emakumeek segitzen dute egitekoen gehiengoaz arduratzen. “Erosketetan salbu, ohikoena da emakumea izatea zeregin guztien arduradun nagusia, gizona ordez”, diote. Egoera berrian antolaketa molde zaharrari eusten diote familiek, eta hori hala da emakumeak direlako beren lan jarduna gehien malgutu dutenak egoera berrira egokitzeko.

Egoera berrian antolaketa molde zaharrari eusten diote familiek, eta hori hala da emakumeak direlako beren lan jarduna gehien malgutu dutenak egoera berrira egokitzeko

Ikerketen ondorioak baieztatzera dator Laura Vegaren kasua. Bost eta bi urteko bi alaba ditu, ogibidez gizarte hezitzailea da, eta alarma-egoera ezarri zenetik telelanean dihardu berak eta etxetik kanpo lanean jarraitzen du bikotekideak, lanordu erdiz. Eskertuta dago bere lantokian langileei kontziliaziorako erraztasunak eskaini zaizkielako, baina hala ere kritiko agertu da telelanarekin, iruzurra iruditzen zaio: “Normalean egiten duzuna baino hiru aldiz gehiago egin behar duzu, eta hala ere ez zara dena egitera iristen”. Hori bai, ziria sartu diotela uste duen arren, jakitun da berea baino egoera muturrekoagoak badirela: “Zorionez soldata daukat, beste familia batzuek aspektu horretan ere arazoak dituzte”.

Bere ogibideak gordinagoak diren errealitateetatik gertu mantentzen du, are gehiago krisialdiaren ondorioak ageriko egiten ari diren honetan. Izan ere, etxe barruko lanak bakarrik ez, soldataren truk egiten duen lana ere nabarmen areagotu zaio, eta eginbehar horiek guztiak uztartzeko saiakeretan dabil martxotik. Hala ere, hain txikiak diren haurren zaintza tarteko egonik, ez zaio erraza. Lehen etxean zeukaten antolamendua pikutara joan dela dio, eta bere bikotekideari enpresak telelana esleitu ez izanak ez du laguntzen.

Argazkia: Dani Blanco

Haurren aitak lantokira joaten jarraitu behar izan du alarma-egoera ezarri ondotik ere, ez diote beste aukerarik eskaini. Eszedentziak, lan jardunaren moldaketa… Vegaren iritziz, gaur-gaurkoz ere neurri horiek emakumezkoen kontu izaten jarraitzen dute enpresa askoren begietara: “Nahiz eta kontziliaziorako politika pila bat egin, badakigu oraindik zer gertatzen den. Emakumeoi ahalbidetzen dizkigute, baina ez gizonezkoei, eta horrek eragina dauka: nahi eta nahi ez azkenean beti emakumeengan erortzen da umeen zaintza, eta gainera lan horiek ez dira inon agertzen, existituko ez bailiran”. Bikotekidea eguerdian etxeratzen da. Ordura arte bera moldatu behar izaten da lanean den bitartean haurrak zaintzeaz, eta azaltzen duenez, goiza izan ohi da momenturik tirabiratsuena. Hala bada, haurren zaintzaren zati mardula kudeatuta dagoenean heltzen da bikotekidearen sorospena.

Ama bakarreko familiak: diru iturri bakarra, antzerakoa lan karga

Guraso bakarreko familien egoera gordinagoa bilakatu dezake soldata bakarrarekin aurrera atera behar izateak, baldintza horietan soldataren eta zaintzen artean hautatzeko aukera bera hauts bihurtzen baita. Deustuko Unibertsitateko zenbait ikerlarik landutako Familia monomarental y riesgo de exclusión social (Familia gurasobakarrak eta bazterketa sozial arriskua) artikuluaren arabera, 2016an EAEko familien %10,47 gurasobakarrak ziren, eta horietatik %8,6tan emakumeak ziren familia buru. Emakumeak nagusi diren familia eredu hori da –hiru kide baino gutxiagoko familiekin batera– pobrezia arrisku handiena duena EAEn, Save The Childrenek 2020ko urtarrilean publiko egindako Seme-alabak dituzten etxeetako pobrezia-egoeraren azterketa Euskadin txostenaren arabera. Eztandarazi den krisiak langabezia igotzea eragin duenez, arrisku hori areagotu egin dela ondorioztatu daiteke. Baina etxe barruko lan kargari dagokionean, baliteke familia eredu batetik besterako aldea ez izatea hain esanguratsua. Ama bakarra den Sonia Eraña Corralek dio bi gurasoko familietan lanak banatu daitezkeela eta horrek gauzak pittin bat erraztu ditzakeela, baina bere egoera lagun batzuenarekin alderatuz gero, ez du ezberdintasun handirik antzematen: “Zenbait lagunen kasuan bikoteek jarraitu dute etxetik kanpo lan egiten, beraiek izanik telelanean lan egitera pasa direnak, nire alabaren adin bueltako umeez kargutu bitartean”.

