Guztiontzat bizitza bizigarriak lortzeko kartografia berriak behar ditugu. Bizitzaren iraunkortasunerako oinarriak kolokan daude, eta, aldaketa garaia baino, garai aldaketa da gure gorputzetan sentitzen ari garena. Sentipen honetan, galdera ez da kolapsora goazen ala ez –kolapsoa ez baita momentu jakin batean etorriko–, baizik eta, kolapsoan gauden prozesu honetan, zer egingo dugun eszenatoki kritikoenak saihesteko.
Kezka, noraeza, biolentzia, arrakalak, ezinegona, etorkizuna irudikatzeko ezintasuna... labirintoan galduta bageunde bezala gabiltza; baina, deskonposizio garai honi aurre egiteko moduak erabakitzea dagokigu datozen urteetan. Labirintotik irtetea posible dela sinetsi behar dugu, gutxi batzuek marraztutako bideak jarraitu beharrean; demokratikoagoak, bidezkoagoak eta iraunkorragoak diren gizarte-estadioetara iristen lagunduko diguten kartografiak marraztea dagokigu. Guztiontzat bizitza bizigarriak lortzeko kartografia berriak behar ditugu.
Orain arteko bidean, garapen eredu neoliberal globalizatzaileak herri eta komunitateen erabakimen mailak txikitu ditu merkatu globalen mesedetan. Gaur egun, erabakitzeko gaitasuna ez digu herritar izateak ematen, mendean kapitala izateak baizik. Horrela, "pertsona bat boto bat" dioen printzipio demokratikoa, errealitateak ukatzen du, ez baitu ezertarako balio erabaki bat hartzeak ondoren komunitate politiko horrek erabaki hori gauzatzeko gaitasunik ez badu. Gaitasun hori berreskuratzea da erronka eta helburua. Berreskuratze horretan ezinbestekoa da sistemaren erro patriarkalak moztea, erro horiek moztu ezean sistemaren erreprodukzio dinamikak eta biolentziak iraunaraziko direlako. Euskal Demokrazia Patriarkala azterketa kolektiboan adierazten den moduan, biolentzia sinbolikoak biolentzia materiala artikulatzen du, eta demokraziaz hitz egin nahi bada, emakumeen demokratizazioa aztertu beharko da. Gizabanako guztien autonomia eta, ondorioz, berdintasun soziala eta materiala sustatu nahi bada, ezinbestekoa da estatuaren, hau da, egitura publikoen bidez burututako desfamiliarizazioa eta despatriarkalizazioa erdigunean kokatzea.
Liburu, zutabe, elkarrizketa eta tertulia ugari izan ditugu azken dozena pasa hilabeteetan koronabirusaren osteko mundua nolakoa izango den aurreikusteko. Nola imajinatzen dugu planetaren etorkizuna? Eta bertako bizidunena? Eta Euskal Herriarena? Akaso, etorkizunean baino orainaldian legoke ariketa topografikoa, eta galdera kokatuagoa litzateke: zertan oinarritzen gara etorkizuneko imajinazio ariketa hori egiteko? Nolakoa da egungo kartografia? Abiapuntua ulertzea ezinbestekoa baita iparrorratz zorroztuekin etorkizun desiratuetara pausoak argitasunez ematen hasteko.
“Guztion bizitzen gaineko erabakimena berreskuratzen lagunduko diguten bideetan aurrera egitea dagokigu”
Finean, guztion bizitzen gaineko erabakimena berreskuratzen lagunduko diguten bideetan aurrera egitea dagokigu. Bidea, pertsona eta lurralde guztientzat irisgarria izan dadin, eragile anitzen arteko lan kolektiboa ezinbestekoa da, burujabetza materialak eta sinbolikoak ikuspegi sistemiko eta intertsekzionaletik lantzeko.
Ekonomia herritarron beharrak asetzeko baliabide eta zerbitzuak antolatzeko eremua da, ekonomia “jabetzak eta botereak” soilik antolatu dezakeela sinetsarazi badigute ere. Beraz, ekonomiaren kontzeptua ere birpentsatzea ezinbestekoa da, oinarrizko praktika kapitalistak, heteropatriarlak, hirizentrikoak, kapazitistak eta kolonialistak eraldatuko badira. Zer da ba ekonomia bizitza sostengatzeko sistema ez bada?
