|
||
|
Aralar berehala arrobatu eta maiteminarazten duen lurralde horietakoa da, naturaren goxotasuna ederki asko erakusten duen horietakoa. Harritsu eta menditsuagoa Gipuzkoan, inguru osoa mendean hartzen duen Txindoki gailur zorrotz eta izugarria bertako errege absolutua da. Nafar zatia berriz, arbolatsu eta landaretsuagoa, imajina dezakegun errepiderik zoragarrienak zeharkatzen du. Alboetan milaka xehetasun eder erakusten ditu bideak. Natur mirari honen zaindari edo "jabea" errepidearen goialdean, bere santutegian aurkituko dugun Nafarroako San Migel saindu maitatua da. Bestalde, ibilbide honen hasiera eta amaiera behingoz leku berean izango da, urte batzuetan Gipuzkoako hiriburu izan zen Tolosa historikoan. Horrela izateak ibilbide berean Tolosaldeko zati bat ezagutzeko aukera emango digu, eta Aralar igaro ostean, baita Goierri gipuzkoarretik itzultzeko parada ere. Gipuzkoako izaeraren bi eskualderik adierazkorrenetakoak bisitatuko ditugu. Azkenik, Erresuma Zaharrean Aralarrez gain Larraun bailara ederrean "Guadiana nafarra" deitzen dutena behatu ahal izango dugu, eta Sakanan, itsasontzi ikaragarri baten itxura duen Beriain mendia. |
Iradokizunik baduzu, akatsik topatu
baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu:
ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa) Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403 |