Laura Vega: “Emakumeoi ahalbidetzen dizkigute kontziliaziorako politikak, baina ez gizonezkoei, eta horrek eragina dauka: nahi eta nahi ez azkenean beti emakumeengan erortzen da umeen zaintza, eta gainera lan horiek ez dira inon agertzen, existituko ez bailiran”

Hiru urteko alaba dauka Erañak, eta ingeniaria da. Lantokian telelana egiten hasi zen lehenetarikoa izan zen, berak hala eskatuta. “Banekien zaila izango zela, baina ez nekien zein puntura arte”, egin du balorazioa atzera begira jarrita. Bidea ez dio arindu enpresak, erraztasunak ordez exijentziak jaso baititu goitik. Eta zailtasunak gehitu dizkio alaba aitona-amonekin ezin utzi izanak, horiek arrisku sektorekoak izanik ezin izan baitu berengana jo, haurra gurasoekin utziz gero kaltetu egin ahal zituela pentsatze hutsak atzera botata. “Ahizpak ospitalean egiten du lan, hargatik jakin dut errealitatea ez zela telebistan irudikatzen zuten bezalakoa, eta horrek beldurra areagotu dit”, dio. Hala bada, bakar-bakarrik atera behar izan ditu aurrera bai soldatapeko lana zein zaintza eta etxeko lanak. Egundoko esfortzua egin arren, baina, erruduntasun sentipena izan du barrandan.

Argazkia: Dani Blanco
Egoera sostengaezina, eta ziurgabetasuna ortzi-mugan

Sakrifizio bikoitzak erruduntasun bikoitzari eman dio bide bai Erañaren zein Vegaren kasuan. Biek sentitu dute kulpa, dela lan egin ahal izateko haurrak nahiko luketen modura ez zaintzeagatik, dela haurrei jaramon minimoa eskaintzeagatik lanean guztiz produktibo ez izateagatik. “Oso gaizki sentitzera iritsi naiz, nire alabaren beharrizanak lanari ez lehenestearren errudun. Baina bietako bat, edo lan egiten duzu edo haurrak zaintzen dituzu, ez dago besterik”, dio Erañak. Telelanean diharduten askok hartutako neurria hartu du guztia egitera heldu nahirik: eskolara joaten zenean baino beranduago oheratzen du haurra, beranduago esnatu dadin, eta bera goizaldeko ordu txikitan esnatzen da, haurra lo dagoela probestuz arreta guztia lanean jartzeko. Edozelan ere, biak datoz bat ondokoan: haurrak etxean eta norbere kargu izanik, ezinezkoa da lantokian bezala lan egitea, lehen bezain produktibo izatea. Horri haurren hezkuntzaz ere arduratu beharra gehituz gero, egoera bideraezina iruditzen zaio Vegari: “Astean zehar, lana amaitu ostean ez naiz alabarekin borrokan hasiko, berarekin jolastu ordez eskolako lanak egin ditzan. Asteburuetan egiten dugu zeozer, orduan baitaukagu denbora gehiago, eta denok gaude etxean”. Familiei gauza lartxo exijitzen ari zaizkiela deritzo, eta argi mintzo da: “Horrela ezin da”.

Sonia Eraña: “Oso gaizki sentitzera iritsi naiz, nire alabaren beharrizanak lanari ez lehenestearren errudun. Baina bietako bat, edo lan egiten duzu edo haurrak zaintzen dituzu, ez dago besterik”

Bere denbora non dagoen galdegiten du Vegak, bere egunerokotasuna biziraupenera mugatua ikusita: “Esnatu, haurrak jantzi, janaria egin, lanean hasi… horrela egunero, marmotaren eguna bailitzan”. Batzuetan etxetik kanpo lan egin nahiko lukeela dio, telelanean aritzeak berarekin baitakar buruan hainbat kontu izatea, eta ondorioz, karga mentala. Eraña ere akituta agertu da; eginbehar guztiak uztartzeko lo orduak murriztu baditu ere, loa galarazten diote kontu hauek guztiek, eta ondorioz gutxi eta gaizki deskantsatzen du. “Nekea pilatuz doakizu, eta tarteka gehiago ezin izatearen sentipena izan dut”, aitortu du. Eszedentzia hartzea planteatzera ere heldu dela dio.

