Mikel Aramendi, analista politikoa
Sinesmenak probabilitatearekin duen lotura zuzena adierazteko tomistek erabiltzen zuten istorioa, Akinoko Tomas eta idi hegalariarena, erabat ahantzita jaulkiko zuen Erkorekak bere zerri hegalariaren ateraldia kanpainaren erdian. Pena da hain aurrekari bertsua gogoan ez izana, berehala ohartu behar zuelako bestela Patxi Lopezek lehendakari izateko zituen aukeren ugaritasunaz. Hautestontzietan erdipurdiko emaitza erdietsi arren, posible ez ezik probablea ere izaten jarraitzen duen hipotesi horretaz, alegia. Batez ere protagonista nagusiak, nola PSEkoak hala Madrilgo PSOEkoak, ez badira, Erkoreraren moduan, sinesmenen mugez argiro ohartzen.
Aspaldiko esapidea baita dromedarioak, publizista batek itxuratutako zakurrak izan daitezkeela. Arazoa, noski, halakoen gainean basamortuak zeharkatzen hasitakoan nabarmenduko da bere laztasun osoan. Eta Ibarretxek askotan errepikatzen duena, norberak sinesten ez duena predikatzen aritzea alferrikakoa dela politikan, egia bada ere alde batetik, badu horrek bere ifrentzua: nork bere propagandarako asmatutako zakur mozorrotuen gainean basamortuak zeharkatzeari ekitea baino hutsegite larriagorik nekez egin daiteke politikan.
Martxoaren 1eko hauteskundeen emaitza deabrutu bezain esperagarrien (haien prestaketarako nolako bidegabekeria egin den ikusi besterik ez dago) inguruko lehen hausnarketetan ere, nork bere propaganda soilik aintzakotzat hartuz egindako gogoeta gehiegi aurkitzen dira. Eta nahiko surrealistak ere badira, batzuetan: garaipenik gabeko garaileak, bipartidismoaren gailentzeaz pozten diren aukera gero eta txikiagoak, suizidio politikoa suposa dezaketen akordioen irrikaz daudela diruditenak… Aluzinagarri indartsua da nonbait botere politikoa.
Bitartean, antsietate atakearen atarian egon behar dute gure enpresaburuek: botere politiko sasoitsu baten soka behar/espero zutenean, korapilo ederra oparitu die gure herriak.
Ez dago erantzunik.
© 2009 ARGIA.com