“Sindemia honetan hartzen ari diren hainbat neurri eta erabaki ekonomiko zein sozialen bidez bizipen kolektiboaren irteera baldintzatzen ari dira”
Egoera ekonomikoa konplexua da zalantzarik gabe. Baina bere osotasuna eta konplexutasuna onartuz, sindemia honetan hartzen ari diren hainbat neurri eta erabaki ekonomiko zein sozialen bidez bizipen kolektiboaren irteera baldintzatzen ari dira. Zentzu horretan, diziplina zientifiko teknikoenetatik harago, irakaspena ere bada ekonomia zientzia soziala dela gure mapan agertzea; aukera dugu mapa berridazteko eta bizitza, berdintasuna eta komunitatea oinarri dituen eredu ekonomiko baten alde egiteko.
Eta bizitza sostengatuko duen ekonomiaren bidean, ingurukoen eta bizi garen lurraren beharra dugu; interdependentzia eta ekodependentzia deitu izan zaio horri. Alegia, paradoxikoa badirudi ere, besteekin batera aritzeak ematen digu gure buruaren jabe izateko gaitasuna. Elkarrekin sortzen baititugu, gure bizitzak modu duinean garatzeko ezinbestekoak diren erakunde, prozesu eta praktika multzoak. Burujabetza beraz, ez da prozesu indibidualista bat inondik inora. Burujabetzarako bidea kolektiboa da ezinbestean, norbanakoaren ahalduntzea erdigunean jartzen bada ere.
Kontrara, gizaki buruaskiaren mitoa indartu du azken hamarkadetan pentsamendu kapitalista eta patriarkalak. Jendartearen arazoak direnak, gutako bakoitzaren arazo bihurtu ditu horrela, arlo pribatura eramanaz. Gatazken indibidualizazioa eta despolitizazioa lehen lerroan kokatu ditu. Kolektiboak diren auziak ezkutatu, eta autolaguntzako liburuen edo terapien merkantilizazioaren bidez arazo konplexu horiei erantzun diezaiokegula sinetsarazi digu. Horregatik, norbanakoaren kartografia gurutzatzen duten zapalkuntza eta krisi horiei aurre egiteko dimentsio kolektiboa azpimarratzea funtsezkoa da. Horien aurrean eman beharreko erantzuna eta eraiki beharreko kartografia berriak ere kolektiboki antolatzeko.
“Supermerkatuetako apaletan gero eta produktu ekologiko gehiago... Ez da nahikoa seinaleei izena aldatzea, bidez aldatzea dagokigu”
Baina, galdera bat datorkigu: Kolektiboki bai, baina norekin? Azken urteetan neoliberalismoa feminismoak, gai sozialek edota ekologiak duten erreferentzialtasunaz baliatu da, masak nabarmen erakartzen dituzten ilusio optiko emantzipatzaileak sortzeko. Supermerkatuetako apaletan produktu ekologiko inportatu gero eta gehiago, kolore morez jantzitako ontziki zein iragarkiak edonon, multinazionalen erantzukizun sozialeko programak eta fundazioak aldaketa klimatikoko gailurrak patrozinatzen... Betiko bidean jarraitzen dute ordea, kapitalaren metaketan, seinaleei izenak aldatu badizkiote ere. Bestelako helmugetara iritsiko bagara, ez da nahikoa seinaleei izena aldatzea, bidez aldatzea dagokigu. Beraz, norekin? Desazkundea, ekonomia feminista, komunetan oinarritutako ekonomiak eta konpromiso ekosozialaren eta boterearen banaketa euren bide-ardatz egiten eta egin nahi dituztenekin. Dena den, kartografia hori marrazteak zintzotasun handia eskatzen du nahitaez; emakumeen* eta hainbat lurraldeen aurkako egiturazko bortizkeria gainditu nahi bada, ditugun pribilegioak kuestionatu, dauden alborapenez jabetu, eta banaketa justuaren zein ongizate kolektiboaren kulturan sakondu behar dugu, guztion abiapuntua ez delako bera.