“Eszedentziak, telelana… zuek jakingo duzue nola egin, hor konpon”, agintariek lan erreproduktiboei dagokienez erakutsitako jarrera kritikatu du Vegak. Soldatapeko lanari dagokionez gauza asko moldatu dituztela deritzo, baina soldatapekoak ez diren lanak gainetik kendu dituztela dio, arlo pribatuan kokatu eta etxeko kontutzat joaz.

Indarrak gutxitzen eta epe motzerako behar zuen egoera luzatzen joan ahala, etorkizun hurbilari begira jarriak dira biak, baina zeruertzean ziurgabetasuna da nagusi. Erañak eta Vegak, biek antzerako bidetik ikusi dute beren lan karga arintzeko aterabidea: ikastetxeen irekiera, dela eskolak emateko zein haurrak zaintzeko, eta talde txikietan behar izatera. Agian zaintzaile eta irakasle gehiago kontratatu beharko liratekeela dio batak, gurasoen artean antolatzeko aukera ere hor dagoela, besteak. Hala ere, bat datoz haurrak tarte batez bitartekoen eskuetan uztea ahalbidetuko luketen espazioak sortzeko beharrean.

Komunitatearen balioa, nabarmenduz

Esku gehiagoren beharra, beraz, Vega zein Eraña adieraztera datozena. Interdependente garela eta komunitatea ezinbesteko dugula, hori ere egin baitu ageriko koronabirusaren agerpenak. Horren adierazle argiena ditugu tokian toki sortu diren elkartasun sareak, gainontzekoengandik isolatzeak aterabidetik gutxi duela jakitun, lehen momentutik elkar babesaren aldeko apustu egin dutenak. Alabaina, etxeetan bizi den lan kargak adierazten duenez, komunitatearen babesari oztopo zaio familiaren eta etxeko pribatutasunaren bueltan orain bost mende eraikitako horma.  

"Kapitalismoak ere etxeko lanen beharra du" mezudun ilustrazioa (See Red Women’s Workshop kolektiboa)

Kontrara, koronabirusak azaleratutako krisiaren aurrean abantailaz jokatu ahal izan dute beren bizia modu komunitarioagoan oinarritzearen aldeko hautua egina zutenek. Bartzelonako La Borda etxebizitza komunitarioko bizilagun Joana G. Greznerrek Pikara Magazinen azaldu duenez, beren kasuan “elkar babesa ez da hutsetik egituratu behar izan, geure artean eta beste proiektu batzuekin elkarbanatzen dugun egitura sozial eta fisikoaren ardatza baita”. Irteera-puntu horretatik abiatu izana lagungarri suertatu zaiela adieraztera dator bizipenaren nondik norakoez egiten duen deskribapenak.

Egoera egungoa bezain muturrekoa izatera iritsi gabe artean, kapitalismo basatiaren aurrean feminismoa eta komunen politika proposatzera zetozen Federicik ARGIAren 2643. zenbakian egindako adierazpenak ere: “Hortxe dago lanak gizonekin elkarbanatzearen aukera, baina zer gertatzen da ez badugu ondoan gizon bat? Bakarrik bizi bagara? Edo beste emakume batekin? Noski gizonek lanak emakumeekin elkarbanatu behar dituztela, baina hori ez da konponbidea. Gakoak antolatzeko modu komunitario eta kolektiboagoan datza”. Duela urte bete pasa egindako adierazpenek are zentzu gehiago hartu dute orain, zaintza krisia are sakonago bilakatuta eta krisialdi berri bat ate joka dugula. Federiciren azalpenak oinarri hartuta, komunitarioagoak diren antolamenduen alde apustu egiteak ekidin ahalko liguke, hein handi batean, gehiago zukutuko gaituzten itxiturak pairatzea; eta ondorioz, besteren artean, lan produktibo eta erreproduktibo artean itotzea.

Komunitatea balioan jartzea, familia birdefinitzea… errealitate bizigarriago baterantz bidea norabide horretan dagoela pentsatzeko arrazoiak badira, nahiz eta osasun krisiak zabaldutako hutsartetik etorkizunari behatzerakoan ziurgabetasuna gailendu. Ezbai horretan iparrorratz izan daitezke Greznerren hitzak: “Bizi duinaren aldeko zeharkaldi komuna elkarbanatzen eta gozatzen aritzearen ziurtasunak ematen du indarra eta poza ziurgabetasunean nabigatzen jarraitzeko”.

Artikulu hau ARGIAren Aktualitatearen Gakoak aldizkarian argitaratu da. Paperean irakurri nahi baduzu, Azokan eros dezakezu.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Aktualitatearen Gakoak 2020
2020-08-02 | Z. Oleaga
Eta hurrengo konfinamenduan, zer?

