ARANTZAZUKO SANTUTEGIA
1469an Rodrigo Balzategi izeneko artzainari Ama Birjina agertu eta "Arantzan
zu?" galdera ospetsua egin zionetik denbora luzea igaro da, baina bost
mende hauetan mendi-bailara basati eta izugarriz inguratutako leku hau gero
eta pertsona gehiago erakartzen joan da.
Lehenbizi ezkutuko leku honetan baselizatxo bat besterik altxatu ez bazen ere, oñatiarrek, arrasatearren laguntzaz bertaraino galtzada bat egin zuten, eta bide berriak lagundurik bertaratzen zen jende pila ikusirik, azkenean erlijio-ordenak ere interesa jartzen hasi ziren.
Horrela, Frantziskotarrak 1541ean bertan geratu ziren, monasterio bat fundatuz, hainbat aldiz suteak suntsitu eta berreraiki behar izan zena, azken Karlistaden ostean.
Gertatu zena zera da, tenplu eta monasterioaren azken berreraikipen hau erromes-mordo berriak biltzeko txikiegia gertatu zela, eta 1951n, berriz ere erreformatu beharrean basilika berri bat egitea erabaki zen.
Fraideek jainkotegi berri, galanta eta modernoa nahi zutenez, ideia-lehiaketa bat ireki zen, ondorioz Euskal Herriko lehen tenplu moderno eta "ezberdina" suertatuz, ezagutzen ez duena harrituta utziko duena.
Hori dela-eta, bere garaian nahikoa polemikoa izan zen eta lanak behin baino gehiagotan moztu behar izan ziren. Eraikitzeko ondoko komentua eta aurreko elizaren oinarriak eta planta latindarra errespetatu ziren.
Aurrealdean bi dorre laukitu jasotzen dira, eta atzealdean altuagoa den antzeko kanpandorrea. Hirurak milaka diamante-punta itxurarekin landutako harriek estaltzen dituzte, paisaia karstikoa eta arantzaren punta zorrotzak irudikatuz.
Aurrealde biluziaren oinarrian Jorge Oteizaren apostoluak ditugu, arroketan sortzen den izotzarekin jokatuz planteatu zituen hustutako eskultura harrigarriak. Goiko Pietatea ere berak eginikoa da.
Ia lurpean dagoen arkupearen ostean Eduardo Txillidaren apropos herdoilduriko ateak ditugu, lurpeko munduan barneratzea sinbolizatzen dutenak. Barrualdean beste ezuste atsegin bat: 600 metro karratutik gora dituen erretaula nagusia, harrizkoa dirudiena baina zur polikromatuz egindakoa.
Bere erdian, artzainari agertutako Andra Mariaren tailu gotiko txikia, seguraski XIII. mendekoa baina XV.ean erreformatua eta kreta-harriz eginikoa.
Azkenik, barrua argiztatzen laguntzen duten beirategi urdinskak, eta Nestor Basterretxeak ikusgarriki apaindutako kripta azpimarratu behar ditugu, besteak beste.
Horrenbestez, santutegia euskal arte modernoaren agerpen oso nabarmena kontsidera dezakegu, kokatzen den haizpitarte miragarri eta gogorrari ederki moldatzen zaiona, arrokaren jarraipena bailitzan.
Bere historiagatik eta batez ere bere arkitektura ikusgarriarengatik Berpizkundeko perla honetatik hasiko gara.