“Ebakipuntuak topatzea ezinbestekoa dugu. Bakoitzak bere borroketan partzializatuz eta kontzienteki osotasunaren lanketa egin ezean, dauden arazo estrukturalak abordatu ezinak bihurtzen dira”
Ikuspegi kolektiboak ikuspegi sistemikoa dakar berarekin, ulertuz osotasuna zati batzuen batura baino gehiago dela. Bizitzaren geroz eta esparru gehiago merkatuaren eremura igaro dira eta gehiago igaro daitezen nahi dute. Zaintza, etxebizitza, elikadura, energia, teknologia, aisia... merkatuaren eremuan kokatu dituzte, eta, horiekin guztiekin negozioa egiteko, ingurumena zein pertsonak baliabide soil gisa definitu gaituzte. Beraz, burujabetzen arlo bakoitzeko (zaintza, lanaren burujabetza, elikadura burujabetza, energia burujabetza, teknologia burujabetza,…) kartografia praktikoetan lanean gabiltzanok bidegurutze-ebakipuntuak topatzea ezinbestekoa dugu. Izan ere, bakoitzak bere borroketan partzializatuz eta kontzienteki osotasunaren lanketa egin ezean, dauden arazo estruktural sakonak mistifikatu eta abordatu ezinak bihurtzen dira.
Begirada ez-dualak beharrezko ditugu horretarako. Ulertu behar dugu, helmuga berera iristeko bide ezberdinak egon daitezkeen bezala, bidegurutzeak ez direla bi bidetara mugatzen. Bide-zidor ugari daudela bidegurutzean eta bide zidorren konplexutasuna kontuan hartuz marraztu beharko ditugu etorkizun bizigarrietarako kartografiak. Irudikatzeko gai gara? Mapek, zuri edo beltzak diren irudi dualak baino, kolore askotariko bidegurutze konplexuagoak dituztelako.
“Ustezko demokrazia globalaren garaiotan, burujabetzen aldeko estrategian demokrazia lokalak aldarrikatu eta eraiki behar dira. Lurraldean sortzen baitira harremanak, prozesuak, erakundeak...”
Burujabetzen aldeko jarduna, dimentsio teorikotik harago praktikatik egin behar da. Mapak marraztuta ere, bidea ibilian egiten delako. Eta praktikak ezinbestean lurraldean jardutera eta lurraldetik pentsatzera garamatza, kartografiak lurraldeko errealitatearen gainean marrazten ditugulako. Izan ere, ustezko demokrazia globalaren garaiotan, burujabetzen aldeko estrategian demokrazia lokalak aldarrikatu eta eraiki behar dira. Lurraldean sortzen baitira harremanak, prozesuak, erakundeak, instituzioak, kooperatibak...
Egungo mapan, arloz arlo praktika-hito eraldatzaile asko ezagutzen ditugu Euskal Herrian: zaintza demokratizatzeko lan mardulak, energia kooperatibak, elikadura burujabetza sustatzeko elkarte eta ekimen ugari, kolektiboki eta auzolanean sortutako kultur ekimenak, tresna digital libre eta zainduagoak... Baina, eragin kolektiboak eskala apaletik harago joatea nahi badugu, banakako kooperatiba, instituzio, erakunde, prozesu eta harreman isolatuetatik, askoz eraginkorragoa izango den harreman saretuagoak eta agenda komuna duten eragileen arteko konpromisoa jorratzea lehenetsi beharko ditugu. Interkooperazioa eta elkarrekintza; gobernantza modu argian definituz eta gauzatuz; bakoitzaren barne begiradak gainditu eta espazio komunak landuz.
Adi! Kartografia berriak marrazki iraunkorra izan dezan hitz batzuen esanahia errebisatzea beharrezkoa da: parte-hartzea, lankidetza, iraunkortasuna, aliantzak, komunikazioa, maila anitzen arteko koordinazioa, epe luzeko konpromisoa edota rol zein botere harremanak, adibidez. Oso mapa ezberdinetan agertzen dira kontzeptu berak, kontzeptuen kooptazioa dela diote. Kartografia berrietan borroka lurraldea ere badira hitzak eta haien esanahia eta defentsa; praktikatik idatzi beharrekoak.