Aurreko konfinamenduaren digestio politiko, ekonomiko edo emozionala egin gabe gaudela oraindik, uda ostean berriz ere antzeko neurriak ezarriko dizkigutela aurreikusten duten ahotsak gero eta ugariagoak dira. Zer gertatu da martxoa eta ekaina artean alor ekonomikoan, politikoan... [+]


2020-08-02 | ARGIA
2020an ikusteko zortzi film gomendagarri

Jarraian ARGIAko erredakzioko kideok gomendatzen dizkizugun zenbait filme.


2020-08-02 | ARGIA
2020an ikusteko zortzi telesail gomendagarri

Jarraian ARGIAko erredakzioko kideok gomendatzen dizkizugun zenbait telesail.


Antonio Aretxabala, geologoa
“Egun autoa duten 500 pertsonatik bakarrak izango du etorkizunean”

Joan Josep Boch ekonomialariari maiatzean egin genion elkarrizketan berak zioen lagun baten esanetan planetak ez zuela negoziatzen, eta ekonomiaren uzkurtzea bai ala bai etorrriko zela. Geroxeago jakin genuen lagun hori Aretxabala zela. Uztail hasieran aurkeztu zen Sustrai... [+]


2020-08-02 | ARGIA
2020an irakurtzeko hamasei liburu gomendagarri

ARGIAko erredakzioko kideok ondoko hamasei liburuak proposatzen dizkizuegu udarako eta udazkenerako.


Eta COVID-19 OGM bat baldin bada?

Mundua astindu duen SARS-CoV-2 saguzarren birus baten mutazio natural bat ote da –gizakiak azken hamarkadetan munduko leku askotan  ingurumenean eragindako transformazio larriei lotua ziurrenik, alde horretatik ere gizakiak probokatua– ala tartean zientzialariek... [+]


Literatura COVID-19 garaietan
Bada etorkizunik narrazio apokaliptikoetatik harago

Errazagoa da fikziozko lanetan munduaren inbasio alienigenak agertzea kapitalismoaren amaiera baino. Edo agian dagoeneko ez? COVID-19aren eraginez gure eguneroko bizitzak pixka bat zientzia-fikziorantz jo duenean, zilegi da galdetzea zer pasako den genero horretako... [+]


2020-08-02 | Estitxu Eizagirre
Nolako eskola behar du gaurko munduak?

COVID-19ak agerian jarri ditu hutsuneak eta ondorio nagusietakoa izan da ikasketetan ere klase sozialen arteko desberdintasuna handitu dela, etxeetako maila sozio-ekonomiko eta kulturalaren arabera ikasleek gehiago edo gutxiago eutsi ahal izan baitiote eskolako ikasketei... [+]


Emakume langileak osasun krisian
Lehen lerroan bai, aitortza errealik ez

Martxoan etxean gelditu ginen eta ikusi genuen nola batzuk bizirauteko oinarrizkoa den guztiari eusten ari ziren: zaharrak zaintzen egoitzatan eta etxe partikularretan, ospitaletan eriak artatzen, garbiketa lan sakonak egiten, farmazian herritar aztoratuak artatzen... Eta ikasi... [+]


Elikadura burujabetza Euskal Herrian
Nekazariez gain, erronka instituzio eta herritarren esku ere badago

Azken urteetan geroz eta gehiago hitz egiten da elikadura burujabetzaz, gero duin eta osasuntsu bat segurtatzeko bidean ezinbesteko osagai gisa kokatuz. Koronabirusak eragin krisi globalak are gehiago begi-bistan jarri digu zein baitezpadakoa zaigun gure elikadura beharrak... [+]


Paperak denontzat, sistematik kanpo utzi dituztenen aldarria

Pandemiak ikusgarriago egin du migratzaile askoren errealitatea: bazterkeria sozialera, lan baldintza ankerretara eta arrazakeria polizial eta instituzionalera kondenatzen ditu legeak berak, pertsona ilegaltzat dituelako. Nolatan normalizatu dugu pertsonak oinarrizko eskubiderik... [+]


Oroimenerako ibilbideak
Iraganera bost bidaia, Euskal Herritik atera gabe

Ez pentsa dena oker jarri duenik pandemia honek. Adibidez, zorte apur batekin, Euskal Herria berrezagutzeko abagunea izango duzu uda honetan, herri memoriaren bidezidorretan aspaldi galdu ziren txokoak. Disidenteen lurraldeak, lurralde ahaztuak, ahaztuen lur komunalak... hemen... [+]


Eguneraketa berriak daude