Eta, tokiko garapen eraldatzaileko estrategiak praktikatik eraikitzean, bi galderei, behintzat, erantzutea komeni: Gure lurraldeak duin bizi ahal izateko, zer sortu behar du? Eta, zer hori, nola sortu behar du? (zer hori ukiezina izan daiteke, noski!). Muga biofisikoak, besteak beste, kontuan hartu behar ditugu nola sortuko ditugun erabakitzeko; zer sortu erantzuteak gure bizitzako beharrak zein diren erantzutea eskatzen du, eta hau ez da hain erraza egungo abiapuntutik.
Kontziente gara eskala jauzian daukagun erronkaz, eta prozesu eta trantsizioaren logikan eraikitzea ezinbestekoa dela. Esan bezala, Euskal Herrian geroz eta eskualde gehiagotan sortzen ari dira trantsizio esperientzia, sare edota prozesu eraldatzaileak. Datozen urteetan, bestelako erliebeak eta paisaiak izatekotan, horiek indartu eta kontsolidatu eta elkarren arteko harremanak sortu eta sendotzea izango da eskala jauziaren muina.
“Azken urteetan burujabetzen aldeko diskurtso eta praktikak ugaritzen ari badira ere, askotan ikuspegi sektorialera mugatzeko joera dugu. Burujabetzen ikuspegi sektorialetik ekosistemikora trantsizioak egin behar ditugu”
Bestalde, kartografia egiterakoan "Lurraldea" dimentsioak neurria hartzen laguntzen badigu, burujabetzen ikuspegi sektoriala gainditzeko aukerak irekitzen dira. Horrela, burujabetzen arteko intersekzioak bilatuz eta landuz, lehen, bigarren, hirugarren… sektoreen merkatuaren hizkuntza gainditzea posible litzateke. Izan ere, azken urteetan burujabetzen aldeko diskurtso eta praktikak ugaritzen ari badira ere, askotan ikuspegi sektorialera mugatzeko joera nabarmena dugu. Burujabetzen ikuspegi sektorialetik ekosistemikora trantsizioak egin behar ditugu, burujabetzak, espazioaren, harremanen eta sortzen ditugun baliabideen arteko gurutzaketetan ulertuz. Izan ere, gaitasunak eta erabakimenak gurutzatu egiten dira eta horrek pentsamendu zein begirada konplexuak lantzera eraman behar gaitu, logika ekosistemikoak planteatzen dituen sinbiosiak bilatuz.
Amaitzeko hiru osagai azpimarratuko ditugu burujabetzen kartografia kolektiboki marrazteko: lehenengoa, bizitzaren iraunkortasuna garatuko duen ekonomia burujabearekin lerrokatutako hezkuntzaren berrikuntza (egun ekintzailetza ez delako kokatzen lurraldearentzat behar beharrezkoak diren jarduera adar horietan, ezta ikuspegi kolektiboan ere); bigarrena, burujabetzen eraikuntza ahalbidetuko duen legedi-marko burujabe bat (burujabetzen eraikuntzak berak, marko horren beharra bizkortuko du); eta, hirugarrena, etorkizun bizigarriagoak eraikitzea posible dela indartzen gaituen sinesmen kolektiboa, bizitzaren iraunkortasuna bermatu dezaketen paradigmek gure bizitzetan izan ditzaketen inpaktu positiboetan sinestea.
Gizarte osoaren erantzukizuna da sistema bidezkoak eraikitzea, eta, horretarako, bizitzaren iraunkortasunerako burujabetzaren kartografiak apustu egiten du erdigunean pertsonen zein planetaren bizitza desmerkantilizatuak eta despatriarkalizatuak jartzearen alde. Finean, hainbat eskalatako eta hainbat eragin-eremutako ekintzak beharrezkoak dira, kartografia ahal den eta osatuena egiteko. Pausoa eman behar da hurrengo pausoa emateko.
* Artikulu hau ARGIAren Aktualitatearen Gakoak aldizkarian argitaratu da. ARGIA Jendeak etxean jasoko du Gakoak. Gainerakoek, Azokan eros dezakezue.
Pandemiak agerian utzi ditu, bere gordintasun osoan, zaharren, haurren eta dependentzia egoeran dauden herritarren arreta-eredu neoliberalaren ondorioak. Konfinamendu garaian loratutako diskurtso kritiko eta alternatiba komunitarioak sendotzeko unea da orain.
Euskal Herrian elikadura eta ekoizpena begirada eraldatzaile batetik lantzen ari diren proiektu ugari ditugu, eta sare anitz bezain sendoa osatzen dute. Aberastasun horren isla diren hiru proiekturengana jo dugu, ustezko utopia hori praktikara eramateko bilatu dituzten bideak... [+]
Guztiontzat bizitza bizigarriak lortzeko kartografia berriak behar ditugu. Bizitzaren iraunkortasunerako oinarriak kolokan daude, eta, aldaketa garaia baino, garai aldaketa da gure gorputzetan sentitzen ari garena. Sentipen honetan, galdera ez da kolapsora goazen ala ez... [+]
Bi fenomeno handi ari dira ematen, besteak beste, bizi dugun energia trantsizioaren bueltan: batetik, energia berriztagarrien bigarren leherketa –ARGIAren 2.731 zenbakian landu genuen– eta, bestetik, energia komunitateen sorrera eta garapena. Bietan ere enpresa... [+]
Orain guztiok nahi dugu herrian energia komunitate bat. Europak zabaldu du zirrikitua; diru publikoa enpresa pribatuetara azkar bideratzeko formula berritzaileak sustatu dituzte Next diru-laguntzek; eta praktika kutsakorrak dituzten ingeniaritza eta energia enpresa handiek... [+]
Hernanin energia komunitatea sortzeko prozesua lantzen ari dira. Diseinu fasetik bertatik parte-hartu dute kooperatiba osatuko duten eragile anitzek: herritarrak, elkarteak, enpresak eta udala. Energia komunitatearen oinarriak jarrita eta lehen proiektua definituta, udazkenean... [+]
Bizitzeko dugun lehengai baliotsuena da ura, eta Euskal Herri lanbrotsu honetan inoiz bere faltarik ez dugula uste arren, gure erreka, urtegi eta urmaelen trataera desegokiak edo kudeaketa interesatuek eragin dezakete kanilatik tantarik ez ukaitea etorkizun batean. Uraren... [+]
Jarraian ARGIAko erredakzioko kideok gomendatzen dizkizugun zenbait ikus-entzunezko. Beste artikulu honetan beste horrenbeste liburu ere gomendatu ditugu.
Jarraian ARGIAko erredakzioko kideok gomendatzen dizkizugun zenbait liburu. Beste artikulu honetan beste horrenbeste ikus-entzunezko ere gomendatu ditugu.
Mundu digitalean enpresa batzuekiko sortu dugun menpekotasunak dimentsio izugarria hartu du: sare sozial nagusiak, mezuak elkartrukatzeko zerbitzuak, telefono mugikorrean dauzkagun tresna gehienak... Dependentzia horrek, noski, ondorio politikoak dauzka: zentsura, kontrola,... [+]
Onaro.eus webgunean sartu eta lehen begiratuan Internet eta telefonia zerbitzuak eskaintzen dituen enpresa batekin topo egin duzula pentsatuko duzu. Gero harrituko zaitu informazio guztia oso sinple eta zuzen erakutsita egoetak, apaingarri eta hitz panpoxik gabe. Prezioak... [+]
Burujabetza eta etxebizitza. Horratx bi termino, hemen eta orain, kasik antagonikotzat jo daitezkeenak. Etxebizitzak, babesleku eta atsedengune izatearekin batera, elkar zaintzarako eta norbere bizi proiektua aurrera eramateko espazio behar lukeenak berez, merkantzia forma... [+]